Mendia hartzeko bidean

Irristariak taldea sortu dute Leitzan, emakumeak mendian korrika egitera bultzatu eta komunitatea sortzeko. Errespetua, elkarren arteko laguntza eta sarea dituzte oinarri.

Leitzako Irristariak taldeko emakumeak. Korrika egiteko bat egiten dute.
Leitzako Irristariak taldean bat egin duten emakumeetako batzuk, azaroan, Leitzako kiroldegiko atarian; ezkerretik, Agurne Oronoz, Izaro Martin, Itxaro Zabaleta , Naroa Erbiti, Nagore Mantzizidor, Uxue Zabaleta eta Nerea Astibia. IRRISTARIAK
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2025eko urtarrilaren 31
05:00
Entzun

Gaur egun geroz eta emakume gehiagok mendian korrika egiten duten arren, oraindik «gutxi» direla nabarmendu du Uxue Zabaleta Telleriak, Leitzako Irristariak taldeko kideak. Hura aspaldi hasi zen korrika egiten, bere ahizpa Itxarorekin. «Gure asmoa da emakumeak bultzatzea mendian ibiltzera. Lasaitasun handia ematen duen jarduera bat da, deskonektatzeko aukera ematen baitizu. Gainera, emakumeak mendiko lasterketetan parte hartzera animatu nahi ditugu». Asmo horrekin jarri dute martxan Irristariak taldea, eta jada ia 50 lagunek egin dute bat taldearekin. Komunitatea eta sarea sortu nahi dituzte.

Txikitatik ibiltzen dira mendian Zabaleta ahizpak; oinez hasi ziren, eta gerora hasi ziren korrika. Itxaro Zabaleta hasi zen lehendabizi, eta animatu egin zuen ahizpa. «Jendearekin elkartzen ginenean, gu ginen neska bakarrak, eta, tarteka, elkarrekin ibiltzen ziren beste bi neska ikusten genituen», kontatu du Uxue Zabaletak. Gaineratu duenez, «geroz eta gehiago» diren arren, emakume «gutxi« eta gizon «pila bat» aritzen dira lehiaketetan. «Pena pixka bat ematen du, prest dauden emakumeak badaudelako, baina segurtasunik ezagatik edo beldurragatik ez dira ausartzen». 

Leitzan, esate baterako, urtero Euskal Herria Mendi Erronka lasterketa egiten dute. Erreleboka izaten da, eta duela urte batzuk, emakumeen parte hartzea sustatzeko, erabaki zuten bikote guztietan gutxienez emakume bat egon behar zela. Zabaletak kontatu duenez, «gutxitan» ikusten dira soilik emakumez osaturiko bikoteak. Horregatik sustatu nahi dute emakumeen parte hartzea. «Batzuetan ematen du gutxiago garela eta ezingo dugula egin, baina entrenatuz gero eta gogoa izanez gero lor daiteke».

Leitzako Irristariak taldeko hainbat emakume, herriko mendietan barrena egindako saio batean. IRRISTARIAK
Leitzako Irristariak taldeko zenbait emakume, azaroan, herriko mendietan barrena egindako saio batean. IRRISTARIAK

Egoera aldatzeko asmoz, Leitzako kiroldegikoekin mintzatu, eta kiroldegiaren izenean galdetegi bat bidaltzeko eskatu zuten iazko urrian. Galdetegiaren bidez, identifikatu nahi zuten zenbat neskak duten gustuko mendi lasterketa, zenbatek nahiko luketen egin, zeren beldur diren, eta beste gauza asko. Galderak erantzun zituztenekin, Whatsapp talde bat sortu zuten; guztira, 46 emakume dira orain. «Emakume asko gaude: ama izan berriak, ume txikiak dituztenak, adin batetik aurrerakoak, gazteak... Batzuk ez dira Leitzakoak, baina guk ez ditugu ateak ixten». Taldeko kide guztien motibazioa ere ez da bera: batzuek noizbehinka egin nahi dute korrika, eta beste batzuek, erritmoa hobetu, lasterketetan parte hartzeko. 

Elkar ezagutzeko urratsak

Kide asko direnez, gehienek ez zuten elkar ezagutzen. Horregatik, lehenengo irteeretan elkar ezagutzeko jarduerak egiten ahalegintzen ari dira. Lehenik, nork bere burua aurkeztu zuen Whatsapp taldean. «Hitz egin genuen jakiteko bakoitzak zer maila duen, zer duen gustuko, korrika egin edo ibili, zer-nolako erritmoa daukagun. Asmoa da inor ez sentitzea larrituta ezin duelako aurrera jarraitu», kontatu du Uxue Zabaletak. 

Denak gustura egoteko, irteeren aurretik mintzatzeak garrantzi berezia dauka Irristariak taldeko kideentzat. Zabaletaren arabera, hitz egiteak beldurrak lantzen lagundu dezake. Izan ere, galdetegiari esker ondorioztatu zuten lesionatzea, besteen erritmoari jarraitzeko gai ez izatea eta segurtasunik eza direla askoren beldurrak. Horregatik, taldearen asmoa da «poliki-poliki» hastea, eta ezagutu ahala mendira joatea. 

Irristariak-en xedea Whatsapp talde horretan dauden emakumeekin talde txiki bat sortzea da, «beldurrik gabe» elkarrekin mendira ateratzeko, eta, gero, emakume gehiagori bultzada emateko. «Bakoitzaren denbora errespetatu nahi dugu, eta ez dugu inor albo batera utziko ezin diolako erritmoari jarraitu. Partekatzeko eremu bat ere sortu nahi dugu; azkenean, mendian ez baitzoaz beti korrika. Bidean bada aukerarik esperientziei eta beldurrei buruz aritzeko». 

Zailtasunak

Ez da horren erraza taldea martxan jartzea, elkar ezagutzen ari direlako oraindik eta oso ordutegi desberdinak dituztelako. «Mendira ateratzeko, garrantzitsua da bidea ongi jakitea; beraz, beti gaude bidea dakitenen menpe. Ni lesionatuta nago, ahizpak bide pila bat ezagutzen ditu, eta seguru taldean beste askok dakizkitela, baina oraindik ongi ez dakigu bakoitzak zer bide ezagutzen dituen», adierazi du Uxue Zabaletak. Taldeari forma emateko moduak pentsatzen ari dira; besteak beste, aste tartez asfaltotik korrika egitera ateratzea. Horrez gain, asteburuetan mendi irteerak egin nahi dituzte; lehenik, oinez, bidea ezagutzeko, eta hurrengoan, korrika. Zabaletak erantsi duenez, asmoa elkarrekin aritzea denez, aurrena doana txandakatuz joatea da aukera bat, denen mugak errespetatzeko. 

«Bakoitzaren denbora errespetatu nahi dugu, eta ez dugu inor albo batera utziko ezin diolako erritmoari jarraitu»

UXUE ZABALETA TELLERIALeitzako Irristariak taldeko kidea

Jendea pixkanaka animatzea «zaila» den arren, «gogotsu» daude Irristariak taldeko kideak. «Batzuetan ematen du nik ezingo dudala korrika egin, bestea podiumetan ibiltzen delako, baina badakigu bakoitzaren erritmoak errespetatzen, eta, hitz eginez gero, dena da posible. Elkar errespetatuz sortu dugu taldea, eta elkar errespetatzeko». 

Segurtasunik eza lantzeko, hitzaldiak ere antolatu nahiko lituzkete. Aurrenik, ahal bada, Leitzako jendeak gidatuta, eta, bestela, ingurukoei laguntza eskatuz. Halere, horiek aurrera begirako asmoak dira. Zabaletak nabarmendu du lehen urratsa eta xedea dela emakumeak mendian korrika egitera bultzatzea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.