Nafarroako, Lapurdiko eta Gipuzkoako haurrak saretzeko udalekua eginen dute

Uztailaren 15etik 20ra eginen dute Mugalde, lehen aldiz. 2009an eta 2010ean sortu diren eta Bortzirietan, Oiartzunen, Saran eta Urruñan bizi diren gazteentzat izanen da.

Uda Lekuko haurrak jostatzen
Haurrak udaleku batean jolasean, Saran (Lapurdi), iazko udako argazki batean. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
Urruña
2024ko ekainaren 1a
05:00
Entzun

Euskara izanen du ardatz nagusi Mugalde udalekuak, eta datorren uztailean eginen dute lehendabiziko aldiz. Bortzirietako, Oiartzungo (Gipuzkoa), Sarako eta Urruñako (Lapurdi) gazteen arteko topaketa izanen da, eta xedea da elkarren arteko harremanak ehundu ditzaten.

Uztailaren 15etik 20ra eginen dute egonaldia, Oiartzundik Urruñara, eta 2009an eta 2010ean sortutako gaztetxoentzat izanen da. Martxo bukaeran amaitu zen izena emateko epea: orotara, 27 gaztetxok parte hartuko dute udalekuan.  Antolatzaileak «kontent» dira kopuru horrekin: «Guretzat ere lehen aldia da, eta gustura gaude», nabarmendu dute.

Oiartzungo Ttur Ttur elkarte euskaltzalea izan da proiektuaren abiapuntuan, hain zuzen ere, eta partaide izanen diren herriko etxeekin lankidetzan ondu dute proiektua. Ttur Tturreko kide Aitzol Perez de San Romanek azaldu du Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean «harremanak sendotu» beharra ikusi zutela. Oiartzungo Herriko Etxearekin egin zuten bilkura batean udalekuen ideia atera zen, eta proiektua garatzen ibili dira azken hilabeteetan.

Ione Josie Urruñako Herriko Etxeko euskara teknikariak esplikatu du gisa horretako proiektuek bat egiten dutela herriko etxeak diseinatu duen euskara planarekin. «Transmisioaren alorra biziki inportantea da. Herriko haurren %70ek euskararekin harremana badute eskolan, baina garrantzitsua eta logikoa iruditzen zaigu euskaraz pasatzen duten denbora luzatzea, eta denbora hori ludikoa izatea».

Muga gainetik

Josierentzat bezala, Perez de San Romanentzat beharrezkoa da gazteek euskararekin duten harremana eskolatik kanpokoa ere izatea: «Helburu desberdinak ditu Mugalde udalekuak, baina horietako bat da gazteen arteko sare bat sortzea, euskaraz eraiki ditzaten harremanak, aisialdiaren bitartez». Harri batez bi txori, Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko «distantzia ttipitzeko» balioko duela espero dute antolatzaileek. «Hurbil izan arren, batzuetan elkarrengandik urrun sentitzen gara, eta are agerikoagoa da belaunaldi berriekin». Uste du geroz eta harreman gutxiago dituztela Hego eta Ipar Euskal Herriko gazteek, eta «kezka» hori konpontzeko bideak atzeman behar direlakoan da.

«Logikoa iruditzen zaigu [gazteek] euskaraz pasatzen duten denbora luzatzea, eta denbora hori ludikoa izatea». 

IONE JOSIE Urruñako euskara teknikaria

Ttur Ttur elkartea Oiartzungo Udalaren bitartez, Sarako eta Urruñako herriko etxeekin eta Bortzirietako Euskara Mankomunitatearekin harremanetan ezarri zen. Herriko etxe bakoitzak bere gain hartu du antolaketa, eta, Perez de San Romanen arabera, «elkarlan polita» izan da.

Udaleku ibiltaria izanen da: Oiartzundik Lesakara joanen dira lehen egunean; ondotik, Berara, Sarara, eta, azkenik, Urruñara. Herri bakoitzaren esku izan da gazteek bertan pasatuko duten eguna eta gaua antolatzea. «Urruñan, Ibardingo lepoaren inguruko historiari buruzko tailer bat eginen dute gaztetxoek, jokoen bidez, Ioritz Larraza Urruñako historialariarekin. Mitologia eta natura ere landuko dituzte», esplikatu du Josiek. Euskaraz aritzeko parada izateaz gain, bizi diren ingurumena ezagutarazteko parada eman nahi die gazteei Mugalde udalekuak.

Lehen aldia izanen bada ere, jadanik gerora begira berriz egiteko xedea dutela erran du Perez de San Romanek: «Lehenengo aldia izanen da, eta buruan dugu zerbait xumea egitea. Halere, errepikatzeko gogoz gaude. Ikusiko dugu nola segitu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.