URTEKARIA: EKONOMIA

Sunsundegui, larri

Volvok bertan behera utzi du Altsasuko enpresarekin zuen kontratua, eta azaroan hartzekodunen konkurtsoa deklaratu du. Landabenen, kezka sortu dute VWek Alemanian iragarritako milaka kaleratzeek. BSHk Ezkirozko lantokia itxiko du; 660 langile, arriskuan.

(ID_14467047) (Sunsundeguiko langile batzordeak deitutako elkarretaratzea, Nafarroako Parlamentuaren aurrean. IÑIGO URIZ / FOKU
Sunsundeguiko langile batzordeak deitutako elkarretaratzea, azaroaren 27an, Nafarroako Parlamentuaren aurrean. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2024ko abenduaren 22a
05:00
Entzun

Urteko lehen bederatzi hilabeteetan, Nafarroako 33 enpresak jo dute merkataritza auzitegietara hartzekodunen konkurtso eske. Urteko azken hiru hilabeteetako datuak iritsi zain, izen bat nabarmentzen da guztien artean: Sunsundegui autobus ekoizlea. Irailean konkurtso aurreko egoera deklaratu zuen, eta, prozedura horrek eskatzen duen hiru hilabeteko epea bukatu aurretik, azaroaren 5ean, auzitegira jo zuen konkurtso eske, 48,8 milioi euroko zorrari aurre egin ezinda.

Sunsundeguiren laurehun langileek eta Sakanako eskualdeak itxaropenerako zirrikitu soil bat dute: egoera onbideratuko duen inbertitzaile batek enpresaren lema hartzea. Hainbatek bisitatu dituzte Altsasuko instalazioak, baina, oraingoz, inork ez du behin betiko pausorik eman.

Urte beltza izan da Sunsundeguirentzat, nahiz eta baikor hasi zuen urtea. Iazko udazkenean, Volvo Suediako taldeak bere gama handiko autobusak egiteko kontratua izenpetu zuen. Horrek ziurtatzen zuen lanaren gerizpean, produkzio ahalmena eta enplegua bikoiztea espero zuen enpresak. Kontratazioa handitu egin bazen ere, zailtasunak izan ditu produktibitatea handitzeko, eta arazo horiek begi bistako egin ziren uztailean Volvok kontratu hura eten zuenean.

Baina aurretik ere ageri ziren seinale batzuk gauzak ez zeudela guztiz ondo. Sodena sozietate publikoak Nafarroako Parlamentuan eman behar izan zuen baimena hamar milioi euro mailegatu ziezazkion: iazko abenduan lau milioi lehenik, eta gero, apirilean, beste seiak. Azken laguntza horren truke, behartu egin zuten zuzendaritzak enpresa uztea. Haren ordez, administrazio kontseilu berria izendatu zen. Langile batzordeko gehiengoak zuzendaritza ohiari leporatu dio egungo egoeraren erantzukizuna.

Beranduegi izan zen ordurako. Izan ere, kontseilu berriari ezinezko izan zaio egoera bideratzea. Volvok bere kontratua bertan behera utzi izanak ez du lagundu. Abuzturako, produkzioa handitzea lortu zuen arren, errentagarri izateko egunean bi autobus ekoizteko helburura ez zen ailegatu, eta, oporretatik itzulita, arazoak pilatu egin ziren. Hilabeteak zeramatzan eguneroko ordainketei aurre egin ezinda, eta horrek, aldi berean, lana eta diru sarrerak handitzea eragozten zion konpainiari. Hala, irailerako, langileei soldatarik ez zien ordaindu, eta enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientean sartu ziren.

Egoera «oso konplikatua»

Irailaren erdialdera ohartarazi zuen Mikel Irujo Industria kontseilariak egoera «oso konplikatua» zela. Administrazio kontseiluak hartzekodunekin negoziatu zuen zor zizkien hamar milioi euroen zati txiki bat itzultzea oraingoz, baina ez ziren ados jarri. Bidean, Sunsundeguirentzat karrozeriako egitura metalikoak ekoizten dituen enpresa batek, Etxarri Aranazko Azkenga enpresak, 38 langile kaleratu zituen. Langileei soldata itzuli badie ere, azaroan hartzekodunen konkurtsora jo zuen Sunsundeguik, azkenik.

Haren zor eta egiturazko arazoak bere gain har ditzakeen inbertitzaile batek soilik salba dezake egoera. Irujok aurreratu du «hamar aukera baino gehiago» aztertu dituztela, eta «azkenera arte» saiatuko direla. Langileek konpainiarentzat etorkizuna bermatuko duen industria plan bat aldarrikatu dute hala Altsasuko kaleetan nola Iruñean, Nafarroako Parlamentuaren aurrean. 

BSHren iragarpena

Ez da arazoak dituen enpresa bakarra. Asteon baieztatu da BSHk Ezkirozko lantokia itxiko duela. Langileek etorkizuna beltz ikusten zuten, eta bete egin dira aurreikuspen txarrenak. Arduradunen nahia da prozesua sei hilabeteren buruan gauzatzea. Fabrikak ekainaren 16an etengo du jarduera, eta hortik aurrera, hilabeteko epean, langileak kaleratzeko baldintzak negoziatuko dituzte.

Guztira 660 langile aritzen dira lanean. Martxoan egoera konpontzeko plan bat eskatu zuten, BSHren Poloniako eta Turkiako fabrikek Nafarroakoari lana kentzen ziotela argudiatuta. Alderdiekin eta Nafarroako Gobernuarekin bildu ziren, eta ekainean parlamentuan ere izan ziren. Sei hilabete geroago susmo txar horiek bete dira.

Gainera, Antolin taldeak iragarri du urtarriletik aurrera itxi egingo duela Arazurin duen lantokia. Volkswagen taldearentzat estalkiak eta leiho jasogailuak egiten ditu, eta Alemaniako talde horrek jakinarazi dio ez duela kontratua berrituko. Hala, Burgosen (Espainia) egoitza duen enpresa horrek erabaki du Nafarroako jarduera etetea eta gaur egun bertan lan egiten duten 108 langileak kaleratzea. UGT eta USO sindikatuekin hitzartu ditu enpresa uzteko baldintzak: lan egindako urteko 45 laneguneko kalte ordaina jasoko dute langileek. Hamar langiletik sei emakumeak dira.

Agur Poloari

Landabenen, Nafarroako Volkswagenek ibilgailu elektrikoak ekoitzi ahal izateko obrei ekin die aurten. Bi urte inguru iraungo duen prozesuaren hastapenetan, Polo ibilgailuak egiteari utzi zioten udan. VWek Seaten fabrika erosi zuenetik, Iruñean ekoitzi dute modelo hori —urte askoan, esklusiboki—, eta haren agurra sinbolikoa izan da, iraganean Landabenek izandako bilakaeraren berme izan baita. 

Etorkizunera begirako bide horretan, aurten jakin da Iruñerrian ekoitziko diren modelo elektrikoetako bat Skoda Epiq izango dela. Elektrifikazioranzko trantsizio prozesu horretan errekuntza motordun ibilgailuak egiten jarraituko du, merkatuaren erantzunari begira baitago VW. Hain zuzen, Europako beste ekoizleen aldean beranduago hasi du trantsizioa, eta, autogintzaren gaur egungo aldaketa garai honetan, abantaila galdu du. Haren auto eskariek behera egin dute, eta auto elektrikoen esparruan Txinako enpresen lehiari egin behar dio aurre.

Azken Poloa, Landabenen. VW / NAFARROAKO HITZA
Azken Poloa, Landabenen, joan den ekainean. VW / NAFARROAKO HITZA

Hala, kostuak murriztu nahirik, Alemanian hiru fabrika itxi eta milaka langile kaleratuko dituela iragarri du. Iruñean, zuzendaritzak jakinarazi du ez diela eurei eragingo: «Gu konponbidearen parte gara», esan du. Dena den, ekoizpen elektrikorako ehunka milioi inbertitzeko asmoa du multinazionalak, eta konpromiso horri eragingo ote dion beldur da langile batzordea.

Irujo kontseilariak gogora ekarri du Nafarroan 1.500 milioi eurotik gora daudela konprometituta autogintzaren elektrifikaziorako. «Nafarroako industriak apustu hori egin du», ziurtatu du. Horien artean nagusietako bat da Noainen Hyundai Mobisek egingo duen fabrika, bateriak muntatzekoa (200 milioi), eta Gestampek herri horretan bertan altxatuko duen proiektua, ibilgailuen estanpaziorakoa (57 milioi).

%2,2

 

Zenbatekoa den Nafarroako BPGa. Aurten, Nafarroan jarduera ekonomikoa uste baino hobeto joan da. Urteak aurrera egin ahala, hazkunde ekonomikoaren datuak hobetu ditu Nafarroako Gobernuak. Hala, azken hiruhilekoko emaitzen zain, %2,2ko hazkundea espero du. Barne kontsumoaren bilakaerak eta industriak eragin dute igoera hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.