Nilsak espero ez zuen eztabaida piztu du Tuterako araztegia berritzeko eta handitzeko proiektuak. Tuterako alkate Alejandro Toquero (UPN) izan zen egitasmo horren aurka agertu zen lehen agintaria; otsailaren hasieran, proiektua bertan behera uzteko eskatu zuen. Tuterako alkatearekin bat egin zuen Arguedaskoak, gero, araztegia handitzeko proiektuak udalerri horren lurrak uki baititzake. Ekologistek ere txarretsi egin dituzte Nilsaren asmoak, eta Tuteran garatu nahi duten proiektuaren aurka lerratu dira Ekologistak Martxan eta Gurelur taldeak.
Nilsa enpresa publikoak, zehazki, Tuterako araztegia berritu eta handitu nahi du, araztegietan sortzen diren lohiak tratatu ahal izateko. Lokatzaren tratamendu aurreratua egin nahi dute, eta, haren bidez, biogasa eta nekazarientzako ongarria sortu. Nilsako kudeatzaile Fernando Mendozak «dagokion testuinguruan» kokatu nahi izan du Tuterako proiektua, eta bi kontu nabarmendu ditu: batetik, Tuterako araztegiak hogei urte baino gehiago dituela eta berritzeko beharra baduela; eta, bertzetik, proiektuak bat egiten duela Europako zuzentarauek markatutako bidearekin. Izan ere, Europatik datozen arauek diote araztegiek kontsumitzen duten adina energia sortu behar dutela, hau da, energiari dagokionez, araztegien zerbitzuak neutraltasuna lortu behar duela; eta neutro izan behar dutela, halaber, berotegi efektuko gasetan.
Hiru fase
Nilsak hiru fase zehaztu ditu Tuterako proiektua garatzeko; lehenengoan, egungo araztegia moldatuko eta handituko dute; bigarrenean, lohien tratamendu aurreratua egiteko planta eraikiko dute, araztegiaren ondoan; eta hirugarrenean, berriz, tratamendu horren bidez lortutako lohia lehortzeko azpiegitura eginen dute, nekazariek erabili ahal izateko. Azpiegitura sinple bat dela azaldu du Mendozak: «Negutegien gisako azpiegitura bat da, helburua baita tratamendua jaso duen lokatza eguzkiaren bidez lehortzea». Hirugarren fase horretako negutegiak araztegiaren bertzaldean egin nahi ditu Nilsak, ibaiaren bertzaldean, Tuterako eta Arguedasko lurren artean. «Uste dugu tokirik egokiena hori dela, baina azter dezakegu bertze baten bat; lohia tratatzeko plantak, baina, araztegiaren ondoan egon behar du, halabeharrez, tratamenduaren bidez lohiari kentzen diogun urak araztegiaren sisteman sartu behar duelako berriz».
«Lohia tratatzeko plantak araztegiaren ondoan egon behar du, halabeharrez, tratamenduaren bidez lohiari kentzen diogun urak araztegiaren sisteman sartu behar duelako berriz».
FERNANDO MENDOZANilsako kudeatzailea
Gaur egun, Arazuriko araztegian kudeatzen dituzte herrialdean sortzen diren lohien %60. Zehazki, Iruñerriko eta Nafarroa iparraldeko araztegietako lokatzak eramaten dituzte Arazurira. Lokatza konpost bilakatzen dute han, eta nekazariek erabiltzen dute beren lursailetan. Arazurikoa da herrialdeko araztegirik handiena, eta bigarrena, berriz, Tuterakoa. Nilsaren asmoa da, tratamendu aurreratua egiteko plantaren bidez, Nafarroan sortzen diren gainerako lohi guztiak —%40— Tuteran hartzea eta tratatzea.
135Planaren aurrekontua. Nilsak 135 milioi euroren aurrekontua zehaztu du, 2030era bitarte, hiriko uren ziklo osoaren plana betetzeko. Tuterako proiektuak 40 milioi euro hartuko lituzke.
Ekologisten kezka
Egun, Arazurin hartzen ez dituzten lohiak tratatzeko prozesuaren zati baten kudeaketa pribatua da. «Lehiaketa publikoaren bidez, gehienak Pina de Ebroko [Zaragoza, Espainia] planta batean hartzen dituzte. Han lohien tratamendu aurreratua egiten dute, eta lohiak ongarri bilakatzen dituzte. Hori da guk Tuteran egin nahi duguna», azaldu du Mendozak.
Nilsak Tuterako lehen faseko lanak uda baino lehen hasi nahi ditu. Ebroko Ur Konfederazioaren eta Nafarroako Gobernuaren baimenak baditu, bai eta Tuterako Udalak obrak hasi ahal izateko eman beharrekoa ere. Bigarren faseak eragin du Tuterako Udalaren ezezko biribila. «Ez dugu zabortegi bilakatu nahi; ez dugu bertzeen zaborra gure hirian nahi», erran du Toquero alkateak. Ekologistek, berriz, Tuteran tratatutako lohiek «kalteak» eragin dtzakeela ohartarazi dute. Gurelurrek «arriskutsutzat» jo ditu Nilsak nekazaritzaren esparruan ongarri gisa erabili nahi dituen lohiak: «Era guztietako hondakinez beteta daude; ezin dira birziklatu, eta, are gutxiago, nekazarien lurretan erabili».
«Uste dugu arriskutsua izan daitekeela lohi horiek nekazaritzan erabiltzea, metal astunak izan ditzaketelako».
EDUARDO NAVASCUES Ekologistak Martxan taldeko kidea
Ekologistak Martxan taldeak ere «zuhur» jokatzeko beharra nabarmendu du. Ontzat jo du egungo araztegia berritzeko proiektua, baina ez Tuteran bertze araztegi batzuetako lohiak tratatzeko asmoa, ezta hori egiteko planta eraikitzeko aukeratutako tokia ere. «Lohiak sortzen diren tokian tratatu beharko lirateke», erran du Ekologistak Martxan taldeko kide Eduardo Navascuesek. Planta eraikitzeko tokiari buruz ere mintzatu da: «Nekazaritzarako lur emankorrak dira, eta Tuterak, klima aldaketaren egungo jokalekuan, ezin du halakorik galdu». Lohiekin egindako ongarriari buruz ere «kezka» agertu du Navascuesek, Gurelurrek bezala: «Uste dugu arriskutsua izan daitekeela lohi horiek nekazaritzan erabiltzea, metal astunak izan ditzaketelako».
«Ongi aztertutako eta ikertutako proiektu bat da hau; bertze hamaika tokitan eredu gisa aipatzen dute. Zortzi alternatiba landu ditugu, eta hautatu duguna da egokiena eta eraginkorrena. Kezken aurrean, guk ikerketak eta datu objektiboak ditugu, eta denen eskura dira». Horixe nabarmendu eta erantzun die Jairo Gomezek ekologistei. Nilsako Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza saileko burua da Gomez, eta Tuterako plantako arduraduna.
Plantak araztegiaren ondoan egon behar duela berretsi du Gomezek. Planta bakar batean bertze araztegi batzuetako lohiak tratatzeko aukeraz, berriz, Nilsako Proiektuen eta Obren zuzendari Gregorio Berrozpek erran du lokatza tratatzeko teknologiak «gutxieneko kopuru bat» behar duela. «Gurea, halere, planta txiki bat da». Berrozpek erantsi du Tuterako araztegikoak direla han tratatuko dituzten lohien %30-40, eta inguruko araztegi batzuetako lohiak eramanda ere, «bolumen osoa» ez dela nabarmen aldatuko. «Pare bat kamioitan sartuko da kanpotik ekarriko dugun lohia, eta garraioak eragin ditzakeen isuriak ere kontuan hartu ditugu neutraltasuna lortzeko gure kalkuluetan», erran du Jairo Gomezek. «Orain, egunean 207 metro kubo lokatz kudeatzen dugu; planta berriarekin, 252 izanen lirateke».
2.000Zenbat hektareak hartuko luketen ongarria. Nilsaren asmoa da, Intiak egindako ikerketaren arabera, Tuterako plantan lortutako ongarria herrialdeko 2.000 hektarea inguruan erabiltzea.
Legearen arabera
Tuterako plantan egin nahi duten ongarriak izan ditzakeen metal astunen inguruan, «kezkatzeko arrazoirik ez» dela azpimarratu du Gomezek. «Ongarri organiko guztiek badituzte. Orain arte, hilabetean behin egin ditugu metaleen inguruko neurketak, eta, lohiak nekazaritzarako ongarri gisa erabiltzeko, maizago eginen ditugu. Halere, berriki ezarritako muga zorrotzenen %50era ere ez gara iristen. Lohiak ez dira hondakin arriskutsu bat», azaldu du.
Nilsako arduradunek zehaztu dute, halere, Tuterako plantako ongarria ez dutela erabiliko gizakien kontsumo zuzenerako sailetan. Legeak erabiltzeko aukera ematen duen arren, «zuhurtasun printzipioa» ezarriko dutela nabarmendu du Fernando Mendoza Nilsako kudeatzaileak. Berretsi du Tuterako proiektua «ongi aztertu» dutela, eta alternatibarik «onena» dela.