«Babesik gabea». Salbuespenak salbuespen, halakoxea da Iruñeko ondare grafikoa, Oscar Brakoren hitzetan (Iruñea, 1964). 2008. urtean, Galiziara egindako bidaia batean, atentzioa eman zion liburu batekin egin zuen topo, Lugon. Hiri hartako errotuluen argazkiek osatutako liburuxka bat zen, eta ondare grafikoaren munduan murgiltzeko hazia erein zuen Brakoren buruan. Euskalerria irratian aritu zen urte luzez, komertzial gisa, eta lan horrek aukera eman zion hiriburuko negozi txiki anitzetako jabeak ezagutzeko. 2010etik aurrera, negozio horietako errotuluen argazkiak egiten aritu da Brako, kartel horien inguruko historian eta istorioetan sakontzen. Orain, liburu batean jaso du egindako lan horren guztiaren emaitza: El patrimonio invisible. Pamielarekin argitaratu berri du.
«Ilusioz» aritu da Brako liburua osatzeko bidean. Lehendabiziko liburua du, eta «tresna» baten gisa hartu du, Iruñeko ondare grafikoaren berri zabaltzeko. Bai eta gordetzeko ere, ondare horren zati handi bat dokumentatzeko baliatu baitu liburua, betiko gal ez dadin. «Tamalez, liburuan jasotako errotulu gehienak desagertuko dira». Brakok 150 ingururen berri eman du liburuan, eta haietako ehun dokumentatzea lortu du.
Ondare Grafikoaren Babeserako Iberiar Sareko kidea da Brako. Serio hartu du zeregin hori; hitz egiten duenean, erraz sumatzen zaio hango eta hemengo, garai bateko eta bertzeko errotuluek «liluratu» egiten dutela. Hiriko paisaiaren parte bat direla nabarmendu du, eta errotuluen historia kartel horiei lotutako negozioen historia ere badela. Historia zati horiek, ordea, ikusezin bilakatzen dira hiriko paisaian: «Hor daude, egunero pasatzen gara haien aurretik, baina desagertzen direnera arte ez diegu kasurik egiten. Kentzen dituztenean, orduan bai: hutsik gelditu den paretaren aurrean jarri, eta han zegoenaz oroitzen gara». Berandu, alegia.
Brakok gorde ditu Iruñeko paisaiatik desagertu diren errotulu horietako zenbait. Zucitola gozotegiko bat lagun baten etxera eraman duela kontatu du. Enpresa itxi dute, eta kartelak paretetatik kendu. Errotuluekin batera desagertu da etxe horren historia hiriko kaleetatik. Brakok lortu du lagin bat gordetzea. Bertze errotulu baten istoria oroitu du: Secundino Redinek bere drogeriarako egindako kartelarena. Brakoren bidez, Iruñeko Arte Eskolak hartu du Redinen errotulua: 1936an hiru hilabetez Secundino Redinen gordeleku izandako erakunde berak, alegia.
Askotarikoak
Dibulgazioa da Brakoren lehentasuna, eta lan hori egiteko argitaratu du El patrimonio invisible liburua: Iruñeko oraingo ondare grafikoa zabaltzeko eta gordetzeko, eta, gainera, ondare hori aztertzen jarraitzeko. «Sakontzen jarraitu nahi dut, bai eta Iruñetik kanpo dagoen ondare grafikoa ikertzen ere. Liburua lan hori egiteko pizgarri bilakatzea nahiko nuke», nabarmendu du egileak.
Liburuan jasotako ondareaz, «askotarikoa» dela erran du; askotarikoak direla materialak eta askotarikoak diseinuak. «1970eko hamarkadan plastikoa sartu zen, eta erabat nagusitu; ordura arte, egurra, kristala, burdina, letoia eta beste erabiltzen zituzten».
«1970eko hamarkadan plastikoa sartu, eta erabat nagusitu zen; ordura arte, egurra, kristala, burdina, letoia eta beste erabiltzen zituzten»
OSCAR BRAKOOndare Grafikoaren Babeserako Iberiar Sareko kidea
Neona ere bai. Garestia zen, ordea, eta, ondorioz, negoziorik indartsuenek baino ez zuten erabiltzen. Iruñeko Udalak garai batean neonak jartzeko emandako diru laguntzak oroitu ditu Brakok: «Udal artxiboan materiala bilatzen ari nintzela, ikusi nuen 36ko gerra ondoko urteetan neona jartzen zuten dendarientzat diru laguntzak banatu zituztela; %25 inguru ordaintzen zieten. Orduko giro iluna argitzeko izanen zen».
Neona jartzeko dirurik ez zutenentzat, margoa zen konponbiderik merkeena. «Kartela paretan margotu, eta kito. Horiek erraz desagertu dira; haietako anitz ezkutuan gelditu dira. Duela hamar urte inguru, denda bateko obretan paretan margotutako errotulu bat aurkitu zuten: toki berean aurretik egondako Dena garajearena. Erlikia bat zen».
Garai bateko errotulu anitz desagertu dira; garai bateko negozio eta denda anitz ere bai. «Kaleak kartelez josita egon ziren garai batean; dendez beteta ere bai. 1980ko hamarkadarekin batera, baina, negozio txiki horien gainbehera hasi zen». Kontsumo moduak eta ereduak aldatu direla azaldu du Brakok, eta aldaketa horiek gertatu direla, neurri handi batean, eraikuntza enpresek eta sustatzaileek bultzatuta. «Merkataritza gune handiek toki bat hartu dute hirigunetik kanpo, eta negozio txikiak aurrera egiteko aukerarik gabe gelditu dira enpresa handi horiek ezarritako jokalekuan». Hirigunera ere iritsi dira merkataritza gune handi horiek —Corte Ingles denda, adibidez, 2005ean ireki zuten—, «administrazioaren eta hedabide batzuen babesarekin».
Laguntzaileak
Oscar Brakok sinatu du El patrimonio invisible; halere, garbi erran nahi izan du «jende askoren artean» ondutako lan bat dela. Ondare grafikoari buruzko ikerketan lagun izan dituenen babesa eskertu du, bai eta liburuan idatzi dutenen ekarpena ere. Koldo Atxagak egin du liburuaren hitzaurrea, eta Marcela Abarzuzak bere haurtzaroko Iruñeko Alde Zaharreko errotuluak gogoratu ditu. Juan del Barriok Nafarroako ondare grafikoa aztertu du bere testuan, eta nabarmendu ditu ondare hori babesteko han eta hemen sortu izan diren egitasmoak; Tafallako Artafarandula kolektiboa aipatu du, bertzeak bertze; kolektibo horren helburua da herriko errotulu zaharrei balioa ematea, artearen bidez.
Bertzalde, Brakoren liburuak Secundino Redinen familiak errotulugile horren lanari buruz egindako testua jaso du, bai eta Kike Diez de Ulzurrunek idatzitakoa ere. Ana Silva Chavesek sinatua da Efe enpresari buruzko testua; enpresa horrek errotuluak egiten zituen, eta Iruñean 1956. urtean jarri zuen bere langileek egindako lehen kartela. «Orain, lan hori egiten duten bospasei enpresa daude Nafarroan», zehaztu du Brakok. Arga izenekoa da horietako bat, eta enpresa haren laguntza bereziki eskertu du Brakok, haien artxiboa baliatu baitu jada desagertuta dauden errotulu anitzen historia jasotzeko.
Iruñeko Alde Zaharreko Emilio Lopez drogeriako errotulua da liburuan agertzen direnen artean zaharrena; ehun urte inguru ditu. 2013koa da, berriz, berriena, hiriburuko Nebula tabernakoa. «Azken hori desagertu da jada». Gaztaroko Iruñeko karrikak oroitu ditu Brakok, kartelez eta dendaz josita; oroitu ditu Gazteluko plazako teilatuetan jarritako zazpi metroko errotuluak; eta oroitu ditu betiko galdu direnak. Oraingo ondarearen arrasto bat jaso du bere liburuan, neona betiko itzali baino lehen. Brakok ondare grafiko horri begira jarri nahi ditu herritarrak, bai eta administrazioa ere. «Inolako babesik ez baitu». Roch tabernako errrotulua da salbuespen bakarrenetako bat. «Errotulu hori ezin da kendu, eraikinaren aurreko aldearen parte delako». Brakok babesa arau bilakatu nahi du, ondare grafikoa ez galtzeko.
FITXA
- Izenburua:El patrimonio invisible.
- Egilea: Oscar Barko.
- Argitaletxea: Pamiela.
- Orrialde kopurua: 141.
- Prezioa: 24 euro.