Gizona, heldua eta bazterketan harrapatua. Horixe izan da etxegabeen soslaia, urte anitzez behintzat. Aldatzen ari da hori, ordea, egoera horretan daudenak artatzen dituzten erakundeen arabera. Pandemiaren ostean gertatu da hori, bereziki. Egun, zabaldu egin da kale gorrian bizi direnen profila, eta aldagaiak jada ez dira hain zehatzak. Migratzaileak, esaterako, gero eta ugariagoak dira etxegabeen artean. Gazteak dira gehienak, eta adingabeak asko: ehunka kilometrori eta beste hainbeste oztopori egin behar izaten diete aurre etorkizun hobeago bat erdieste aldera. Baina Europara iristean bestelako egoera batekin egiten dute topo, eta kalean bizitzera beharturik egon ohi dira maiz. Abderrahmane Oukhira amaziga (Maroko) da horren adibide.
«Hainbat lagunek lortu zuten Europara etortzea, eta, haiekin hitz egin ostean, ni ere joanen nintzela erabaki nuen», dio Oukhirak. Baina bereziki osasun sistemarengatik etorri zela onartu du: «Izugarria da Europako osasun sistema; mundu guztiak izan beharko luke osasunerako eskubidea». Izan ere, osasun sistema ez da guztiz publikoa Marokon, eta, Oukhiraren erranetan, arazo larriren bat izanez gero, garesti ateratzen da. «Tokatu zaizun familiaren araberakoa da zortea han; dirurik ez baduzu, konplikatua da bizitza ateratzea».
«Izugarria da Europako osasun sistema; mundu guztiak izan beharko luke osasunerako eskubidea»
Beraz, birritan pentsatu gabe, odisea hari ekin zion orain dela bost urte inguru, 22 urte zituelarik. Lehenengo aldia izan zen hura: «Tangerretik [Maroko] Algecirasko [Andaluzia, Espainia] bidean harrapatu ninduten, eta Marokora bueltan itzuli». Beste behin ere saiatu zela adierazi du, baina arrakastarik gabe orduan ere. Bitartean, Tanger ondoko portu batean egon zen: «Kalean nengoen, eta gogorra izan zen, baina gutxienez lantxoak egiten nituen, portuko langileen etxeetan-eta».
Ikusi gehiago
Bidaiaren hasiera
Hirugarrenean bai, asmatu zuen bidea. 2020an izan zen, pandemia betean. «Kamioi baten azpialdean ostendurik lortu nuen Espainiara iristea, batere ordaindu gabe». Zorionez, ez zuen inork ikusi, ailegatu arte behintzat: «Algecirasera iritsitakoan, Guardia Zibilaren txakurrek usaindu eta harrapatu egin ninduten». Ongi tratatu zutela esan du, eta jakiak eta arropa eman. Ez zuten Marokora itzularazi.
Pertsona migratzaileak artatzen dituen programa batean egon zen ondoko hamabost egunetan, eta, ondoren, Almeriara (Espainia) jo zuen, bertako nekazaritza intentsiboan lan egitera. Bi urtez aritu zen bertan: «Garai konplikatuak izan ziren haiek; egoera irregularrean geunden, eta gutaz aprobetxatzen ziren». Portugalen ere egon zela kontatu du: «Bizitza ateratzera joan nintzen; berehala alde egin nuen, ordea, ez zitzaidalako deus gustatu».
Hala, Euskal Herrira etortzea erabaki zuen: Bilbora. «Ez nuen Bilborako autobusa aurkitu, eta hara joan nahi banuen Iruñera zihoana hartzeko esan zidaten». Horrela iritsi zen Oukhira Nafarroako hiriburura. «Iritsi eta berehala, paseo bat eman nuen lehenbizi». Biziki gustatu zitzaiola azaldu du, eta bertan gelditzea erabaki zuela. «Hiri txikia da Iruñea, dena dago hurbil, eta asko gustatzen zaizkit bertako jendea eta kultura».
Alta, distira guztiak ez dira urre izaten. «Iruñean hiru hilabetez egon nintzen kale gorrian». Preseski, hiriko zubi baten azpian eman zituen hilabeteok, beste hainbat lagunekin batera. Baina Poliziak laster bota zituen handik, eta Arrosadia auzoko parke batera joan zen ondoren Oukhira. «Latza da kalean bizitzea; gainera, jendeak epaitu egiten zaitu». Halaber, etxebizitzaren arazoa orokorra dela azpimarratu du: «Kanpokoa ala bertakoa izan, mundu guztiak du etxebizitzarako eskubidea, eta merkatutik at egon beharko luke etxebizitzak».
«Zortea badut, soilik familia ekartzeko itzuliko naiz sorterrira; Iruñean bizi eta betiko geratzea gustatuko litzaidake»
Harik eta Iruñean Paris 365 elkartearekin topo egin zuen arte: «Haien jantokira joaten nintzen, eta asko lagundu zidaten». Aterpe batean egotea lortu zuen, baina hiru egunen buruan bota egin zuten handik, eta berriz ere kalera itzuli zen. Beraz, laguntza eskatu zion elkarteari, eta errolda egiten lagundu zioten. «Errolda egin ondoren, diru sarrerak bermatzeko errenta eskatu nuen, eta eman egin zidaten; azkenean, bizitzeko toki bat aurkitu nuen». Ez zen lan makala izan, bi hilabetez egon baitzen etxe bila, Arrosadian etxe bat topatu zuen arte.
Era berean, gazteak administrazioei eskatu die erraztasunak jar ditzatela: «Lana lortu nahi baduzu, kontratu bat behar duzu, eta, horretarako, bizileku baimena». Gainera, sorgin gurpil horretan murgildurik egotea nahikoa ez, eta kolektiboaz aprobetxatzen direla salatu du. «Almerian lan kontratu bat lortzeko milaka euro ordaindu behar dituzu», jarri du adibidetzat.
Paris 365 elkarteko futbol taldean jokatzen hasi zen orduan. «Johan Bjorkstrom entrenatzaileak galdetu zidan ea zer nuen gustuko, eta, futbola betidanik gustatu zaidanez, horretan aritzea gustatuko litzaidakeela erran nion». Ordutik, Oukhira buru-belarri ibili da taldean, zazpiko futbolekoan lehenengo eta hamaikakoan ondoren. «Iazko liga irabazi genuen», esan du, harro. «Sozializatzeko erreminta ezin hobea da guretzat, asko laguntzen digu».
Bizi berri bat
Pairaturikoa ikasgaitzat dauka Oukhirak, eta indartsua izaten lagundu diola erran du. «Asko ikasi dut, eta ausartagoa naiz orain». Egun, gaztelera ikasten segitzen du, eta oinarrizko ostalaritza ikastaro bat hasiko du aurki. Euskal Herrira iritsi zenetik, iturgintza ikastaro bat eta grabazio eta dokumentazio ikastaro bat egin ditu. Halere, eginak zituen jada Zuzenbide Publikoko ikasketak Marrakexen (Maroko), baina erran du Euskal Herrian ezin dituela homologatu. «Paper guztiak Marokon ditut, eta bertara itzuli beharko nuke horien bila». Halaber, urtebete darama Arrosadiako etxean bizitzen.
Ikastea da, hain zuzen ere, gehien maite duena, baita lan egitea ere. «Gehiago ikastea gustatuko litzaidake, herria aurrera ateratzeko!», adierazi du, barrez. Marokoz hitz egitean, ordea, goibeldu egin zaio aurpegia. «Marokok ez dit ezer eman, eta ez nintzateke bueltatuko». Familia han bizi da, Tinghir probintziako Imider herrixkan, baina espero du haiek noizbait Euskal Herrira etortzea. «Zortea badut, soilik familia ekartzeko itzuliko naiz sorterrira; Iruñean bizi eta betiko geratzea gustatuko litzaidake».