Oronozko lanbide heziketako ikastetxearen alde egin dute eskualdeko enpresek

Baztan-Bidasoko 36 enpresak eta 24 ikastetxek berretsi dute eskola «indartsu» bat behar dutela. Gobernuak akordioa egin du EH Bildurekin proiektua berriz abiarazteko.

Oronozko Lanbide Eskola Orain plataformako kideen agerraldia, otsailaren 19an, Elizondoko lanbide eskolan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Oronozko Lanbide Eskola Orain plataformako kideen agerraldia, otsailaren 19an, Elizondoko lanbide eskolan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
edurne elizondo
Iruñea
2025eko martxoaren 1a
05:00
Entzun

«Adi segitzen dugu». Horixe erran du Elizondoko Lanbide Heziketako eskolako zuzendari Iñigo Gorrotxategik, Oronozko eskola egiteko proiektuari buruz. Ikastetxe horretako kideek eta Baztan-Bidasoko bertze hainbat eragilek Oronozko Lanbide Eskola Orain plataforma sortu dute; agerraldia egin zuten joan den astean, eta iragarri eskualdeko 36 enpresak eta 24 ikastetxek atxikimendua agertu dietela eta berretsi dutela Oronozko lanbide heziketako zentroa «behar» dela. Iaz Baztan-Bidasoko udal guztiek onartu zituzten eskola berriaren aldeko mozioak, eta orain enpresek eta eskolek bat egin dute «eskualdeko lanbide eskola bateratua, euskalduna, erreferentziazkoa eta indartsua» aitzinera atera dadin.

Aspaldikoa da Baztan-Bidasoko lanbide heziketako ikasle guztiak Oronozen egin beharreko ikastetxe batean biltzeko proiektua. Nafarroako Gobernuak obren lizitazioa egin zuen iazko martxoan, baina ez zen enpresarik aurkeztu. 23 milioi euroren aurrekontua zuen proiektuak, baina uztailean Hezkuntza Departamentuak dirurik gabe utzi zuen. Erabaki horrek Elizondoko eta Berako lanbide heziketako eskoletako arduradunen kezka eta haserrea piztu zituen, «kolokan» jarri baitzuen Oronozko proiektu osoa.

Oronozko lanbide heziketako zentroaren aldeko elkarretaratzea, urrian, Oronozen. NAFARROAKO HITZA
Oronozko lanbide heziketako ikastetxearen aldeko elkarretaratzea, urrian, Oronozen. NAFARROAKO HITZA

Iazko urte bukaeran, baina, berriz abiarazi zuten proiektua: Nafarroako Gobernuko taldeek eta EH Bilduk herrialdeko aurrekontu orokorretarako onartutako akordioaren bidez, hainbat fase zehaztu zituzten, Oronozko eskola egiteko lanak martxan jarri ahal izateko. Fase horietako lehendabizikoa amaitzear dira, hain zuzen: hezkuntza eskaintza adosteko prozesua, alegia. Berez, Baztan-Bidasoko lanbide eskoletako arduradunek eta Nafarroako Gobernuak 2018. urtean adostu zuten Oronozko ikastetxean garatu beharreko hezkuntza eskaintza. Proiektua dirurik gabe utzi eta gero, baina, onartutakoa «moldatzeko» asmoa agertu zuen Hezkuntza Departamentuak.

Oraingo prozesuaren bidez, Hezkuntzako arduradunak eta Baztan-Bidasoko eskualdeko batzorde bat aritu dira eskaintza zehazten. «Erabaki zuten, akordiorik lortu ezean, 2018an onartutakoak segituko duela indarrean. Orain proposamena fintzen ari dira, eta, antza, 2018ko eskaintza izanen du oinarri», azaldu du Gorrotxategik.

«Kezka nagusia»

Hezkuntza eskaintza adostu eta gero, Nafarroako Gobernuak proiektu berrirako lizitazioa egin beharko du martxoan. «Proiektuak prest egon behar du udazken bukaerarako, obra egiteko finantzaketa akordioa 2025eko aurrekontuetan jaso behar baita. Helburua da obrak datorren urtean hastea», jakinarazi du Gorrotxategik. «Epeak nahiko estuak» direla erantsi du, eta, hori dela eta, «adi» egonen direla berretsi.

«Beldur gara epeak luzatuko ote diren, eta 2027ko hauteskundeak ailegatuko ote diren deus ere egin gabe»

IÑIGO GORROTXATEGIElizondoko lanbide eskolako zuzendaria

«Ez gara fidatzen», onartu du Gorrotxategik, eta garbi erran du Oronozko Lanbide Eskola Orain plataformako kideek «kezka nagusi» bat dutela: «Beldur gara epeak luzatuko ote diren eta 2027ko hauteskundeak ailegatuko ote diren deus ere egin gabe». Gehitu du hori gertatuz gero proiektu osoa «kolokan» geldituko litzatekeela berriz.

Gorrotxategik eskertu du eskualdeko enpresek emandako babesa, eta azpimarratu du Baztan-Bidasoko eragile guztiak daudela Oronozko eskola eraikitzeko lanak noiz hasiko zain. Nafarroako Gobernuak, Baztan-Bidasoko udalek eta lanbide heziketako eskolek 2012an hasi zuten ikastetxe bat egiteko bidea. Iaz hurbil ikusi zuten lanak hasteko momentua, baina, Nafarroako Gobernuak finantzaketa kendu eta gero, egitasmoak atzera egin zuen berriz ere. Eskualdeko eragileak zain daude berriz: proiektuak, oraingoan bai, aurrera egiteko zain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.