Soziologoa

Pablo Etxeberria Esparza: «Ongi gaudenean hasi beharko genuke heriotzaz hausnarketa egiten»

Pablo Etxeberria Esparza soziologoak Nafarroako Unibertsitate Publikoan aurkeztu berri du bere tesia: heriotza kudeatzeko moduak aztertu ditu ikerlariak.

(ID_17296812046985) Pablo Etxeberria soziologoa. Heriotza kudeatzeko moduei buruzko
Pablo Etxeberria Esparza soziologoa, urriaren 18an, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak Iruñean duen Arrosadiko campusean. NUP
edurne elizondo
Iruñea
2024ko azaroaren 4a
05:00
Entzun

Pablo Etxeberria Esparza soziologoak (Iruñea, 1994) mendebaldeko gizarteetan heriotza kudeatzeko moduez egindako tesia aurkeztu berri du NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Reaprender a morir. Narrativas contemporáneas sobre un universal izenburupean (Hiltzen berrikasi. Auzi unibertsal bati buruzko narrazio garaikideak), erlijioaren eraginaz, paradigmen aldaketaz, Aurretiazko Borondateen Agiriaz eta bertzez egin du gogoeta.

Zerk eraman zaitu heriotzaren auzia jorratzera?

Eutanasiaren gaia lantzen hasi nintzen atentzioa ematen zidalako auzi horrek. Nire ama erizaina da, eta uste dut, akaso, horrek ere eragin didala.

Lagundu dizu heriotzaren gaia normalizatzen, nolabait?

Baietz uste dut. Osasun langileak izan ditut beti inguruan. Halere, nire abiapuntua bertze bat izan da. Masterrean lan bat egin nuen bizitzaren balioa erlatibizatzeari buruz, eta horrek bertzelako gai batzuekin zuen lotura. Ikusten nuen bazela beti hagitz baikor izateko halako betebehar bat, beti alai agertzeko nolabaiteko behar bat, eta bertze muturrera joan nintzen, anitzetan isilpean gordetzen dugun horretaz hitz egiteko, hain zuzen. Gaztetasunaren eta edertasunaren irudi perfektu horren aurrean, kontrakoa aztertzera jo nuen: eritasuna eta heriotza.

«Badakigu hilko garela, baina, aldi berean, heriotzaren ideiaren aurrean geure burua babestu egiten dugu»

Dena den, zuk tesian aipatu duzu heriotza bera badela bizitzarako pizgarri bat, ezta?

Bai, hala dela uste dut. Nire tesiaren lehen zatia nahiko filosofikoa da, eta hor, bertzeak bertze, bi egile aipatzen ditut: Martin Heidegger eta Hannah Arendt. Heideggerrek dio hiltzeko bizi garela, eta Arendtek, berriz, ekiteko bizi garela: hilko garela jakiteak mugiarazten gaituela, alegia, eta horrek bereizten gaituela gainerako animaliengandik.

Heriotzaren kontzientzia hori lausotu egiten da batzuetan?

Bai. Badakigu hilko garela, baina, aldi berean, heriotzaren ideiaren aurrean geure burua babestu egiten dugu, eta pentsatzen dugu ez garela zahartuko, beti izanen garela gazte eta eder. Horrek lotura du beti alai agertzeko aipatzen nuen betebehar horrekin. Hori ez da gizakion berezko ezaugarri bat, egungo gizarteena baizik. Sinetsi nahi dugu teknologiari esker arazo orori egin ahal izanen diogula aurre, dauden mugak kontuan hartu gabe: gure planetak dituen mugak, bai eta gureak ere, hamaika eritasun sendatzeko gai bagara ere uneren batean denok hilko garelako.

Heriotza pizgarri izan ordez, gerta daiteke geldiarazle bilakatzea?

Bai, hori gertatzen da. Hilko dela erraten badiote norbaiti, berri hori barneratu eta landu behar du, onartu ahal izateko. Prozesu hori gertatu eta gero, pizgarri dela iruditzen zait, eta eragiten du, bertzeak bertze, zabalik ditugun auziak itxi nahi izatea. Norbaitekin arazo bat badugu, konpondu nahi izatea, adibidez.

Erlijioaren auziak nola eragiten dio heriotza kudeatzeko moduari?

Historiari egin diot so, eta aztertu dut gizartean medikuaren figurak eta erlijioak heriotzaren inguruko auzi horretan zer-nolako eragina duten. Katolizismoaren eta protestantismoaren paradigmatik gatoz, eta paradigma horretan erlijioak dio sufritzea dela gizakion patua, hil eta gero sufrimendu horren ordaina jasoko dugulako. Erlijioaren paradigma hori bazter utzita, helburua da bizitza luzatzea, gero deus ere ez dagoelako. Erlijioaren eraginak behera egin duela erakusten du horrek. Orain, gainera, bertze urrats bat egin dugu.

Zer urrats?

Bizitza luzatu nahi dugu, baina ez dugu sufritu nahi. Eta horrek eramaten gaitu gure bidea bukatu nahi izatera. Batzuek lasaitasun handiz bizi dute urrats hori, eta bertze batzuek, berriz, urduritasunez. 

Jendeak, heriotzari bainoago, sufrimenduari dio beldurra?

Biyng Chul Han filosofo iparkorearrak dio oinazeari fobia diogula, eta sufrimendua bazter utzi nahi duten gizarteetan bizi garela. Nik uste dut medikuntzaren paradigma aldatuz doala, eta gero eta gehiago pertsona jartzen duela erdigunean, gaixoaren lehentasunak kontuan hartzeko. Uste dut sufrimendua ezin dela erabat bazter utzi, eta horrek lotura zuzena du heriotzaren orduan erabakiak hartzeko beharrarekin.

Aurretiazko Borondateen Agiriaz ari zara?

Bai. Nik uste dut ezinbertzekoa dela agiri hori egitea. Gauzak aldatuz doaz, eta garai bateko paradigma paternalista atzean uzten ari garela uste dut. Garai batean, medikuak erabakitzen zuen, eta orain joera da gaixoak behar duen informazioa jasotzea, erabaki dezan. Aurretiazko Borondateen Agiria da horretarako tresna garrantzitsu bat. Agiria erregistratzeko bulegoan aritu nintzen denbora batez, eta, jendeari agiria osatzeko arrazoiez galdetzen nioenean, gehienek erraten zuten hurbileko norbait galdu zutela eta hurbileko horrek pasatutako prozesua ez zutela eurentzat nahi. Horregatik egiten zuten agiria. Aurrera egin dugu, baina oraindik bada lan handia egiteko.

«Garai batean, medikuak erabakitzen zuen; orain joera da gaixoak behar duen informazioa jasotzea, erabaki dezan»

Zer hobetu behar da, zure ustez?

Uste dut garai bateko paternalismoa ez dela erabat desagertu; lausotu egin da, nolabait erranda. Uste dut pertsona zaharrak edo gaixo daudenak artatzen ditugula, oraindik ere, gertatzen zaienaz jabetuko ez balira bezala. Hor badugu zer hobetu.

Gehiago hitz egin behar da heriotzaz?

Bai, eta, batez ere, ongi gaudenean hasi beharko genuke heriotzari buruzko hausnarketa egiten, gaixo egon arte zain egon gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.