«Nafarra jaio ala egin egiten da?». Galdera horren erantzunaren bila aritu dira Iruñeko Ortzadar euskal folklorearen elkarteko kideak. Euskal dantzaren bidez, besteak beste, nafar kultura zabaltzea du helburu elkarteak. Horretarako, Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo bidaiak egiten dituzte; hala nola Venezuelan, Galesen, Estatu Batuetan, Alemanian eta Grezian izan dira. Azken bidaian Argentinako nafar etxeetan izan dira, eta bertako kideek nafar identitatea nola bizi duten jaso dute Nafar Haziak dokumentalean. Iruñean estreinatu dute. «Argi nuen ez nuela bidaiaren laburpen bat egin nahi; sentimenduetan gehiago sakondu nahi nuen», azaldu du Izaskun Barber de Carlosek, dokumentalaren zuzendariak eta Ortzadar elkarteko kideak.
1994. urtean hasi zen Ortzadarreko kideen eta Argentinako nafar etxeetako kideen arteko harremana. Nafarroako Gobernuaren laguntzaz zenbait dantzari eta musikari Argentinara joan ziren dantza eta musika eskolak ematera. Ordutik, bidaia asko egin dituzte, eta 2022ko azkenekoan bizitakoaren emaitza da dokumentala. Talde osoak bidaia egin duen lehen aldia da; guztira, berrogei lagun joan dira.
Lehendabiziko bidaia egin baino lehen, arbaso nafarrengandik jasotzen zuten euskal kulturaren berri Argentinan. «Adibidez, norbaiten birraitona Lesakakoa zenez eta, dantzaria ez izan arren, gogoan zuenez horrelako zerbait dantzatzen zela, erdi asmatu egiten zuten dantza bat, eta horrekin zerbait egiten zuten», azaldu du Ander Zudaire Lopez Ortzadarreko kideak. Gaur egun, aldiz, bidaian joandakoekin eta Interneten bidez jasotako bideoekin ikasten dituzte dantzak.
Euskal gastronomia, jantzigintza, dantza, musika eta beste irakasteaz gain, ikasi ere egin dute Ortzadarreko kideek euren bidaietan. Zudaire, esate baterako, hirutan egon da Argentinan, eta erlazionatzeko beste bide batzuk ezagutu ditu: «Iruditzen zait harremanak asko zaintzen dituztela; adibidez, leku batera sartzen direnean, denei musu bat ematen diete».
Barberrentzat, berriz, eragin «handia» izan du kultura ulertzeko moduak: «Atentzioa eman dit zer behar duten nortasun edo leku batekin identifikatzeko eta hain urrun dagoen kultura bat gertu sentitzeko».
Transmisioa ardatz
Barberrek dokumental bat egin duen lehenengo aldia da, eta, «erronka handia» izan arren, gustuz egin du lan: «Entzun dugu arbasoren bat dugula Argentinan, baina ez ditugu ikusi, edo niri, behintzat, kostatu zait ikustea sentimenduen inguruko bizipenak». Horregatik, Rut Etxarterekin harremanetan jarri zen gidoia sortu eta elkarrekin dokumentala egiteko.
Hasieran, Argentinan izandako Ortzadarreko kide batzuekin hitz egiten hasi ziren. Ostean, Nafarroako Gobernuak antolatzen dituen udako eskola batzuetan sanferminetara joan ziren nafar etxeetako kide batzuekin hitz egin zuten. «Horrek eman zigun pista jakiteko zer-nolako gaiak jorratu; adibidez, ikusi genuen haientzat oso garrantzitsua dela nafar etxeetan sortzen zen familia eta sentimendua», esan du Izaskun Barberrek. Izan ere, Zudairek esan du nafar kultura belaunaldiz belaunaldi transmititzen ari direla: «Batzuek aitona-amonengandik jaso dute kultura, eta beste batzuek, seme-alabengandik».
Informazioa esku artean zutelarik eta gidoia prestatuta, Iruñetik Argentinara abiatu ziren, baina bidean inprobisatu behar izan zuten: «Argentinan geundelarik, ikusi genuen guk uste baino pisu handiagoa duten beste gai batzuk badaudela, eta horietan gehiago sakontzen hasi ginen». Horrez gain, lan erritmoa ere moldatu behar izan zuten.
Ekialdetik mendebaldera egin dute bidaia, eta hurrenez hurren, Buenos Airesko, Bolivarreko, Rosarioko eta Mendozako nafar etxeetan egon dira. Bertako kideek proiektua bizirik mantentzeko «lan handia» egin dutela nabarmendu du Zudairek: «Buenos Aireskoa, adibidez, oso handia da, baina batzuek ordu eta erdiko bidaia dute entseatzeko. Beraz, jende kopuruari eustea oso zaila da. Bolibarren unibertsitaterik ez dagoenez, gazteek 18 urte betetzean alde egiten ohi dute, eta gazteriarik gabe geratzen ari dira».
Hala ere, nafar etxeen artean elkarri laguntzeko sare bat dago Argentinan, eta lau urtetik behin topaketak egiten dituzte. Azkenekoan, hain zuzen, 150 lagun elkartu ziren.