«Psikiatrak erran zidan hobe nuela zaletasun osasungarriago bat bilatu». Javier Tellorenak dira hitzak. Artatzen zuen psikiatrak aisialdian zer egiten zuen galdetu zion, eta Tellok erantzun zionean etxean musika jartzen zuela, hark bertze zaletasun bat bilatzeko eskatu zion. Sarrigurengo Felix Garrido errehabilitazio psikosozialerako zentroan inork ez dio eskatu gustatzen eta interesatzen zaion hori bazter uzteko; alderantziz, gustuko duen hori bere suspertze prozesurako helduleku bilakatu ahal izan du Tellok: Javier Sueskun eta Igor Gil musika ekoizleen eskutik, eta ElektrAV jaialdiaren babesarekin, musika elektronikoko laborategi bat egin dute zentroan azken urtean, eta, egindako lana ospatzeko, emanaldi bat antolatu dute azaroaren 16rako. Tello bera (Dj Desconocido) eta Enrique Henry Tenorio (Dj Teknorio) musika jartzen ariko dira, 12:00etatik 14:00etara, Iruñeko NoHumanID dendan.
Ikusi gehiago
Nafarroako Gobernuarena da Sarrigurengo Felix Garrido zentroa. Javi Tello eta Henry Tenorio han artatzen dituzte. Romy Sordomez zentroko gizarte hezitzailea da, eta musika elektronikoko laborategia sustatu duena. Sordomezek Musika elektronikoaren esparruan aritzen den Musex Industries etxeko Javier Sueskunengana jo zuen, Felix Garridon musika elektronikoa lantzeko asmoaren berri emateko, eta Sueskunek berehala erantzun zuen baietz. «Duela urtebete luze hasi ginen, eta lan zoragarria ari gara egiten. Dibertitzea da kontua, eta laborategiko kideen esku jartzea musika egiteko tresnak», nabarmendu du Sueskunek.
Bertzeekin elkartu
Felix Garrido zentroan bazter utzi nahi dituzte ezinegon psikosoziala dutenen inguruko aurreiritziak eta estereotipoak, musika elektronikoko laborategiaren bidez; Sueskunek, gainera, musika elektronikoaren inguruan daudenei aurre egin nahi die. Tellok eta Tenoriok eskertu dute zentroan musikaren esparruan sakontzeko eskaini dieten aukera, eta laborategian parte hartzeak «on» egin diela nabarmendu dute.
Tello bere gelan hasi zen musika jartzen. Felix Garrido zentroan egin du bertzeen aurrean aritzeko urratsa. «Romyri [Sordomez] erran nion musika jartzea gustukoa nuela, eta, hari esker, zentroko bestan aritu nintzen behin musika jartzen. Laborategian anitz ikasten ari naiz, eta aukera eman dit gelatik ateratzeko eta zaletasun hau bertze batzuekin konpartitzeko», kontatu du. Tello pianoa jotzen ikasten ari da, eta, gainera, musika ekoizpeneko ikasketak hasi nahi ditu.
Henry Tenorio ere «aspaldi» hasi zen musika elektronikoaren esparruan. «Musika beti izan dut gustukoa; mahai bat erosi nuen, eta hasi nintzen lanean. Pandemia lehertu baino lehen, han eta hemen aritu nintzen musika jartzen, baina koronabirusarekin dena amaitu zen. Zentroan hasi naiz berriz ikasten eta gauzak egiten. On egin dit, anitz lagundu dit», erran du Tenoriok.
«Laborategian anitz ikasten ari naiz, eta aukera eman dit gelatik ateratzeko eta zaletasun hau bertze batzuekin konpartitzeko»
JAVIER TELLOSarrigurengo Felix Garrido zentroko musika elektronikoko laborategiko kidea
Javier Sueskunekin batera, Igor Gil musika ekoizlea aritzen da Felix Garrido zentroko musika elektronikoko laborategian irakasle. Aurten egin du bat proiektuarekin, eta «hagitz kontent» da lortzen ari diren emaitzekin. Ostiral goizetan egiten dituzte laborategiko saioak, Sarrigurenen. «Helburu nagusia da parte hartzaileei tresnak ematea musika egin dezaten, eta prozesu horretan ongi pasatzea. Gure asmoa da laborategia pizgarri bat izatea parte hartzen dutenentzat», azaldu du Gilek.
Gilentzat erraza da Felix Garrido zentroan artatzen dituztenek senti dezaketen ezinegon edo sufrimendu psikosozialarekin bat egitea. «Nik badakit gaizki egotea zer den. Depresioak jota egon naiz zenbait aldiz, eta musikak indarra eman dit aurrera egiteko». Zentroan sortutako musika elektronikoko laborategian, beraz, bere esperientzia oinarri hartuta aritzen da Gil. Egoera horrek berdinen arteko bilakatzen ditu zentroan egiten dituzten saioak, neurri batean, eta irakasleek ere «anitz» ikasten dutela nabarmendu du Gilek.
«Ilusioz eta gogoz»
Sufrimendu psikosozialaren esparruan, Felix Garrido zentroaren gisakoek helburu dute helduleku bat eskaintzea, sufritzen ari den pertsona horrek aurrera egin dezan; pertsona horrek bizi proiektu propio bat zehaztea eta proiektu hori gauzatzeko urratsak egitea da kontua. Suspertzea, beraz, prozesu bat da, eta Felix Garridon egiten duten musika elektronikoko laborategia helduleku bat da osatzeko bide horretan direnentzat. «Hagitz garrantzitsua da pertsonen gaitasunei eta zaletasunei so egitea eta horiek sustatzea. Javik [Sueskun] eta Igorrek [Gil] hori egiten dute laborategiko ikasleekin; ikasleok laguntzen dituzte euren osatze prozesuetan», erran du Romy Sordomezek.
Tello eta Tenorio «ilusioz eta gogoz» dira azaroaren 16an Iruñea eginen duten saioaren zain. Javier eta Juan Sueskun anaiak dira Dj Desconocidoren eta Dj Teknorioren emanaldia hartuko duen NoHumanID dendako jabe, Araceli Berronesekin batera. «Ongi pasatzeko aukera eman nahi diegu parte hartuko duten guztiei», erran du Juan Sueskunek.
Tellok «aspaldiko» musikarekin osatutako zerrenda bat egina du jada Iruñeko saiorako, eta, bere ordubeteko emanaldia osatzeko, oraingo doinu batzuen bila dela azaldu du. Askotariko estiloak maite dituela kontatu du, eta landu izan dituela tekno, house, minimal eta bertze. Henry Tenoriok, berriz, hard teknoa du gustuko, baina erantsi du «denetarik jartzea» maite duela. Oraingoz lasai dela aipatu du, baina ziur dela saioa hasi aurretik urdurituko dela. «Hori ona da», erran die Javier Sueskunek bi ikasleei.