Iruñeko Planetarioan piztutako suaren keak hartu zuen hiribiruko zerua hilaren 14an. Sutea 07:00ak aldera hasi zen; herritar batek eman zuen abisua, kupulatik kea ateratzen zela ikusi zuenean. Planetarioan zazpi pertsona aritzen dira lanean, baina ordu hartan eraikina hutsik zen, eta, ondorioz, inor ez zen zauritu. Suak, baina, kalte material larriak eragin ditu planetarioan, erabat txikitu baititu kupula eta areto nagusia. Nafarroako Gobernuko Kultura kontseilari Rebeca Esnaolak garbi erran du kupula berreginen dutela, baina «goiz» dela epeak zehazteko, suak eraikinaren egituran eragindako kalteak aztertzen ari baitira; erantsi du Nafarroako Gobernuak aukera baliatu nahi duela planetarioaren proiektua «biziberritzeko».
Joan den udazkenetik, NICDO enpresa publikoak kudeatzen du Iruñeko Planetarioa; urrira arte, hain zuzen, eta proiektua martxan jarri zutenetik, Javier Armentia izan da planetarioko zuzendaria. Hedabideen bidez jaso zuen joan den asteko suaren berri, hasi bezain pronto; 08:00etarako eraikinaren aurrean zegoen, sugarrei so. «Kolpea» hartu duela erran du, eta «gogorra» izan dela kupula kiskaltzen ikustea, baina gaineratu du Esnaolaren adierazpenek «baikor» izateko bidea eman diotela. Garbi du, dena den, planetarioa moldatzeko prozesua «luzea» izanen dela.
Planetarioaren proiektua ez da hil, eta Nafarroako Gobernuak azaldu du izanen dutela aukera kiskalitako eraikinean egiten zituzten hainbat jarduera bertze toki batzuetara mugitzeko; bertzeak bertze, Nafarroako Liburutegira. Planetarioak, baina, bere «muina» galdu du: proiekzioak egiteko areto nagusia eta haren gaineko kupula. «Hori ezin da konpondu bertze toki batera mugituz; han, eguna gau bilakatu, eta zeruko izarrak gure gainera ekartzen genituen», erran du Armentiak.
Sutearekin «aro bat» bukatu dela nabarmendu du planetarioko zuzendari ohiak; izan ere, Iruñean erretako proiektorea duela ehun urte hasitako bide baten azken urratsa izan zen. Alemaniako Zeiss etxeko langileek ekarri zuten, planetarioa martxan jarri zutenean. Gisa berekoa zen Alemanian duela ehun urte zabaldutako munduko lehen planetariokoa, Munich hirian, bai eta Rochester hirikoa ere, New Yorken (AEB); hura 1968an jarri zuten abian. «Munduko planetario nagusiek gurearen gisako proiektore bat zuten; gurea izan zen jartzen azkena. Alemaniatik etorri ziren langileek The Old Lady erraten zioten, dama zaharra», kontatu du Armentiak. Gerora, teknologiak aurrera egin ahala, planetario anitzetako proiektore optikoak bazter utzi eta digitalak jartzen hasi ziren. «Iruñean ere bagenuen proiektore digital on bat, baina optikoak martxan segitzen zuen, eta proiektore optiko horrek bilakatzen gintuen berezi».
Kultura zientifikoa
Iruñeko Planetarioa 1993ko azaroaren 26an inauguratu zuten. Zentro horretako kideak «kultura zientifikoa» sustatzen aritu dira, hiru hamarkadaz. Izarren Eskolaren bidez, herrialdeko eta inguruko hamaika eskolatako haurrak hartu dituzte, eta, gainera, jardunaldiak, erakusketak, tailerrak, kontzertuak, zinema emanaldiak eta bertze hartu eta antolatu dituzte. «Zientziak hitz egiten digu gure historiaz, ingurumenaz, osasunaz, gure kezkez eta egiazko informazioa behar duen egungo gizarteaz. Planetarioa auzi horiei guztiei heltzeko toki bat izan da», azaldu du Javier Armentiak.
«Munduko planetario nagusiek gurearen gisako proiektore bat zuten; gurea izan zen jartzen azkena. Alemaniatik etorri ziren langileek 'The Old Lady' erraten zioten, dama zaharra»
JAVIER ARMENTIAIruñeko Planetarioko zuzendari ohia
Urrian, Iruñeko Planetarioak etapa berri bati ekin zion: Armentiak zuzendaritza utzi zuen, NICDOk kudeaketaren ardura bere esku hartu eta gero. NICDO enpresa publiko bat da, eta Nafarroako Gobernuaren kultura, kirola eta aisialdi gaiak lantzen ditu. NICDOren eskutik, planetarioa eraikina «biziberritzeko» prozesu batean murgildu da azken hilabeteotan; sutearen ondorioz, zentroak ateak itxi ditu, baina Kultura Departamentuko arduradunek garbi utzi dute eraikina moldatzeko prozesu hori «azkartzen» ahaleginduko direla: «Iruñeko Planetarioa proiektu eraldatzaile bilakatu nahi dugu, bere ingurua dinamizatzen lagun dezan. Zientzia zabaltzea izanen da haren jardueraren oinarria, eta aurrerantzean ere bai, bertze hainbat diziplinatako jarduerekin batera», iragarri du Rebeca Esnaola kontseilariak.
Planetarioa berritzeko eta ateak berriz irekitzeko eperik ez du zehaztu gobernuko kideak. Suak eragindako kalteak aztertzen eta zenbatzen aritu dira adituak azken egunotan; uste dute elektrizitate sistemaren huts batek eragin zuela sua. «Lan handia bada egiteko», berretsi du Esnaolak. Armentiak lan hori egiteko konpromisoa eskatu dio Nafarroako Gobernuari.