«Itxaropenezko etorkizuna du Sunsundeguik». Ez zaio arrazoirik falta Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko kontseilariari. Volvo Suediako multinazionalaren bi autobus modeloren karrozeriak egiteko kontratua izenpetu berri du Altsasuko autobus ekoizleak, eta, horri esker, lau urteren buruan enplegua eta salmentak bikoiztea espero da. Alta, perspektiba distiratsu horri ez zaio falta bere alde iluna. Oraindik ez da enpresa errentagarria, eta, Sodena sozietate publikoaren sostengu publikoa izan ezean, ez luke aurrera egiterik. Are: hartzekodunen konkurtsora deitu beharko luke.
Kontraesan hori agerian geratu zen Nafarroako Parlamentuan, abenduaren 21ean. Sodena sozietate publikoak beste lau milioi euroko mailegua emateko baimena eman behar zuen legebiltzarrak. Legez, Sodenak ezin dio proiektu jakin bati maileguan eman bere gain hartutako arriskuaren %5 baino gehiago, eta mailegu horrek, hain justu, muga hori gainditzen zuen. Izan ere, aurretik 3,4 milioi euroko mailegua jaso zuen —2028an amaituko da—. Gainera, Cofides Espainiako sozietateak beste 8,9 milioi eurorekin finantzatu du, eta, COVID-19ko laguntza planekin eta bermeekin erlazionatuta, bankuek beste zortzi milioi euro mailegatu dizkiote.
52Laguntza publikoa. Sodena arrisku kapitaleko sozietate publikoak 39 milioi euroko ekarpena egin dio, eta Espainiako Estatuak Cofides sozietatearen bitartez beste bederatzi milioi euro jarri ditu: 48 milioi euro, guztira. Berriki, Sodenak baimendutako beste lau milioi euroak gehituz gero, 52 milioi.
Finantzaketa horrek guztiak adierazten du Sunsundeguik garai zailak izan dituela. Iragan hamarkada hasieran, krisi betean, desagertzeko zorian izan zen. Sakanarentzat zein Nafarroarentzat enpresa estrategikoa izaki, Sodenak sostengu ekonomikoa eman zion. 2013an, zuzendaritza taldea egin zen akzioen %51ren jabe, eta orduko langileek beste %49a erosi zuten. Laguntza publikoari esker, lantokia eraldatzeko inbertsioak egin zituen enpresak duela bost urte. Alta, beste enpresa askori bezala, pandemiak bete-betean eragin zion, eta eskaria %71 jaitsi zen garai zail horretan.
Testuinguru konplexu horretan, etorri da Volvoren kontratua. Poloniako fabrika batean goi gamako autobusen karrozeriak egiteari utziko dio, eta Altsasuko fabrikak hartuko du lan hori. Iragan urriaren 12an sinatu zen kontratua. Produkzio ahalmena bikoiztu nahi dute, eta 2028rako zortziehun autobus egin urtean. Horretarako, laurehun langile gehiago kontratatu nahi dituzte —egun, 450 langile inguru dituzte, eta azken urtean berrehun inguru kontratatu dituzte—.
Pilota, enpresaren gain
«Orain, enpresaren teilatu gainean dago pilota», esan du Gaizka Uharte LABeko Sakanako arduradunak. Volvoren kontratuak eta plan estrategikoak ziurtasuna eman dio, baina orain erronka izango du fabrika produktiboago egitea. Horretarako antolamendua aldatu egin behar dela deritzo Huartek, «produktua errentagarri egiteko». Nahiz eta azken bost urteetan lantokia modernizatzeko inbertsioak egin diren, ekoizpen ahalmena eta automatizazioa ez dira hobetu. Enpresak oraindik ere galerak ditu, eta balantzea desorekatuta dago. Ondorioz, funtsezkoa zaio moldaketa prozesu baliatzea egungo egoera iraultzeko.
«Historikoki, enpresa honek zailtasunak izan ditu gero eta lan karga handiago izanda produktua errentagarri egiteko».
GAIZKA UHARTE LABeko Sakanako arduraduna
Iragana aintzat hartuz gero, ez da erronka makala: «Historikoki, enpresa honek zailtasunak izan ditu gero eta lan karga handiago izanda produktua errentagarri egiteko», nabarmendu du Huartek. Ondorioz, enpresak perspektiba onak baditu ere, «eszeptizismoz» ikusten du zuzendaritza gai izango ote den moldaketa egiteko. Nafarroako Gobernuak Sodenaren bitartez enpresaren alde egin duenez, LABek eskatu dio kontrolatzeko prozesu guztia eta ziurtatzeko orain arteko esfortzu guztia baliatzen dela antolamendua hobetzeko.
Parlamentuan adierazi zutenez, hemendik aurrera administrazio kontseiluaren egitura aldatuko da. Zuzendaritzaz gain, Sodenak, industria arloko kontseilari independenteek eta langileek ordezkaritza bat izango dute. Iraganeko gabeziak konpontzeko gai bada, jauzi handia egin eta Sakanari bultzada handia emateko gertu egongo da Sunsundegui.