Zirku konpainiak, espazioak, zaleak, profesionalak eta hasiberriak batu dira Naze Nafarroako Zirku Elkartea sortzeko. Ainhoa Juaniz Ezpeleta Zirika Zirkus konpainiako eta Naze elkarteko kideak (Iruñea, 1970) nabarmendu du elkarteak zirkua ikusarazteko eta artistentzako babesgune bat sortzeko tresna izan nahi duela. Elkartea aurkezteko zirku gala bat eginen dute gaur, 18:30ean, Iruñeko Iturramako Civivox aretoan. Ekitaldiko aurkezlea izanen da Juaniz.
Elkartea sortu berri duzue. Zirkuan aritzen zaretenok batzeko beharra zenuten?
Gure helburua da ikusaraztea zirkua ere arte diziplina bat dela, jendeak eta instituzioek ez baitute kontuan hartzen. Horrez gain, zirkua maite dugun guztiak elkartzeko beharra genuen. Ohartu gara honetan lan egiten dugun artistak ez ezik, badaudela zaleak ere; adibidez, zirkuan aritzea gustuko dutenak baina ez dutenak honetan lan egin nahi. Guk jende horrekin ere kontaktuan egon nahi dugu. Horrez gain, hasiberriei lagundu nahi diegu, guri gertatu zitzaiguna ez gertatzeko.
Nolakoak izan ziren hasierako urteak?
Oroitzen naiz Madrildik itzuli nintzenean pentsatu nuela: «Nola jolasten da honetara?». Zorionez, nire auzoa Txantrea denez, pila bat lagundu ziguten. Txoko bat utzi ziguten entseatzeko, lagun batzuek furgoneta bat oparitu ziguten, beste batzuek soinu ekipoa, eta, pixkanaka, jakin genuen bidea aurkitzen. Oso pozik nago horrela egin genuelako. Oso polita da orain datozenei lagundu ahal izatea. Adibidez, eskolak ematen hasi ginen Txantrean, eta lehen gure ikasleak zirenak orain gure lankideak dira Zirika Zirkusen. Uste dut gure konpainiarekin gertatu dena gertatuko dela Urtxintxa zirku eskolako ikasleekin ere. Ikasle batzuek profesionalizatu nahi izango dute, eta hor egonen da elkartea.
«Ikasle batzuek profesionalizatu nahi izango dute, eta hor egonen da Naze elkartea»
Artistentzako babesgune edo berme bat ere bada?
Uste dut elkarteak lagunduko digula elkar zaintzen eta babesten. Adibidez, tontakeria dela dirudi, baina aireko akrobazietakoek batzuetan esaten dute bakarrik sentitzen direla entrenatzen. Gainera, ez da gomendagarria bakarrik entrenatzea, erori egin baitaitezke. Horrelakoetan, akrobatek elkar ezagutzeko aukera eskaintzen du. Horrez gain, diru laguntzak eskatzeko ere baliagarria da. Nik malabarista bat beharko banu, elkartera jo nezake.
Kohesioaz gain, aurrera begira zer beste helburu dituzue?
Utopia bat dela dirudien arren, polita izango litzateke zirkua herri txikietara eramatea berriz ere. Dena den, oraindik ez gaude horretan. Guretzat garrantzitsua da zirku programazioak sortzea ere. Beti sartzen gaituzte antzerkian edota dantzan, eta gu oso gustura goaz, orokorrean ikuskizun gehienetan denetarik egiten dugulako, baina gu zirku artistak gara. Elkartea sortu dugu gure nortasun propioa izateko, zirkuak bere lekua eta identitatea behar dituelako.
Espazioak hartzera bidean, iaz zirkua Espainiako Arte Irakaskuntzen Legearen barruan sartu izana beste lorpen bat da?
Lehen, zirku eskoletara joaten zinen eta ez zenuen titulurik eskuratzen. Orain, zirku elkarteek egindako presioari esker, egoera aldatu egin da. Ni tituluen kontrakoa naiz, baina eskuratu nahi duenari titulua eman behar zaio. Zergatik? Lan pila bat dagoelako atzean. Zirkuan lan egiteko ordu pila bat sartu behar dira. Gainera, beste herrialdeetan titulazioa eskatzen dute.
Zirku konpainiek, espazioek, zaleek, profesionalek eta hasiberriek osatzen duzue elkartea. Horrek aberastu egiten du proiektua?
Denak aberasten du. Batzuk zirku garaikidetik datoz, eta beste batzuk, zirku klasikotik. Ni zirku klasikoaren aldekoa naiz, betiere hortik datozen estereotipoen kontra egiten badugu. Gure konpainiaren kasuan, adibidez, aldarrikapenerako erabiltzen dugu zirkua. Gure clowna antzerki teknikatik dator gehiago, zirku klasikotik baino. Hala ere, zirku klasikoko pailazoen aldekoa naiz.
«Aurkezpen galaren inguruan zenbat eta gutxiago jakin, orduan eta freskoagoa izanen da»
Nola aldatu dira zirku klasikoari lotutako estereotipoak?
Animaliei dagokienez, ezinbestekoa zen animaliarik ez egotea. Estetikoki eta fisikoki ere estereotipoak aldatzen ari gara. Lehen, emakume eta gizon prototipoa ezarriagoa zegoen. Zirku klasikotik datozen emakume askok indarkeria kasu pila bat pairatu behar izan dute. Zorionez, hori aldatzen ari da. Orain, askoz gorputz mota gehiago ikusten dira, eta ez ditugu gorputzak, ileak eta ile urdinak ezkutatzen. Nik ikuskizunetarako nahita uzten dut besapea ilez beteta. Hala ere, egia da asko entrenatzen garela eta gorputz mota bat garatzen dugula.
Zirku gala batekin emanen diozue hasiera elkarteari, gaur, Iruñean. Zer-nolako ekitaldia izanen da?
Ez ditut emanaldiak ikusi, baina zerrendan dauden izenengatik uste dut oso zirku mota desberdina izanen dela. Batzuek zirku garaikideagoa eginen dute, eta beste batzuek, zirku klasikoagoa baina kutsu freskoagoarekin. Berezia izanen da. Adibidez, hasiberriek duten freskura eta alaitasuna ez da profesionaletan sumatzen, eta uste dut galan hori ikusteko aukera izanen dugula.
Zergatik ez duzu aurkeztuko duzun horri buruzko informazioa jaso nahi izan?
Nahiago dut aurkezpen galari buruz ahalik eta gutxien jakin, inprobisazioarekin lan egiten dudalako. Antzokira sartuko naiz, eta aurkezlerik ez dagoela ikusiko dudanez, neure burua eskainiko dut aurkezteko. Galaren inguruan zenbat eta gutxiago jakin, orduan eta freskoagoa izanen da ikuskizuna.