Nafarroako industriaren aldeko manifestazio batera deitu dute otsailaren 16rako, Iruñean

Zazpi enpresa batzordetako langileek egin dute deialdia; tartean daude BSH, Siemens Gamesa, Sunsundegui eta Nafarroako Volkswagenekoak.

Sei batzordeetako ordezkariek Nafarroako industriaren alde eginiko agerraldia, BSHren fabrikaren aurrean —Tasubinsakoak ez dira bertaratu—. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Sei batzordeetako ordezkariek Nafarroako industriaren alde eginiko agerraldia, BSHren fabrikaren aurrean —Tasubinsakoak ez dira bertaratu—. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
2025eko otsailaren 6a
13:22
Entzun

«Enpresek eraso egin diete gure lanpostuei, eta beharrezko ikusi dugu arazo komun horri erantzuteko elkartzea». Zazpi enpresa batzordetako ordezkariek eskaera bateratua egin diete industriako langileei, sindikatuei, gizarte eragileei eta «oro har Nafarroako gizarte osoari»: otsailaren 16an 12:00etan Iruñeko Golem zinema aretoetatik irtengo den manifestaziora deitu dute, Denok elkarrekin industriaren etorkizunaren defentsan lelopean. Manifestazio «historikoa» izatea nahi dute.

BSH, Sunsundegui, Siemens Gamesa, Nafarroako Volkswagen, Nano Automotive, Tasubinsa eta Tenerias Omega enpresetako langile batzordeak dira deitzaileak. Milaka langile ordezkatzen dituzte, baina, euren berezko egoeraz harago, lurraldeko industriaren egoeraz ohartarazi nahi izan dute. BSHren Ezkirozko lantokiaren sarrera hautatu dute mezua zabaltzeko, Alemaniako zuzendaritzak iragarri baitu ekainean lantokia itxiko duela. 

«Enpresek, lotsarik gabe etorri, eta milaka familiaren bizitza errotik aldatzen dute kolpean. Ezin dugu onartu»

ALFREDO MORALESVWko langile batzordeko burua

BSHz gain, gainerakoak ere ziurgabe daude. Sunsundeguik hartzekodunen konkurtsoan jarraitzen du, eta ez du inbertitzailerik topatu. Siemens Gamesak berrehun langile inguru kaleratzeko asmoa du —tartean Sarrigurenen eta Zamudion (Bizkaia)—. Tuterako Nano Automotiven, hartzekodunen konkurtsotik ateratzeko akordioa lortu zen 2023an, baina berriro arazoak dituzte. Villatuertako Tenerias Omegak, berriz, itxiera iragarri zuen irailean, eta 79 lanpostu kolokan daude. 

Nafarroako Volkswagenen, berriz, elektrifikaziorako trantsizioari aurre egiteko aldi baterako espedientean daude langile ugari. Alfredo Morales batzordeko buruaren arabera (UGT), «inor ez dago libre, edonori gerta dakioke». Gogora ekarri du Volkswagenen ere egoera zailak izan dituztela eta orain gaizki dabiltzanen alboan egon behar dela. «Enpresek, lotsarik gabe etorri, eta milaka familiaren bizitza errotik aldatzen dute kolpean. Ezin dugu onartu. Pertsonak eta haien etorkizuna jarri behar dira erdigunean».

Gogoetak industriaz

Nafarroako industriak %30eko pisua du BPGan, eta ustez sendo dago. Itxurazko kontraesan horri buruz galdetuta, BSHko Juanjo Hermoso de Mendozak (LAB) erantzun du «nazioarteko egoera geopolitikoak» eragina duela enpresen erabakietan. «Datu on bat izateak ez du esan nahi munduko joera horrek ez duela Nafarroan eragingo».

BSHko langileetako bat manifestazioaren deialdiaren kartelaria helduz. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
BSHko langileetako bat, manifestazioaren deialdiaren kartelari helduz. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Oraintxe industria legea eztabaidatzen ari dira, eta, oraindik onartua izateko bide luzea geratzen bazaio ere, beste gogoeta bat egin dute ordezkari sindikalek. «Enpresen aktibo nagusia langileak dira, eta enpresek erantzukizun bat izan behar dute. Hori horrela dela bermatu behar du legeak. Egungoa baino anbizio handiagoa izango duen legedi bat behar dugu», adierazi du Hermoso de Mendozak. 

«Enpresen aktibo nagusia langileak dira, eta enpresek erantzukizun bat izan behar dute. Horri horrela dela bermatu behar du legeak»

JUANJO HERMOSO DE MENDOZABSH-ko langile batzordeko burua

«Ekonomikoki eta beste hainbat arlotan laguntzak jasotzen dituzte enpresek, eta administrazioak eta enpresek bermatu egin behar dute industrian ari diren langileen etorkizuna», gaineratu du Moralesek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.