Nagore Eslava
IRITZIA

Norberari soilik

2024ko otsailaren 16a
05:00
Entzun

Hiru ordu laurden pasatxo behar izan nituen aurreko astean Baluarteko aparkalekutik Noainera heltzeko. Laborariek Zaragoza etorbide osoa hartua zuten traktoreekin eta ez zen modurik aurrera egiteko. Biribilguneetako sarbideak blokeatuta zituzten, eta irtenbide bakar eta onena zen itxoin beharreko tarte hori ahalik eta patxada handienaz hartzea.

Hogei bat minutu generamatzanean geldirik, aurrean neukan autotik gizon bat irten zen. Alboan zegoen udaltzainarengana hurreratu, eta keinuka hasi zitzaion, egoeragatik kexuka, segur aski. Euren arteko elkarrizketa entzuterik ez nuen izan, baina asperdura momentuek imajinazioa pizten dute, nire kasuan behintzat, eta hala, bakoitzak zioena irudikatzen joan nintzen.

Tipoak erakusten zuen enpatia falta izan zen gehien harritu ninduena. Hitz egiten ari zirela, pare bat alditan eskumuturrean zeraman erlojua seinalatu eta haserre itxura erakutsi zuen. Agian, honek ere, Bilboko alkatearen antzera, manifestazioak bazterretik egin behar direla pentsatuko du, baina traktoreak ez dira espaloietan kabitzen, aldarrikapenerako leku zabalagoa behar dute.

Erreibindikazioak ezberdinak izan arren, haserrea da kalera atera diren nekazari zein abeltzain guztiek partekatzen dutena. «Nirea etxalde txikia izanik, hemen dauden abeltzain askoren interesak ez ditut defendatzen, baina oraingoan hobe da batzea», esan zidan Iruñeko erdigunetik traktorearekin ibili den ezagun batek. Beraz, kezkaren aurreko erantzun kolektiboa gailendu da, desadostasunak presente egonda ere, zarata ateratzeko taldea egitea.

Egoera honek guztiongan du eragina. Zuzenki kaltetuak, noski, nekazariak eta abeltzainak dira, baina kostuen gainetik produzitzen ari diren bitartean, guk inoiz baino garestiago ordaintzen ditugu jakiak eta bitartekarien eskuetan geratzen dira irabaziak. Halere, ez zaigu axola, okerragoa da mobilizazioek trafikoa oztopatzea.

«Arazoak pertsonalki eragiten digun arte, ez gara kezkatzen. Traktorea kotxearen aurrean jarri eta eguneroko ordena aztoratzen digun arte, ez gara larritzen»

Arazoak pertsonalki eragiten digun arte, ez gara kezkatzen. Traktorea gure kotxearen aurrean jarri eta eguneroko ordena aztoratzen digun arte, ez gara larritzen. Baina nolatan gara hain berekoiak? Zergatik behar dugu atximurkada hori egoerarekin arduratzeko?

Gizakiaren joera indibidualista horri pentsalari askok erreparatu diote historian zehar. Berezkoa den berekoikeriaz ere hitz egin da, baina beti oinarri zientifikorik gabe (eskerrak). Edward O. Wilson biologoak gizakiok izate altruista eta izate berekoia dugula zioen, eta taldean aritzerakoan lehenak bigarrenari irabazten diola. Izan ere, elkar aditze eta ulertzeak baimentzen du taldearen funtzionamendua.

Hala, alde ezberdinen parte hartzea eskatzen duten ekintzetan, taldeari erantzuten dion interesari begiratzea komeni da, guztion ongizateaz kezkatzera eramango gaituzten jokabideak lantzen ahaleginduta eta ez norberari soilik eragiten dioten horiekin tematuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.