Sakon errotzeko balio duten lan egiteko moduak

Anel Nafarroako Ekonomia Sozialeko Enpresen Elkarteak jardunaldi bat egin du Iruñean, iaz sortutako kooperatibetako hainbat aurkezteko. Nabarmendu dute modua ematen dutela herritarrak lurraldera lotzeko.

Anel elkarteak otsailaren 6an Iruñean egindako jardunaldiko parte hartzaileak. Erdian, Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko kontseilaria eta Anel elkarteko buru Ignacio Ugalde. IÑIGO URIZ / FOKU
Anel elkarteak otsailaren 6an Iruñean egindako jardunaldiko parte hartzaileak. Erdian, Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko kontseilaria eta Anel elkarteko buru Ignacio Ugalde. IÑIGO URIZ / FOKU
edurne elizondo
Iruñea
2025eko otsailaren 14a
05:00
Entzun

Garbiketa enpresak, eraikuntzaren arlokoak, kanpinak, txakurrak artatzeko zerbitzuak, arropa dendak, kirola egiteko egoitzak, ondare kulturala kudeatzeko proiektuak, energia berriztagarriak garatzeko egitasmoak... Askotarikoak dira 2024. urtean Nafarroan sortutako kooperatibak. Denek jaso dituzte Anel Nafarroako Ekonomia Sozialeko Enpresen Elkartearen babesa eta aholkua, eta, martxan direla ospatzeko, Iruñean elkartu dira, otsailaren 6an, Anelek sustatutako jardunaldi batean. Nork bere proiektua aurkeztu du, bertze ekintzaileen eta Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilari Carmen Maezturen aurrean.

«Hemen bat egin duten kooperatibek erakusten dute posible dela bertze ekonomia eredu bat izatea», nabarmendu du Maeztuk, ekitaldiaren hasieran. Erantsi du kooperatiba horiek lagungarri direla herritarrak lurraldera lotzeko, eta gaitasun «handiagoa» dutela krisiei aurre egiteko. Anel elkarteko presidente Ignacio Ugaldek oroitu du Nazio Batuen Erakundeak Kooperatiben Nazioarteko Urtea izendatu duela oraingoa, eta kooperatibak «funtsezko» tresna bat direla «zailtasun gehien» dutenentzat, hala nola «gazteentzat, desgaitasunen bat dutenentzat, emakumeentzat eta migratzaileentzat».

Gero eta gehiago

Migratzaileek sustatutakoak dira 2024. urtean sortutako kooperatiben %35. Emakumeek ere toki nabarmena dute. Nafarroako Gobernuak 1,4 milioi euro jarri zituen iaz herrialdeko kooperatibak eta lan sozietateak laguntzeko. Denera, 149 enpresak jaso zuten gobernuaren diru laguntzaren bat, eta enpresa horiek 131 lanpostu sortu zituzten. «Lanpostu horien %56 emakumeek bete dituzte», azpimarratu du Maeztu kontseilariak.

Kooperatibek «pisu nabarmena» dute Nafarroan; horixe erran du Anel elkarteko lehendakari Ugaldek, eta zehaztu du kooperatiben kopuruak %76 egin duela gora azken bost urteotan. Anel elkartearen barruan 1.250 enpresa baino gehiago daude gaur egun, eta 23.000 lanpostu sortu dituzte, Ugaldek nabarmendutako datuen arabera. «Gizarte berri baten enpresa eredua gara», erran du Iruñeko ekitaldian, elkarteko kooperatibetako arduradunen aurrean.

Burujabeak

Murkuzuria kanpina kudeatzeko kooperatiba bat

Burujabeak kooperatibako Gala Espriu Navas eta Andres Flores Curiel, astelehenean, Espartzako Murkuzuria kanpinean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Burujabeak kooperatibako Gala Espriu Navas eta Andres Flores Curiel, astelehenean, Espartzako Murkuzuria kanpinean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Turismo jasangarriaren alde egin nahi dugu». Horixe nabarmendu du Gala Espriuk, Burujabeak mikrokooperatibako kideak, Anel elkarteak antolatutako jardunaldian. Kooperatiba horrek kudeatzen du, iaztik, Espartzako Murkuzuria kanpina, Zaraitzun. Turismoa dute lan esparru, baina Espriuk garbi erran du ibarreko herritarrentzako «gune ireki bat» izan nahi dutela. Zubiak eraiki nahi dituzte eskualdeko bertze hainbat proiekturekin eta eragilerekin, tokiko garapena sustatzeko asmoz.

Hori lortzeko, tokiko produktuen alde egin nahi dute Burujabeak kooperatibako kideek. Ikuspuntu feminista txertatu nahi diote euren lan egiteko moduari, eta euskararen erabilera sustatu. «Elkartasuna, gardentasuna, jasangarritasuna eta eskubide eta aukera berdintasuna dira gure balio nagusiak», erantsi du Espriuk.

Burujabeak kooperatibako kideek ezbaian jarri nahi dute indarrean dagoen «eredu ekonomiko hegemonikoa», Espartzatik, beren egitasmoaren bidez. «Tokian tokikoa aldatu behar dugu mundu zabalekoa aldatu ahal izateko», azpimarratu du Espriuk. Hain zuzen, Zaraitzu jendegabetzeak jota dagoela azaldu du Burujabeak kooperatibako kideak, eta herrien husteari aurre egin nahi diotela beren proiektuaren bidez. Arduraz kontsumitzera deitu dituzte herritarrak.

Rivelco

La Gata Breva, bigarren eskuko arroparen alde

Iban Rodriguez, La Gata Breva bigarren eskuko arropa dendan, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Iban Rodriguez, hilaren 7an, La Gata Breva bigarren eskuko arropa dendan, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU

Rivelco mikrokooperatibako kideek jasangarritasunaren inguruan garatu dute proiektua: La Gata Breva bigarren eskuko arropa denda. Iazko uztailean zabaldu zuten, Iruñeko Alde Zaharreko Pozo Blanco karrikako 14.ean. «Bigarren eskuko vintage arropa eskaintzen dugu», zehaztu du Iban Rodriguezek. Hark sustatu du La Gata Breva denda martxan jartzeko Rivelco kooperatiba, Raquel Abaurrearekin batera.

Rodriguezek eta Abaurreak arropa denda handi batean ezagutu zuten elkar, eta jasangarritasunaren alde aritzeko gogoak jarri zituen proiektu propio eta berezi bat garatzeko bidean. Bat egitea erabaki, eta La Gata Breva zabaltzeko kooperatiba sortu zuten Anelen laguntzarekin. «Badakigu guk gutxi egin dezakegula, baina kontua da gure esku dagoen hori egitea, eta horretan ari gara».

Gazteak agertzen dira, batez ere, Rodriguezen eta Abaurrearen Iruñeko Alde Zaharreko dendara. «Gazteek, akaso, ohitura handiagoa dute gurearen gisako dendetan erosteko. Arropak, halere, ez du adinik, ezta generorik ere, eta, beraz, edozeinentzako tokia dago gure dendan», erran du Rodriguezek.

Oraingoz, Iruñeko denda dute zabalik, baina arropa online saltzeko denda bat ere prestatzen ari dira La Gata Brevako kideak; laster izanen dute prest.

Deierriko Ostatua

Herritarren parte hartzea sustatzeko proiektu bat

Deierriko Ostatua kooperatibako Jone Garcia de Eulate, Ibai Zenoz, Marta Argandoña, Lidia San Martin eta Alberto Gorriz, asteartean, Aritzalan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Deierriko Ostatua kooperatibako Jone Garcia de Eulate, Ibai Zenoz, Marta Argandoña, Lidia San Martin eta Alberto Gorriz, asteartean, Aritzalan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Kooperatiba «berezia» da Deierriko Ostatua. Horixe nabarmendu du Alberto Gorrizek, arduradunetako batek. «Berezia da, kooperatibak abizen anitz baititu: irabazi-asmorik gabekoa da, parte hartze soziala sustatzea du xede, eta, gainera, mistoa da, hainbat eragile pribatuk eta publikok sortua baita», azaldu du. Zehazki, Deierriko Udalak Aritzalan duen eraikin bat kudeatzeko asmoz sortu dute kooperatiba.

Deierriko Udala bera da kooperatibako kideetako bat. Hutsik zegoen ardandegi bat atondu, eta ibarrarentzat erabilera anitzeko gune bat sortzeko baliatu zuten. Taberna eta jatetxe bat, tokiko produktu ekologikoak saltzeko denda bat eta kultur ekitaldiak egiteko areto bat dituzte. «Ibarreko kontsumo talde batekin elkarlanean ere ari gara», kontatu du Gorrizek.

Kooperatibaren bidez, «kalitateko lanpostuak» sortu nahi dituzte Deierriko Ostatuan bat egin duten eragileek. Egun, lau langile ari dira Aritzalako eraikinean. «Jasangarritasunaren alde egin nahi dugu, eta elikadura burujabetza sustatu, bertzeak bertze», adierazi du Gorrizek. Inguruko enpresekin eta eragileekin elkarlanean aritu nahi dute, eta jada martxan dute uzta jaso eta gero soroetan gelditzen dena biltzeko eta banatzeko proiektu bat.

Madere

Ceniza jatetxea, Peruko gastronomia zabaltzeko

Madere kooperatibako Rene Gerard Cortez Tafur, Deysi Elizabeth Gonzales Vargas, Mario Fernando Soto Yereda eta Maria Augusta Moreta Mayorga, igandean, Iruñeko Ceniza jatetxean. IÑIGO URIZ / FOKU
Madere kooperatibako Rene Gerard Cortez Tafur, Deysi Elizabeth Gonzales Vargas, Mario Fernando Soto Yereda eta Maria Augusta Moreta Mayorga, igandean, Iruñeko Ceniza jatetxean. IÑIGO URIZ / FOKU

«Ostalaritzaren esparruko lana ez da erraza. Gogor egin behar da lan arlo horretan bide bat egiteko». Horixe ikasi dute Iruñeko Buztintxuri auzoko Ceniza Urban Grill jatetxeko arduradunek. Rene Gerard Cortez Tafur da haietako bat. Kontatu du iazko azaroan zabaldu zituztela jatetxeko ateak, eta geroztik lan eta lan ari direla, «Peruko gastronomia zabaltzeko asmoz».

Peru da Madere kooperatibako kideen sorterria. Cortez Tafurrekin batera, Deysi Elizabeth Gonzales Vargasek, Mario Fernando Soto Yeredak eta Maria Augusta Moreta Mayorgak bat egin dute kooperatiban, Ceniza jatetxea kudeatzeko. Ekonomia sozialarekin «konprometitu» nahi zutelako jo zuten Anel elkartera, eta nabarmendu dute behar zuten laguntza jaso dutela. «Bide propio bat» egin nahi dutenak animatu dituzte kooperatiba bat sortzera, eta gehitu Anelen gisako elkarteak «hagitz garrantzitsuak» direla ekintzaileak laguntzeko.

Kooperatiba sortu eta gero, jatetxea betetzeko lanean ari dira orain Madereko kideak. «Peruko gastronomiaren berri eman nahi dugu, eta, aldi berean, gure errezetak hemengo gastronomiarekin uztartu, hemengo eta kalitateko produktuak sustatuz», erran du Cortez Tafurrek.

109

Zenbat kooperatiba sortu dituzten. Iaz 109 kooperatiba sortu zituzten Nafarroan, Anel Nafarroako Ekonomia Sozialeko Enpresen elkarteak emandako datuen arabera; hau da, 2023an baino %14 gehiago.

436

Zenbat bazkide dituzten. Iaz Nafarroan sortutako kooperatibek 436 bazkide dituzte denera, aurreko urtean sortutakoek baino %35 gehiago. Ekonomia sozialeko enpresetan, hamar kontratutik zortzi mugagabeak dira, eta %45, emakumeenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.