Ana Jaka
IRITZIA

Patxiren esku luzeak

2025eko otsailaren 7a
05:00
Entzun

Duela bi asteburu (H)ilbeltzan egon nintzen, Euskal Nobela Beltzaren Astean. 2015. urteaz geroztik egiten da, Baztanen, urtero, eta arrakasta handiz. Niretzat, lehen aldia zen, eta Erratzun egin zen bazkarian eta ondorengo liburuen aurkezpenean egon nintzen bakar-bakarrik. Giroa eta egitaraua ikusita, denbora gehiagoz eta gehiagotan ez egon izana damutu zitzaidan. 

Erratzuko Elkartean igarotako ordu eskas horietan, ederki bazkaldu eta ondo pasatzeaz gainera, topaketa ederrak bizi izan nituen: Izaskun eta Uxue lagun idazleez gain, bertan zeuden aspaldi ikusi gabeko Aitziber eta Maitane, Nafarroa faltan botatzen zuen Nekane, duela gutxi ezagututako Xabi, mugida ezberdinetan konplize dudan Itxaro, azkenaldian Twin Peaks-ekin zaletu dena, eta Jaime, Twin Peaks estreinatu baino pixka bat lehenago Donostiako La Sallen nire ikaskidea eta laguna izan zena.

Asko genuen elkarri kontatzeko, eta bazegoen komentatu beharreko istorio ilun bat. Nik ez nekien gaia atera edo ez, garrantzitsua ote zen harentzat, nigan oso presente zegoen arren. Jaimek aipatu zuen, eta eskertu nuen. Ekainean, gure irakasle izandako Patxi Ezkiaga salatu zuen Marisol Zamorak, haurra zela egin zizkion sexu abusuengatik. Lagunari begiratu, eta «ni ez nintzen harritu» esan nion. Hura ere ez, aitortu zidanez. Sentiberatasun berezia dauka Jaimek, ze asko dira harritu zirenak (edo kontrakoa onartu nahi ez dutenak). Ni, besterik gabe, neska nintzen, Patxik gogoko zuen genero-taldekoa. Eta kontatu nion nola neskok karpetarekin edo besoekin babesten genuen bularraldea bere ondoan eseri behar genuenean, eta nola ebitatzen genuen. Autodefentsa feminista goiztiarra. Elkarri emandako abisu eta aholkuak. Beste batzuen jipoiez eta umiliazioez ere hitz egin genuen. Baikorrak izan nahi genuen: Jaime egungo gazteen eboluzioaz mintzatu zen; ni, Patxiren gehiegikeriak azaleratu izanak emandako itxaropenaz.

Liburuak irakurri, testigantzak entzun, hitz egiteko topaguneak sortu, idatzi, argitaratu, hori eta gehiago behar dugu

Izan ere, susmoa beti egon zen hor. Inpunitatean aritzen denak arrastoak uzten ditu beti. Eta beti dago hautematen dituenik, kriminalaren benetako aurpegia ikusi duenik. Baina zer egin sistemak babesten duen horri aurre egiteko? Delituaren gorputza falta zen. Froga. Negargura ematen dit batzuek hainbeste min jaso izanak. Harridura ez, sekulako tristura eta sentimendu kontrajarriak sortzen dizkit. Zerbait egin nezakeen? Beranduegi da orain? Ni ere biktima izan nintzen? Bidezkoa al zen azterketak gela ilun batean egitea, diapositibak jarrita, Patxiren eskuei adi? Trago txar bat. Eguneroko kontuak. Emakume ausart bati esker baieztatu diren susmoak.

(H)ilbeltzaren antolatzailea den Aitziber Zapiaini irratian emandako elkarrizketa batean zera aditu diot: «Nobela beltzak berez (...) sakon-sakonean hitz egiten du egunerokoaz, (...) ustelkeriaz edo trapu zikinetaz, ez? Normalean kanpotik hain erraz ikusten ez den horri buruz».

Arratsalde osoan ibili ditut hitz hauek buruan. «Hain erraz ikusten ez den horri buruz»... Liburuak irakurri, testigantzak entzun, hitz egiteko topaguneak sortu, idatzi, argitaratu, hori eta gehiago behar dugu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.