Olatz Azpirotz Larzabal.
IRITZIA

Shall Be

2024ko urriaren 25a
05:00
Entzun

Orain dela urte batzuk, bospasei urte zehazki, Katakrak argitaletxeak argitaraturiko Navarrismo Pop (2017) liburua erosi nuen. Buruan aspalditik nuen, eta behin mesanotxean lekua nuela, bertara joan nintzen eta zalantzarik egin gabe erosi nuen. Egileak, Ricardo Feliuk, liburuan landutako tesia ezaguna nuen; are gehiago, bertan landutako gaia zirraragarria dela iruditu zitzaidan; izan ere, liburuak aurretik inguruan entzundako eta transmititutako hainbat ideia zein iritzi deuseztatuko zizkidala eta irakurlearengan deserosotasuna sor zezakeela aurreikusi nuen.

Liburuaren hasieran, argitaletxearen oharrari sarrera ematen, William Shakespeareren honako aipua ageri da: Navarre shall be the wonder of the world (1595). Hau da, Nafarroa munduko miraria izango da. Momentuan aipuak harri eta zur utzi ninduen, alde batetik, antzerkigileak eta olerkariak Nafarroa ezagutu zuela guztiz ezezaguna nuelako, eta, bestetik, zergatik ez, bera bezalako figura batek gure lurtxoa aipatu zuelako.

Distantzia neurtzeko hainbat modu ezberdin daude, baina, kasu honetan, denbora eta espazioarena dut egokien; izan ere, liburua irakurri ostean, eta, batez ere, urteen joanarekin eta gertakariekin batera, behin harridura sortu zidan aipuak, gaur egun, irriñoa, atsekabea eta, kontrara, antsikabetasuna sortzen dit.

Nafarroa munduko miraria izango da. Ez, Nafarroa ez da munduko miraria izango, miraririk baldin badago eta inoiz miraria izateko beharrezkoak diren ezaugarriak izan baditu. Nafarroa ez da salbuespena; Nafarroa, beste lekuekin batera, mahai-joko tradizionaletan zeharkatu behar den ibilbideko kutxatila da. Bada, sistemaren barruan dauden gainerako herrialdeak nahiz herriak bezalakoa da geure lurra, hein batean edo bestean munduak bizkarra ematen dion beste herri bat, alegia.

Aurreko astean Opuseko Nafarroako Unibertsitatean jazotako irain homofoboen harira, Nafarroako Gobernuko lehendakariak gertakaria gaitzeste aldera, «Nafarroa ez da horrelakoa» esaldia zabaldu zuen bere kontu pertsonalean, eta, ondorioz, automatikoki egun horretan entzundakoek unean uneko gertakarien izaera hartu zuten.

Dena dela, errealitatea ez da hori; izan ere, aurtengo berrien artean homofobiari loturiko erasoen berriak erraz asko aurkitu daitezke, batzuk aipatzearren: apirilaren 6an, Iruñean, bi pertsona atxilotu zituzten «heriotza maritxuentzat» oihukatu eta pertsona bat bere sexu-orientazioagatik jipoitzeagatik; maiatzaren 15ean, 2023ko ekainean gazte bat bere sexu-orientazioagatik sastakatu zuen gizonari bost urteko espetxe zigorra ezarri zioten; maiatzaren 17an, hilabete horretan jazotako erasoen harira, Kattalingorri elkarteak eraso homofobikoak gaitzesteko manifestazioa egin zuen; ekainaren 22ko gauean, Corellan, talde batek Corellako emakume jostun batzuek jositako LGTB bandera erre zuten, eta abar.

Errealitatea aldatu nahi badugu, errealitatea ikustea beharrezkoa da, eta hura ez da guk uste nahi dugun bezalakoa

Nafarroa ez da berezia eta gertakariok ez dira noizean behingo gertakariak; izan ere, Nafarroan, munduko gainerako lekuetan bezala, homofobia, arrazismoa, matxismoa, aporofobia eta abar dago. Nafarroa ez da miraria izan, eta ez da izango, lepoa ematen dion munduari orpoz orpo segika jarraitzen dion bitartean. Horiek horrela, nafarrok geure lurraren ustezko berezitasunean uzkurtzea ez da batere mesedegarria; izan ere, mirespen horrek egunerokoan jazotzen diren erasoak, gabeziak eta atzerapausoak ezkutatzeko edota horiek noizbehinkako gertaera gisa kalifikatzeko, eta, ondorioz, duten garrantzia kentzeko soilik balio du. Errealitatea aldatu nahi badugu, errealitatea ikustea beharrezkoa da, eta hura ez da guk uste nahi dugun bezalakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.