Hiru kontakizunen bidez, sexu indarkerian sakontzen du No estás sola: La lucha contra La Manada dokumentalak (Ez zaude bakarrik: Manadaren kontrako borroka). 2016ko uztailaren 7an Iruñean, sanferminetan, emakume batek taldean jasandako sexu erasoa, horietako erasotzaile batzuek lehenago Pozoblancon (Espainia) emakume bati egindako sexu erasoa, eta 2008ko uztailaren 7ko Iruñeko sanferminetako Nagore Laffageren hilketa jasotzen ditu dokumentalak. Almudena Carracedo (Madril, 1972) eta Robert Bahar (Filadelfia, AEB, 1975) zinemagileek emakumeen kontakizunetan jarri dute arreta.
Zergatik erabaki zenuten No estás sola dokumentalean sexu indarkeriari erreparatzea?
ALMUDENA CARRACEDO: Sanferminetako sexu erasoa ikertzen hasi ginean konturatu ginen ordura arte zabaldutako mezua oso nahaspilatsua eta lausoa zela, eta erasotzaileen abokatuen diskurtsoarekin kutsatuta zegoela. Madrilgo mugimendu feministako Justa Monterorekin eta Nafarroako mugimendu feministako Begoña Zabalarekin hitz egin genuen, eta galdetu genien ea zentzurik zuen gaia lantzeak edo zarata handiagoa eginen genuen. Haien erantzuna izan zen: «Ongi egiten baduzue, garrantzitsua da, eta behar dugu». Horren ostean, biktimen ikuspuntutik kontakizun bat osatzen hasi ginen. Gure asmoa zen hiru istorio horietatik abiatuta izu sexualaz eta beste askoz hitz egitea.
Asmoa da ikusaraztea ez direla bizipen bakanak?
ROBERT BAHAR: Sanferminetako erasoa arazo sistematiko bat dela ikusarazi eta salatu nahi genuen. Horrez gain, argi utzi nahi dugu gure asmoa ez dela minik ematea; horregatik hasieratik biktimekin eta familiekin hitz egin genuen.
«Ez da kasualitatea Iruñean horrela jokatzea Poliziak; Iruñeko mugimendu feministak egindako lanari esker da».
ALMUDENA CARRACEDOZinemagilea
Nolakoa izan zen harremana?
CARRACEDO: Sanferminetako biktima bizirauleak ez zuen zuzenean parte hartu nahi, baina prozesuan lagundu zioten pertsonen testigantzaren bidez, bai. Horrez gain, epaiketako adierazpenak eta hedabideetara bidalitako gutunak ere erabili ditugu. Pozoblancokoak, aldiz, lehenengo pertsonan kontatu nahi zuen gertatutakoa. Gaiarekin konprometituta dauden bi aktoreren ahotsa erabili genuen pertsona horien intimitatea babesteko, eta, aldi berean, euren ahotsen bidez ez bazen ere, pertsona errealak direla ikusarazteko.
Iruñeko kolektibo eta eragileetara ere joan zarete. Nolakoa izan da harremana?
BAHAR: Pelikula oso zehatza eta zorrotza izatea nahi genuen. Horregatik, asko ikertu genuen. Dokumentalean parte hartzen duten pertsonen %80k edo %90ek ez dute lehenago hitz egin, ezin zutelako. Argi genuen ez genuela min handiagorik eragin nahi. Etengabe kontrastatu dugu elkarrizketatuekin egiten ari ginena.
Poliziak egindako lanari erreparatu diozue. Nolako eragina izan du Iruñeko mugimendu feministak Poliziaren jardunean?
CARRACEDO: Ez da kasualitatea Iruñean horrela jokatzea Poliziak; Iruñeko mugimendu feministak egindako lanari esker da. Pila bat borrokatu dira horrelako protokoloak martxan jartzeko. Nagore Laffageren istorioa sartzeko arrazoietako bat da, zoritxarrez, Laffageren erailketa adierazgarria izan zela instituzioak problematikaz ohartzeko.
Zein ardatz ezarri dituzue prozesua zaintzeko?
CARRACEDO: Gure oinarriak ziren: erabateko errespetua, eta batere sentsazionalismorik eta morborik ez; eta kontakizunaren beste aldea erakustea. Jendeari kontatu genion, eta pixkanaka proiektura batzen joan ziren. Batzuek denbora gehiago behar izan zuten, ez delako erraza horrenbesteko dimentsioa daukan proiektu batean parte hartzea.
Nola neurtu duzue zenbat kontatu eta nola?
CARRACEDO: Asko irakurri dugu, ongi neurtzeko zenbat xehetasun eman erasoa kontatzeko, eta, aldi berean, errespetatzeko soilik biktimei eta ikertzen ari diren pertsonei dagozkien xehetasunak. Gure marra gorriak izan dira xehetasun esplizitu edo bisualik ez erabiltzea, eta, batez ere, erasoaren irudirik ez argitaratzea. Horrelako informazioak berriz biktima bilakatzen ditu pertsona horiek.
Zer-nolako erantzukizuna izan dute hedabideek izu sexualaren zabalpenean?
BAHAR: Telebistak eragin handia izan du memoria kolektiboan. Hasieran oso gutxik hitz egin zezaketen erasoaren inguruan, eta, hutsune handi bat zegoenez, erasotzaileen abokatuak presentzia handia hartu zuen; batez ere, telebistan. Hark eraiki eta ezarri zuen kontakizuna. Sententziaren ostean dena frogatuta geratu zen arren, abokatuak eragindako zalantzak memoria kolektiboan iltzaturik zeuden. Hala ere, aldi berean, ikuspegi feminista txertatzen ari ziren hedabideak zeuden.
«Sanferminetako erasoa arazo sistematiko bat dela ikusarazi eta salatu nahi izan dugu».
ROBERT BAHAR Zinemagilea
CARRACEDO: Bi kontakizun antagoniko zeuden: telebistakoa eta kalekoa. Telebistan biktimari errua egozten zioten, zalantzan jartzen zuten gertatutakoa eta emakumeen kontra zabaltzen dituzten beste aurreiritziak indartzen zituzten. Kalean, aldiz, emakume horiek defendatzen zituzten ahots ugari zeuden. Izenburuak hiru esanahi ditu: ez zaude bakarrik, zure aurretik aldi berean eta ostean beste askori gertatu zaigulako, laguntza eta babes sareak daudelako eta milaka lagun gaudelako kaleetan.
Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia ere adierazgarria izan zen sanferminetako erasoaren kasuan?
CARRACEDO: Sanferminetako erasoak indarkeria sexualarekiko tabua eta isiltasuna apurtu zituen, eta aldaketa handia eragin zuen gizartearekiko kontzientzian. Askok baztertuak genituen bizipenak azaleratu genituen sareen bidez. Azken horrek gizarte sektore handi baten pertzepzioa aldatu zuen.