Iruindarrak urtarrilaren 1ean hasi ziren sanferminak hasi bitarteko eskailera igotzen; gaurkoa dute, hain zuzen, bigarren maila. Lehena da Rakel Arjolentzat (Iruñea, 1989), Iruñeko peñen federazioko lehendakari gisa. Urtarrilaren 9an hartu zuen kargua. Besta ereduaz, animalien erabileraz eta bertzez aritu da.
Otsailaren 2a, eskaileraren bigarren maila. Ospatuko duzu?
Gure peñak, Muthiko Alaiak-ek, ez du ezer antolatzen; kuadrilla batzuek afari batekin ospatzen dute. Lanez gainezka nabil, ospatzeko denbora gutxirekin, baina ostirala denez...
Lanez gainezka, lehendakari arduragatik?
Azaroan hasi ginen zuzendaritza berria osatzeko lanean, kargua urtarrilaren 9an hartu arren. Bilera asko izan ditugu. Sanferminak prestatzen hasi gara, peñen eguna ere bai. Ni Muthiko Alaiak peñako zuzendaritzako kidea ere banaiz, eta peñen esparrutik kanpo ere nire lana badut. Azkenean, lanez gainezka!
Aurreko zuzendaritzak uztailean eman zuen dimisioa. Zer gertatu zen?
Aurreko zuzendaritzako kide batzuek [tartean Iosu Sanchez aurreko lehendakaria] orduko Iruñeko alkate Cristina Ibarrolarekin egindako argazki batek zalaparta sortu zuen peñen artean, eta, azkenean, zuzendaritza osoak dimisioa eman zuen.
Ez zegoen harreman onik Iruñeko Udaleko aurreko agintariekin?
Ez.
Gauzak aldatu dira?
Jendeak badaki UPN behin eta berriz saiatu zela trabak jartzen, ez bakarrik peñei, herri mugimendu osoari. Gauzak aldatzen hasiko diren esperantza dut nik, eta uste dut peñentzat onerako izanen dela.
Trabak aipatu dituzu. Nolakoak, zehazki?
Aurreko udalak ez zuen sustatu herritarren parte hartzea, ezta peñena ere. Bestalde, baimenekin traba handiak izan genituen.
«Badugu ardura bat; lan egin behar dugu peñak espazio seguru bat izan daitezen pertsona guztientzat»
Zenbateraino dira sanferminak bisitarientzat antolatzen den besta bat?
Hori da gakoa. Herri mugimenduan mugitzen garenok guretzat egindako bestak nahi ditugu, eta, noski, bisitariek badute toki bat hor. Beste gauza bat da bestak turistei begira sortzen duzun jolas parke bilakatzea. Kontua da nor jartzen duzun erdigunean. Iruindarrok eskubide osoa dugu parte hartzeko, proposamenak aurkezteko. Batzuk onartuko dituzte eta beste batzuk ez, baina sanferminak ezin dira izan enpresek antolatutako jaialdi bat kanpoko jende asko etorri eta diru asko uzten duelako.
Peñen federazioak zer neurritan parte hartzen du sanferminak prestatzeko prozesuan?
Sanferminetan peñak dira kultur ekinaldiak, bazkariak eta gisakoak antolatzen dituztenak. Peñek federazioan bat egiten dugu, eta, ondorioz, federazioak du harremana udalarekin.
Hitz egin duzue udal gobernu berriarekin?
Bai; gure kezkak eta beharrak ahal duten neurrian kontuan hartuko dituztela esan digute. Iragarri dute herritarrek erabakiko dutela txupinazoa nork botako duen, eta hori pozgarria da.
Zeintzuk dira zuen kezka nagusiak, hain zuzen?
Baimenen inguruan hitz egitea beharrezkoa da, batetik. Bestetik, festaren parte garen heinean, ahaleginak egin nahi ditugu arazorik egin ez dadin. Eraso sexisten auziak ere kezkatzen gaitu, eta garbi dugu udalaren parte hartzea ezinbestekoa dela egoera horiek ongi kudeatzeko. Nahi dugu sanferminak seguruak izatea emakumeentzat, eta hori lortzeko lan egin behar dugu.
Inportantea da peñek eraso sexisten aurkako mezu garbi bat zabaltzea?
Bai, peñek ere ardura bat baitaukagu. Lan egin behar dugu peñak espazio seguru bat izan daitezen pertsona guztientzat.
Aldarri feministak entzun izan dira sanferminetan zezen plazan. Ez al da kontraesan bat?
Nik neuk baietz uste dut.
Peñen federazioak ez du asmorik zezenketen inguruko eztabaida erdigunean jartzeko?
Peñek erosten dituzte zezenketetarako txartelak; ez da federazioaren ardura.
«Ez nau harritzen jendeak ez ulertzeak; mozkortzera goaz, plazan zer gertatzen den kontuan hartu gabe»
Herritarren artean eztabaida bada zezenketez; federazioak ez du deus errateko?
Kontua da peña guztien topagune dela federazioa. Noizbait peña batek txartelik ez erostea erabakiko balu... Uste dut federazioak ez duela deus egiteko gaitasunik.
Animalien erabileraren aurka gero eta talde eta protesta gehiago dago sanferminetan. Ez zarete Iruñea zezenketen azken gotorleku bilakatzeko beldur?
Gerta daiteke. Kanpoko jendeak ez du ulertzen mozkortzera joaten garela. Eta ez nau harritzen ez ulertzeak. Mozkortzera goaz, baina kontuan hartu gabe plazan zer gertatzen den. Konplexua da gaia. Bestalde, egia da jende asko ez doala plazara ez dagoelako ados plazan gertatzen denarekin.
Eztabaida, beraz, badago.
Iaz, gure peñan bozketa bat egin genuen, eta gehiengoak erabaki zuen txarangak egunero joan behar zuela plazara. Ez da erraza joera horiek aldatzea.