laura peganos rodriguez
IRITZIA

Neter

2024ko apirilaren 26a
04:55
Entzun

Duela egun batzuk, Nafarroako errepide bazter batean, indarrik gabe mugitzen ari zen animalia bat ikusi nuen. Katua zela pentsatu nuen, baina ez, handiegia zen eta. Urrutitik bere silueta ikusten zen. Txakurra izan zitekeela bururatu zitzaidan, eta beregana joan nintzen. Astiro-astiro hurbiltzen ari nintzen, beldur txiki bat sartu zitzaidan, krimen baten eszenan banengo bezala. Marru egin zuen, akaso bakea eskatzeko? Lepoa eta zango luze eta argalak hasi nintzen ikusten, apoak geldi-geldi zituen, begirada galduta zuen eta muturretik lerdea zerion, sabela odoletan blai. Arnasa bortizki hartzen zuen eta bularraldea mugitu egiten zitzaion arnasa hartu eta botatzearekin batean. Berak ere nire presentziaren aurrean beldurra sentitu zuen eta mugitzen saiatu zen, baina gorputzak ez zion uzten. Azken marrua bota zuen eta nire begien aurrean hil zen. Zer egin? Porrota sentitu nuen. Nahasita gelditu nintzen.

Oreina zen, oreina! Hemen inguruan badira oraindik? Aldi berean poza eta itxaropena sentitu nituen. Antzinako kulturetan, oreina animalia sakratua zen eta ohoratu egiten zuten. Historiaurreko kulturetan bizitzaren eta heriotzaren arteko bitartekaria zen, eta Europan eta Ipar Amerikan aurkitu dituzten labar-pinturetan bere irudia errepikatu egiten da. Mitologia grekoan, Artemisa, natura basatiaren jainkosa, emakumeen eta ehizaren babeslea, esku artean oreina zuela irudikatzen zen. Kultura zeltetan oreinak natura basatia ulertzen laguntzen zien. Oreina naturaren emankortasunaren eta bizitzaren zikloaren adierazlea izan da. Euskal mitologian ere oreinak garrantzia izan zuen, nola ez! Horren froga dira egile ezezagun baten bertso haiek, Piarres Lafitte baxenafarrak argitaratu zituenak. Orein bihurtu neska izena eman zion 1965ean. Egunez orein eta gauez neskatila bihurtzen zen, baina zakur ehiztariek oreina hil egin zuten.

Animalia jainko pagano hura hilik zegoen nire oinetan, isil-isilik gelditu nintzen. Bere gorpuaren neurri perfektuak miresten ari nintzen eta, bat-batean, lehen aipatu ditudan kontu horiek guztiak burura etorri zitzaizkidan. Mononoke printzesaren animazio-filma ere gogoratu zitzaidan, Hayao Miyazakik egina. Naturaz gaindiko baso bateko zaindarien eta haien baliabideak profanatzen dituzten gizakien arteko borrokari buruzkoa da film hori. Oreina da gerra hau amaitu eta natura birsortu dezakeen animalia bakarra.

Porlanaren, zoladuraren, makinen inbasiotik harago animalia basatiak eta askeak dabiltza, jakina! Haientzat utzi dugun lur eremu eskasean uzkurtuta bizi dira, ezin iraun kasik.

Begiratua eman nuen ingurura, ez zegoen inor, autoak errepidean barna pasatzen, besterik ez, eta konturatu nintzen zeinen erraldoia den natura, zabala eta eskuzabala. Porlanaren, zoladuraren, makinen inbasiotik harago animalia basatiak eta askeak dabiltza, jakina! Haientzat utzi dugun lur eremu eskasean uzkurtuta bizi dira, ezin iraun kasik, gaua iritsi arte itxaroten dute ateratzeko, jateko eta bizitzeko eta hala ere, ez dute lortzen, ez gauez, ez egunez.

Lur jota sentitu nintzen, bere ondoan eseri nintzen eta gure arbaso indigenen otoitz pagano bat xuxurlatu nion belarrian barkamena erregutzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.