Eskola orduak amaitu dira, baina Lizarra ikastolako jolastokia lepo beteta dago. Haurrak harat eta honat dabiltza, jolasean, eta gurasoak, haiei so. Lizarra ikastolako gurasoetako bat da Koldo Leoz (Iruñea, 1979); Lehen Hezkuntzako irakaslea ere bada. Udal politikan ia hamalau urtez aritu eta EH Bildurekin Lizarrako alkate bitan izan eta gero —2015etik 2019ra eta 2020tik 2023ra—, irakaskuntzara itzuli da orain, eta «gustura» dago.
Otsailean ezagutarazi zenuen politika utziko zenuela. Zer moduz zaude?
Askoz lasaiago. Orain politika kanpotik jarraitzen dut; batez ere Lizarrakoa eta Lizarrerrikoa. Nafarroakoa ere bai. Denbora gehiago pasatzen dut familiarekin eta gustuko ditudan gauzak egiten. Gainera, irakaskuntzara itzuli naiz, eta gogo handiz. Urte asko egin ditut gelatik kanpo.
Kanpotik, nola ikusten duzu Lizarra? Udalak berriki erabaki du Teder uztea, eta Turismo Partzuergoa egoitzarik gabe utzi du. Giro nahasia duzue herrian?
Zoritxarrez, udalean herritarrak eta haien aldeko asmoak erdigunetik atera dituzte, eta alderdi jakin batzuen interesak sartu. Teder elkartearekin eta Turismo Partzuergoarekin gertatu dena politika kontuak dira, talde politiko jakin batzuen jokabide arduragabeen ondorio, eta horrek kalte egiten die Lizarrako eta eskualdeko osoko herritarrei. Lizarra ez litzateke Lizarra izanen eskualde osoko herritarrak gabe, baina ematen du UPNk eta PSNk ez dutela hori ulertzen.
«Beti uste izan dut bi legealdi nahikoa direla eta tokia utzi behar dela atzetik datozenentzat»
Orain kanpotik erreparatzen diezu gai horien eta bertzelakoen inguruko berriei. Ez duzu izan udalean gelditzeko tentaziorik?
Erabakia aspaldi hartu nuen. Beti uste izan dut bi legealdi nahikoa direla eta tokia utzi behar dela atzetik datozenentzat, beste ikuspuntuak ekar ditzaten. Pentsatzen dudanarekin kontsekuente izan naiz, eta hartutako erabakiari eutsi diot. Legealdi honen erdira arte jarraituko nuela esan nuen, baina ez naiz ailegatu. Ikusi dut uzteko ordua zela.
Zama handia eragin dizu udal politikak?
Nik uste dut Nafarroako Parlamentuan baino zama handiagoa dugula udal politikan. Herritarrak ezagutzen dituzu, eta haiekin gurutzatzen zara ogia erostera joaten zaren bakoitzean.
Administraziorik hurbilena dela erran ohi da; onerako eta txarrerako?
Hala da. Gaur egun, ohitura dugu besteek gaizki egindakoak nabarmentzeko, eta ongi egindakoak ez ditugu aipatzen. Askoz gehiagotan hurbiltzen zaizu jendea zerbait gaizki egin duzula esatera, ongi ari zarela esatera baino, eta horrek asko nekatzen du. Ni beti saiatu naiz egin beharreko lan horretan zentratzen; ez nuen behar inor niregana etortzea ongi edo gaizki ari ote nintzen esatera. Nik banekien zertan asmatzen nuen eta zertan egiten nuen huts. Baina nekagarria da beti norbait agertzea gaizki egindakoak esatera, eta ez errespetatzea, adibidez, igande batean familiarekin paseo bat emateko momentua. Eta ezin diozu inori gaizki erantzun.
Uste duzu prezio bat ordaindu behar izan duzula?
Hori baino gehiago, uste dut udaleko lanari esker ikasi dudala inguruan nituen pertsona batzuek ez zutela hor egon behar.
Zer erran nahi duzu?
Izan dela politikaren esparruan sartu naizenean ni agurtzeari utzi dion jendea, nitaz gaizki esaka aritu dena... Nik ez ditut inoiz pertsonak eta politikariak bereizi; uste dut politikariok pertsona gisa merezi dugun errespetuz jokatu behar dugula elkarrekin, eta ez dut ulertzen politikan errespeturik erakusten ez duten eta gero udaletxetik kanpo agurtu nahi zaituzten horien jokabidea. Nik ezin dut hori egin. Oro har, halere, pozik nago, ingurukoek eta nireen oso bestelako ideia politikoak dituztenek ere esan didatelako alkate ona izan naizela.
Zein da alkate on bat izateko sekretua?
Ohi bezala jokatzen jarraitzea eta jendea ongi tratatzea. Duela gutxi, asko gustatu zitzaidan esaldi bat irakurri nuen: pertsona gaizto bat ezin dela profesional ona izan; pertsona gaizto bat ezin da politikari ona izan. Zoritxarrez, politikan sartzen den jende askoren helburua ez da gizarte hobe baten alde lan egitea, bestelako interesak dituzte, eta horiek ez dituzte inoiz politika onak eginen gizartearentzat.
Beraz, inozoa da pentsatzea politikarien betebeharra hori dela, gizarte hobe baten alde lan egitea?
Uste dut politikari guztiak ez direla berdinak, eta ez zait gustatzen denak zaku berean sartzea. Ulertzen dut herritarren artean egon daitekeen etsipena, baina politikari zintzoak eta onak badaude.
«Uste dut politikari guztiak ez direla berdinak, eta ez zait gustatzen denak zaku berean sartzea»
Nolakoa izan da zuretzat hamalau urteotako esperientzia?
Sekulako bizi esperientzia izan da niretzat. Urteotan gauza asko ikasi ditut, esperientzia on asko izan ditut. Ez naiz orain dela hamalau urteko bera; uste dut hobea naizela, asko ikasi dut eta. Esperientzia txarrak izan dira, baina horiek ere irakatsi didate.
Irakaskuntzara itzuli zara orain. Egokitzen?
Bai. Hainbat urte egon naiz irakaskuntzatik kanpo. Ez dut plazarik, baina zerrendetan nahiko ongi nengoen. Politikan eman dudan denbora honetan ez dut punturik irabazi, eta oposizioak ere ikasi gabe egin behar izan ditut. Ondorioz, orain lehen baino askoz beranduago deitzen naute ordezkapenak egiteko. Politikako ate birakariak sartu nintzenean baino beherago utzi nau ni! Azken hilabeteotan lanean aritu naiz, han eta hemen, baina oso gustura. Kontent nago.