Iruñeko Haritu sareak hiru urte bete berri ditu —2021eko urtarrilaren 25ean sortu zuten—, eta urteurrena ospatzeko zenbait ekinaldi antolatu ditu datozen egunotarako. Gaur, elikagai bilketa bat eginen dute hiriburuko dendetan; otsailaren 1ean, sareko kideek proiektuaren berri emanen dute, Iruñeko Zabaldin; eta otsailaren 3an, berriz, egun osoko besta eginen dute, etxebizitzaren eta pertsona guztien oinarrizko eskubideen aldeko aldarri politikoa jaiarekin uztartzeko.
«Hasieratik gure helburuetako bat izan da komunitate politiko bat sortzea, eta hori lortzen ari gara. Pozik gara, proiektua hazi egin baita azken urtean», nabarmendu du Harituko kide Oihana Idoatek.
Egungo gizarteak pertsonak bakartzeko duen joerari aurre egiteko sortu zuten Haritu, 2021eko urtarrilean. Elkarri laguntzeko egin zuten bat lehendabiziko kideek, eta, elkarri lagunduz, sarea handituz joan da geroztik. Haritu sortu eta handik bi hilabete ingurura, proiektu horren barruan garatutako etxebizitza sindikatua jarri zuten martxan, batetik; eta, bertzetik, egoerarik zaurgarrienean zirenak laguntzeko biltegi solidarioa. «Egun, 150 pertsona inguruk parte hartzen dute biltegiaren proiektuan», azaldu du Idoatek. Baratze batekin hasi zuten bidea, bilketa solidarioetan jasotakoa osatzeko, eta egun bi dituzte.
«Hasieratik gure helburuetako bat izan da komunitate politiko bat sortzea, eta hori lortzen ari gara».
OIHANA IDOATE Iruñeko Haritu sareko kidea
Etxebizitza sindikatuaren bidez, berriz, Haritu sareko kideek agerian utzi nahi izan dute auzi hori gizarte osoaren arazo bat dela. Harituk kolektiboaren indarra baliatu du etxebizitza bat lortzeko zailtasunak dituztenak laguntzeko. Herritarrek euren eskubideen inguruko informazioa jasotzea funtsezkotzat jo du Idoatek, hain zuzen. «Saretzera deitu nahi ditugu guk herritarrak, denon elkarlanak indar handiagoa egiteko aukera ematen baitigu; herritarrek ere tresnak behar dituzte, halere», erran du Harituko kideak.
Euskal Herriko sarea
Harituko kideak Iruñeko Alde Zaharrean aritu ziren hasieran, batez ere, baina sarea zabaltzen joan da azken urteotan, eta orain bertze hainbat auzotan ere sortu dituzte taldeak. Mendillorrin, Arrosadian eta Arrotxapean «indar handia» lortu dutela nabarmendu du Idoatek. Buztintxurin ere ari dira lanean: «Tesla putre funtsa sartu da auzo horretan, eta bizilagunekin antolatzen ari gara, funts horrek bere eginbeharrekoak bete ditzan. Auzoko kideak ere hasi dira plataforma bat sortzen. Saretze horrek pozten gaitu», azaldu du Harituko kideak. Asteon, hain zuzen, etxegabetze bat geldiarazi dute Buztintxurin.
Haritu Euskal Herriko bertze etxebizitza sindikatu batzuekin ere ari da saretzen. Urrian, hain zuzen, sindikatu horiek bigarren topaketa egin zuten, Ordizian (Gipuzkoa). «Etxebizitzarena arazo orokor bat da; herrialde bakoitzean testuingurua ezberdina da, baina informazioa ematen ahal diogu elkarri, eta gure esperientziaren berri eman».
Iruñeko eta Iruñerriko bertze gizarte eragileekin ere bat egin nahi du Harituk, nork bere lan esparruari eutsiz, elkarri laguntzeko asmoz. Mugak Zabalduz karabanako kideek karrikan bizi direnen egoera salatzeko abenduan egindako protesta aipatu du Idoatek: «Plataforma horretako kideak kalean lo egiten dutenen erregistro bat prestatzen ari dira; informazio hori guretzat ere baliagarria da. Halakoetan elkarlana sustatu nahi dugu».
Erakundeekin ere nolabaiteko harremana badutela erantsi du Haritukoak: «Nasuvinsarekin aritu behar dugu, halabeharrez, etxebizitza sozialen auzia lantzeko, adibidez; adi egon behar dugu, gainera, Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak euren eginbeharrekoak bete ditzaten».
EGITARAUA
- Gaur, urtarrilak 26. Elikagai bilketa handia, Iruñeko auzoetako dendetan.
- Bihar, urtarrilak 27. Harituk bat eginen du Ordizian (Gipuzkoa) palestinarren alde antolatu duten manifestazioarekin. Sionismoarekin konplizitaterik ez lelopean eginen dute protesta, 12:00etan hasita.
- Ostegunean, otsailak 1. Harituko kideek Haritu: hiru urtez elkartasunetik eta elkarlaguntzatik antolatzen. Mugak eta erronkak izenburuko hitzaldia eginen dute, Iruñeko Zabaldin, 18:30ean.
- Otsailak 3. Harituren urteurren besta. Iruñeko Zabalditik kale jira, 12:00etan; bazkaria Arrotxapeko peñan, 14:00etan, eta 17:00etatik aurrera, kontzertuak.