Bidatz Villanueva
IRITZIA

Osasuna, larri

2024ko otsailaren 23a
05:00
Entzun

Hainbat urte dira osasun krisiaren eztabaida gizartean bor-bor dabilela. Nafarroako osasun sistemaren kalitateaz eta pribilegioaz zegoen ideia eraitsiz joan da pixkanaka, eta ez profesionalen jardunagatik, baizik eta ez dagoelako beharrezko biztanle kopurua artatzeko zerbitzu nahikorik. Horri aurre egiteko, herritarron zentzuduntasunari dei egiten zaio, beharrezkoa bada, osasun zentrora ez joateko, atentziorik behar duzun edo ez zalantzan zaudenean, etxean gelditzea erabakitzeraino, gaitzaren larritasunaren dudaren aurrean, dei egin beharko genukeen arren. 

Beraz, norbanakoon errua al da lehen arretako osasun zerbitzuak gainbeteta izatea? Egia da osasunaren arloko profesionalek kontsultan hartu beharko ez lituzketen pazienteak dituztela askotan, hotzeria arrunt batengatik medikuarenera doazenak. Beharbada garrantzitsua litzateke gizartean gaixotasun arin horien gaineko formakuntza gehiago izatea, katarroa edo sukarra dugunean geure burua zaintzeko jarraibide fidagarriak izateko, autodiagnosiaren mezua zabaltzea egokiena iruditzen ez zaidan arren. Gainera, instituzioetatik zabaltzen dituzten komunikazioek, gripeari nola aurre egin, adibidez, zein irismen dute gizartean?

Orduan, kasurik hoberenean, gaixotasun arinak dituzten biztanleek lehen arreta jasotzeari uko egingo baliote, osasun zentroetako egoera hobetuko litzateke? Ez dut uste inork atsegin duenik goizeko 8etan deika eta deika aritzea inon hitzordua lortzeko, unean uneko administrariari kontatu beharra norberaren egoera, hark larritasuna neurtzeko eta telefono bidezko zita edo aurrez aurrekoa ematea erabakitzeko, beti zalantza izatea osasun zentrora joanik ongi ari zaren ala ez, ez ote zaren funtzionamendua okertzen omen duen biztanleen sektore horren parte. 

Lehen arretako zerbitzuari aspaldi ezin zaio eutsi. Erakunde ofizialetatik saiatu dira medikuak espezialitate horretara erakartzen, besteak beste, puntu gehiago ematen zerbitzu horretan aritzeagatik. Baina medikuak lan eskergari erantzun ezinik ibiltzen dira, finean, baliabide gehiago behar direlako. 

«Zizur Nagusian osasun zentro berri bat eraiki dute. Bikain. Langile kopurua, ordea, ez da handitu. Bi eraikinetan banatu dira»

Estabilizazioak prozesu asko ireki behar izatea eragin du Nafarroako Administrazioan, eta tarte berean, oposizioak izan dira. Agerikoa da lehen arreta zerbitzuak profesional gehiago behar dituela, eta ez naiz ni aditua aurrekontuen kudeaketan, baina Nafarroan familia medikuen lanpostuetarako bederatzi plaza atera zituzten soilik oposizio lehiaketan. Zizur Nagusian, bestalde, osasun zentro berri bat eraiki dute. Bikain. Langile kopurua, ordea, ez da handitu. Bi eraikinetan banatu dira.  

Hala eta guztiz ere, lehen arreta icebergaren punta besterik ez da. Gaixotasun kronikoak dituzten paziente askok itxarote-zerrenda luzeak dituzte, hilabeteak itxoin behar dituzte jarraipena egin diezaieten, eta erreklamazioa jartzean soilik egin diete jaramon. Kasu hauetan, eta, hala beharko ez lukeen arren, mediku ezagunen bat edo dirua izateak salba zaitzake. Atzerapen nabaria gertatu da Nafarroako osasun arreta publikoan. Instituzioek horretan lan egiteko ardura hartu behar dute, langileen baldintza eta osasun mentalagatik eta herritarron oinarrizko eskubideak bermatzeagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.