Iruñeko Heptameron abesbatzako zuzendaria

Miriam Mendibe: «Musikak gizartea eraldatzeko duen indarra balioetsi nahi dugu»

«Asmo feminista batekin» sortu zuten Iruñeko Heptameron emakume abesbatza, 2017. urtean, Nafarroako Ganbera Abesbatzaren barruan. Miriam Mendibe da zuzendaria.

Heptameron abesbatzako zuzendari Miriam Mendibe.
Iruñeko Heptameron abesbatzako zuzendari Miriam Mendibe, hilaren 14an, Iruñeko Kale Berriko hotel batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
edurne elizondo
Iruñea
2024ko ekainaren 24a
05:00
Entzun

Heptameron Margarita Angulemakoaren lanik ezagunena da; 2017tik, Nafarroako Ganbera Abesbatzaren barruan sortutako emakume taldearen izena ere bada. Musikaren esparruan aritu diren eta ari diren andreen lanaren berri eman nahi du Iruñeko Heptameron abesbatzak, urte luzez isilarazitako hitzak ozen entzun daitezen. Miriam Mendibe da zuzendaria (Iruñea, 1966).

Ez da ohikoa emakumeek osatutako abesbatzak sortzea?

Gero eta emakumezko abesbatza gehiago dago. Nafarroan gu ez gara bakarrak. Elkar ezagutzen dugu denok. Pozgarria da gero eta talde gehiago osatzea.

Nafarroako Ganbera Abesbatzaren barruan zaudete zuek. Nola sortu zen Heptameron martxan jartzeko ideia?

Abesbatzako zuzendari artistikoarena izan zen ideia, David Gindanorena. Gure esku utzi zuen proiektua, eta 2017an jarri ginen martxan. Beatriz Agirre izan zen lehenengo zuzendaria. Pare bat kontzertu egin genituen, eta pandemiak dena eten zuen. 2023ko abenduan ekin genion berriz lanari; Nafarroako Gobernuak Urrezko Domina emateko antolatutako ekitaldian kantatu genuen. Geroztik lan eta lan ari gara.

«Gure ondotik etorriko diren emakumeak gureak baino asmo handiagokoak izatea nahiko nuke»

Zer berezitasun du zuen abesbatzak?

David Gindanoren asmoa zen abesbatzako emakumeontzat espazio propio bat sortzea. Proiektuaren zuzendaritza gure esku hartu eta gero, kideok asmo handiagoak zehazten saiatu gara, eta helburutzat hartu dugu emakumeok dugun indarra aldarrikatzen jarraitzea, eta musikaren bidez gizartea eraldatzeko lan egitea, oraindik hagitz matxista baita. Heptameron, beraz, abesbatza bat da, baina bada pentsatzeko eta ikasteko toki bat ere.

Zuen saioetako batzuk bereziak dira, hain zuzen: kontzertu-hitzaldiak egiten dituzue.

Martxoan, Isabel Etxeberriarekin aritu ginen, hark idatzitako Margarita Angulemakoari buruzko liburuaren aurkezpenean. Asteon, emakume musikarien berri emateko egin nahi dugun ziklo bat aurkezteko ere egin dugu kontzertu-hitzaldi bat. Garai ezberdinetako konpositore eta emakume abeslarien lana zabaltzea da asmoa. Finean, musikaren arlo guztietan ari diren emakumeen berri eman nahi dugu.

Ezkutuan egon dena agerian jartzeko?

Bai. Emakumeek egindako lana isilarazten dutenean, emakumeon hitza ere isilarazten dute. Guk lan hori aldarrikatu nahi dugu, eta musikak gizartea eraldatzeko duen indarra balioetsi. Ezagutzen ez ditugun emakume anitz daude musikaren historian.

Historia hori arakatu nahi duzue?

Trobalarien lanaz ari garenean, gizonak izaten ohi ditugu buruan, baina emakumeak ere aritu izan dira trobalari, eta haien lana zabaldu nahi dugu. Beatriz Diakoa, adibidez, XII. mendeko trobalari bat izan zen. Eta bertze anitz izan ziren.

Abesteaz gain, ikerketa lan bat ere egiten ari zarete, beraz?

Bai, eta ez da erraza. Denon artean ari gara ikerketa lan hori egiten; taldean musika irakasleak ere baditugu, zorionez, eta horrek laguntzen du. Elkarri kontatzen diogu aurkitzen duguna, eta sare moduko bat osatuz ari gara behar dugun ikerketa lan hori egiten.

Nolakoa izan da orain arte egindako bidea?

Hagitz aberasgarria. Ni medikua naiz, eta uste dut abesbatzaren bidez ikasitakoak arlo horretan egiten dudan lanari ere eragin diola. Garrantzitsua da gure aurretik bertze emakume anitzek egin dutena aztertzea, eta aitzindari izan direnei duten balioa ematea. Maite dut nire etxeko emakumeek egin dutena nabarmentzea ere, haiek eredu izan baitira. Batzuetan ahaztu egiten zaigu gure aurretik egon zirenek lan handia egin zutela, gu orain gauden tokian egon ahal izateko, hain justu.

Musikarako zaletasuna etxean jaso duzu?

Nire etxeko emakumeak kantuan aritu dira beti. Eta Heptameronen egiten dugun lanaren bidez, emakume horiekin guztiekin are lotuago sentitzen dut neure burua. Aldi berean, garbi dut etorkizuneko emakumeentzat ari garela lanean. Gainera, gure ondotik etorriko diren horiek gureak baino asmo handiagokoak izatea nahiko nuke. Gu ez gara beharko genuke guztia egitera ausartzen, eta tradizioaren pisua sumatzen dugu oraindik gure gainean. Zaila da ikasitakoak eta barneratutakoak bazter uztea, baina hori egin behar dugu, gure ondokoei bidea errazteko.

«Trobalarien lanaz ari garenean, gizonak izaten ohi ditugu buruan, baina emakumeak ere aritu izan dira trobalari gisa»

Belaunaldi ezberdinetako emakumeak batu zarete taldean. Horrek laguntzen du?

Giro hagitz ona dugu, eta ahizpatasuna da nagusi gure artean. Beti nabarmendu dugu gure abesbatza sortu zela asmo feminista garbi batekin, eta gure jarduera orotan erakutsi nahi dugu hori. Gure egunerokoan, eta abesbatzan ere bai.

Kide berriak hartzeko prest zarete?

Noski! Emakume orok zabalik ditu gure abesbatzako ateak. Jatorri anitzetako emakumeak bizi dira hemen, eta atea zabalik da denentzat. Denok bat egitea denontzat da aberasgarria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.