Maialen Carvalho Nafarroan jaioa da (Iruñea, 2003), baina aita Portugalgoa du, eta herritartasun bikoitza dauka. 6 urterekin hasi zen taekwondo egiten, eta orain kirola Irakasletza ikasketekin uztartzen du. Portugalgo txapela jantzi zuen urtarrilean, 67 kilo baino gutxiagoko borrokalarien mailan. Urrian, Txinan eginen dute munduko txapelketa, eta Carvalhok han egon nahi du Portugalgo selekzioarekin.
Nafar bat Portugalgo txapeldun. Nolatan?
Ez nuen espero! Duela bi urtetik herritartasun bikoitza dut. Iaz ezin izan nintzen lehiatu, masailezurrean ebakuntza egin zidatelako. Aurten probatu nahi izan dut. Portugal hiru eskualdetan banatzen dute lehiaketetarako, eta niri zegokidan eskualdeko txapelketan parte hartu nuen. Lan ona egin nuen, eta zegozkidan bi borrokak irabazi nituen. Portugalgo txapelketara joan nintzen urtarrilean, eta han ere nagusitu nintzen. Kontent nago!
Zer harreman duzu Portugalekin?
Hangoa dut aita. Senideak ditut Lisboan. Hain zuzen, aitarekin joan nintzen txapelketetara, eta bidaia aprobetxatu genuen familiarekin egoteko. Orain arte ez dut harreman handirik izan haiekin, egia erran. Portugalen lehiatzeko ideia nire entrenatzailearena izan zen. Klub bat ezagutzen zuen han, eta haiekin hitz egin eta gero, bat egin nuen. Orain, Portugalen eta hemen nago federatua.
Eta bietan lehiatzen ahal zara?
Ez. Kontua da iaz Espainiako selekziotik deitu nindutela, baina, ebakuntza egin zidatenez, ezin izan nintzen haiekin lehiatu. Ondorioz, Portugalgoarekin aritzeko aukera izan dut. Espainiako selekzioarekin jada ezinen naiz aritu.
«Ulertzen dut batzuk harritu izana, baina nik eskura nuen aukera aprobetxatu nahi izan dut, bertzerik ez»
Portugalgo txapela lortu eta gero, zer ate irekitzen dizkizu garaipen horrek?
Orain munduko txapelketa dut buruan. Urrian eginen dute, Txinan. Sailkapeneko lehenak ordezkatuko du Portugal, eta Mafalda Coelho eta biok gaude toki hori lortzeko lehian.
Zer behar duzu lehena izateko?
Puntuak lortu behar ditut sailkapeneko lehena izateko. Puntuak irabazteko, txapelketa irekietan aritu behar dut, eta irabazi. Berrogei puntu lortu behar ditut. Orain Coelho eta biok ia berdinduta gaude; biok lortzen baditugu behar ditugun berrogei puntu horiek, ni sailkatuko nintzateke. Orain, beraz, nire lan nagusia da txapelketaz txapelketa aritzea, behar ditudan puntu horiek lortzeko. Urreak hamar puntu balio ditu, eta nik, oraingoz, hamabi ditut.
Nafarroako federazioaren babesa jaso duzu?
Bai. Haien eskutik ari naiz txapelketa horietan parte hartzen. Diruz ere laguntzen didate, bidaiak ordaindu ahal izateko. Nafarroako teknifikazio programaren barruan nago. Txinan aritzeko sailkatuko banintz ere, nik uste laguntzaren bat emanen lidaketela. Halere, sailkatu eta dena nik neuk ordaindu behar badut ere, joanen naiz. Gauza handia izanen litzateke.
Eta Portugalen nola hartu zaituzte?
Egia erran, eskualdeko txapelketa irabazi nuenean, bertze klub batzuetako kideak etorri ziren niregana, benetan lehiatzeko eskubidea ote nuen galdetzera. Ez ninduten ezagutzen. Klubean hasieratik egon naiz hagitz gustura, baina egia da batzuek zalantzan jarri zutela nire parte hartzea hasieran. Portugalgo Txapelketan ez zen halakorik gertatu, eta dena ongi joan zen. Ulertzen dut batzuk harritu izana, baina nik eskura nuen aukera aprobetxatu nahi izan dut, bertzerik ez. Ez naiz bakarra, gainera: nazionalitate bikoitza duten hainbat borrokalari daude.
Noiz hasi zinen taekwondoarekin?
6 urterekin. Nire neba aritzen zen, eta nik gauza bera egin nahi nuen. Baina amak ez zidan uzten hasieran. Azkenean, amore eman zuen. Gero, alderantziz gertatu zitzaigun: nik utzi nahi izan nuen, baina amak ez zidan utzi!
«Berdin zait aurrean nor dudan: munduko onena bada ere, irabazteko gai naizela pentsatuz
aritzen naiz beti»
Zergatik utzi nahi izan zenuen?
12 urte inguru nituen, eta Nafarroako selekzioarekin lehiatzen hasi nintzen. Taekwondoak ordu anitz kentzen zizkidan; astean bost egunez entrenatzen nintzen eta lagunekin egoteko denbora gutxi nuen. Orain biziki eskertzen diot amari amore ematen utzi ez izana.
Astean bost egunez entrenatzen segitzen duzu?
Bai, baina kontua da orain zailtasun handiagoak ditudala kirola eta gainerako kontuak uztartzeko. Irakasletza ikasten ari naiz, eta arratsaldez ditut eskolak. Entrenamenduak ere bai, eta, ondorioz, unibertsitatea bazter utzi behar izaten dut anitzetan. Saiatzen naiz gutxienez astean lau aldiz entrenatzen, egunean bi orduz; eta asteburuetan txapelketak ditut.
Nolakoa zara borroketan?
Saiatzen ari naiz burua gehiago erabiltzen, baina beti izan naiz nahiko sutsua. Berdin zait aurrean nor dudan: munduko onena bada ere, irabazteko gai naizela pentsatuz aritzen naiz beti. Ez naiz amore ematen duten horietakoa, eta nabarmen galtzen ari banaiz ere, azken segundoraino borrokatzen naiz.