Langileen eskubideen aldeko borrokan eredu bilakatu ziren Potasas enpresako langileak, 1975ean: urtarrilaren 7an, Potasas enpresako 46 langile meategietan sartu ziren. Bigarren egunean beste lankide bat batu zitzaien, eta, denera, hamalau egun eman zituzten lur azpian. Borroka haren 50 urte bete dira aurten, eta Javier Urrozek (Iruñea, 1946) gogora ekarri du orduko guztia.
Noiz hasi zinen Potasasen lanean?
1965ean. Oso gaztea nintzen, 18 urte nituen. Laneko txandak gustatzen zitzaizkidan: dirua irabazten zen, eta giro ona zegoen. Lan gogorra zen, baina aurrerago ohartu nintzen horretaz. Hasieran pozik nengoen.
Noiz izan zen lehenengo greba?
Lehenengo greba langile baten heriotzaren ondorioz egin zen, 1966an. Ordura arte ez zegoen eskubiderik lan etenaldiak egiteko langile bat hiltzen zenean. Gendulainen eta Beriainen egin genuen greba, eta hildako langileagatik dolua ezartzea lortu genuen.
Lan istripu asko zeuden Potasasen?
Hamar urtean, 1967tik 1977ra, 47 hildako egon ziren. 1975ean, sei langile hil ziren.
«Gure arazoak, batez ere, osasun gaiak, meatzearen arriskuak eta gai ekonomikoak izaten ziren»
Garai hartan sindikatuak debekatuak zeuden.
Ez zegoen sindikaturik. Langile ausartenek, lan txanda bakoitzean, kontuan hartu beharreko gaiak komentatzen zituzten, eta jendeak jarraitzen zien edo ez, gaiaren arabera. 1967tik 1970era hasi ginen langile batzordeak sortzen. Gure arazoak aztertzen genituen; batez ere, osasun gaiak, meatzearen arriskuak eta gai ekonomikoak izaten ziren.
Kontu horiek aldarrikatzeko, 1974ko azaroan greba hasi zenuten.
Bai. Azaroaren 20an hainbat eskari aurkeztu genizkion enpresari, eta esan genion egun horretarako erantzuten ez bazuen greba hasiko genuela. Grebari ekin genion, eta horrela egon ginen urtarrilaren 6ra arte. Egun hartan, enpresak iragarri zuen bi hilabeteko enplegu eta soldata zehapena ezarriko zuela. Ia bi hilabete greban eman ostean, ezin genion eutsi beste bi hilabete lanik gabe egoteari. Beraz, ekintza berezi bat egin behar genuen. Aurretik ere pentsatua geneukan, bagenekielako enpresa oso gogorra izango zela. Horregatik, urtarrilaren 7an meategietara jaitsi ginen.
Gogorra izan zen hain denbora luzez greban egotea?
Neurri batean, oso estimulatzailea izan zen. Biltegi batzuk antolatu genituen, eta, bi edo hiru egunean behin, langileen artean janaria banatzen genuen. Dirua ere bai. Horrek eman zuen modua ia bi hilabetez greban egon ahal izateko. Jendeak babes handia eman zigun. Jendeak eman zigunari esker antolatu genituen biltegi horiek.
Eta esan bezala, urtarrilaren 7an meategietan sartu zineten.
Undiotik sartu ginen, Espartzan Guardia Zibila zegoelako. Hasieran 46 langile sartu ginen, eta bigarren egunean, beste kide bat. Oso ausarta izan zen hura: bost metro zabaleko tarte batetik sartu zen, eta bi guardia zibil armatu zeuden bertan. Asmoa zen walkie-talkiekin jaistea, kanpokoekin hitz egin ahal izateko, baina ez zuten funtzionatu. 5.000 volteko kableak zeuden, eta walkie-talkien energia guztia xurgatzen zuten.
Hamalau egun pasatu zenituzten lur azpian. Nola gogoratzen duzu aldi hura?
Hamalau egun arropa berarekin, hamalau egun garbitu gabe. Zazpigarren edo zortzigarren egunean, hildako arratoi bat topatu genuen ur biltegian. Horrek asko beldurtu gintuen. Ordurako, denok urdaileko arazoren bat geneukan; deus ere ez jateagatik, batez ere. Egun batean, ingeniari bat jaitsi zen, dena ondo zegoela ikusteko. Beste egun batean, mediku bat jaitsi zen, Javier Erize, gero Iruñeko alkate izan zena [1976]. Erizek esan zigun gu ateratzera azaldu zela, beldurtuta zegoelako. Kalean borroka handia zegoela kontatu zigun, eta horrek indarra eman zigun, baina jakinarazi zigun enpresak ez zuela ezer aldatu; beraz, geratzea erabaki genuen.
«Itxialdiaren ondorioz, parte hartu genuen langile guztiak kaleratu gintuzten, eta hori traumatikoa izan zen»
Zer gertatu zen atera zinetenean?
Itxialdiaren ondorioz, parte hartu genuen langile guztiak kaleratu egin gintuzten, eta hori traumatikoa izan zen. 1977an, amnistia bat egon zen, eta ia langile guztiak kontratatu zituzten berriz ere. Kide bati eta neuri sartzeko eskubidea ukatu ziguten. Niri esan zidaten amnistiaren dekretuari desobedientzia zibila egin behar ziotela. Epaiketa izan genuen Iruñean, eta irabazi egin nuen, baina enpresak bereari eutsi zion: desobedentzia zibila egin behar zuela berretsi zuen. 1980tik 1982ra ez zidaten lanik egiten utzi, etxean nintzen, baina soldata ordaintzen zidaten. Bigarrenez ezetz esan zidatenean, helegitea jarri nuen, eta epaiketa izan genuen, Madrilen. Berriro irabazi nuen, eta, ondorioz, ez zuten beste aukerarik izan: zazpi urteren ostean, Potasasen lan egiten hasi nintzen berriz, eta han egon nintzen jubilatu arte.
Zer ekarri zuen protesta hark Nafarroan?
Oso esanguratsua izan zen, oso garrantzitsua. Greba orokor bat egon zen, jendea kalean zegoen une oro. Garrantzitsua izan zen aldarrikatzeko, jendeak ikus zezan ez zegoela askatasunik; errepresioa eta eskubiderik eza besterik ez zegoela.
Nola ikusten dituzu gaur egun borroka sindikala eta langileen borroka?
Oso desberdina da. Garai hartan langile batzordeetan Nafarroako indar politiko guztiak zeuden. Faxismoa zegoen, askatasun falta handia, eta horrek antolatzeko eta borrokatzeko aukera eman zigun. Orain, hori ustez bermatuta dago, baina biztanleriaren parte batentzat baldintzak oso kaskarrak dira. Gainontzekoak oso ongi bizi direla ematen du; bestela, ezin da ulertu. Horrek eragiten du jendea oso indibidualista izatea. Dugun aukera bakarra da borrokatzea eta elkartzea, guztiontzat berdinak diren eskubideak defendatzeko.