Memoria izendatu

Hil arteko errepresioa jasan zuten Nafarroako 95 emakumeren izenak eta istorioak bildu dituzte Amaia Kowasch Belasko eta Aitor Garjon Irigoien ikerlariek liburu batean. Oroitu eta omendu nahi izan dituzte.

ruñeko emakumeen espetxea, 1940. urtean.
Iruñeko emakumeen espetxeko irudi bat, 1940. urtean. NAFARROAKO ARTXIBO NAGUSIKO JOSE GALLE FUNTSA
edurne elizondo
Iruñea
2024ko apirilaren 19a
05:00
Entzun

Lore bat, ankerkeriaren ikur. Fermin Valentziaren Maravillas kantak Larragako loretxo bilakatu zuen izen bereko Larragako 14 urteko neskatoa. 1936ko abuztuan, Guardia Zibilak Vicente Lamberto eta haren alaba Maravillas etxetik eraman zituen. Aita hil baino lehen, haren aurrean bortxatu zuten 14 urteko neska; kamioi berean sartu zituzten aita-alabak. «Aita Deierriko Iruñuelako paraje batean hil eta gero, metro batzuk aitzinago, berriro bortxatu eta hil zuten Maravillas», jaso dute Amaia Kowasch (Iruñea, 1990) eta Aitor Garjon (Iruñea, 1989) ikerlariek elkarrekin ondu duten liburuan.

Maravillas Lambertoren memoria ez da inoiz hil, batez ere, haren ahizpa Josefinak zaindu eta zabaldu zuelako, bizi bitartean. Maravillas anitz eragin zituen 1936ko altxamendu militarrak ezarritako errepresioak, baina gehienen istorioek ez dute argia ikusi. Ahanztura horren aurka idatzi dute Kowaschek eta Garjonek Nombres que recorren el tiempo. Mujeres asesinadas en Nafarroa 1936-1948 lana (Txalaparta, 2024). 95 emakumeren izen-abizenak bildu dituzte.

Emakume horien izenak erran, idatzi eta oroitu nahi izan dituzte Kowaschek eta Garjonek; emakume horiek izendatu eta omendu. 1936tik 1948ra bitarteko epea zehaztu dute, frankismoak 1948ra arte ez zuelako gerra egoera bertan behera uzteko bandoa argitaratu, eta 1939ko muga gaindituz, aukera izan dutelako Bigarren Mundu Gerran hildako zenbait andreren berri jasotzeko. Nafarroan jaio eta herrialdean hildako emakumeen zerrenda osatzea hartu dute ikerlariek helburu, baina ez bakarrik hori: herrialdean sortu baina hemendik at hildakoen berri jaso dute, bai eta Nafarroan jaio ez ziren baina herrialdean hil zituztenena ere.

Frankismoak hildako herritar baten aldeko hileta, Azagran, 1978. urtean. JOSEFINA CAMPOS FUNTSA
Frankismoak hildako herritar baten aldeko hileta, Azagran, 1978. urtean. JOSEFINA CAMPOS FUNTSA

Emakumeen kontrako errepresio «askotarikoa» izan zela nabarmendu dute Kowaschek eta Garjonek; hil arteko kasuei erreparatu diete, ikerketaren esparrua mugatzeko. Frankismoak mendean hartutako herritarrei ezarritako errepresioaz harago, emakumeek emakume izateagatik jasan zutena ere aztertu dute ikerlariek. «Errepresio bikoitza sufritu zuten andreek», azaldu du Garjonek. Datuak jaso, baina zenbaki hutsen hoztasunetik urrun, Nafarroan hildako emakumeen istorioak eta historia landu eta zabaldu nahi izan dituzte egileek.

Landa eremukoak

Kowaschek eta Garjonek 95 emakumek osatutako zerrenda argitaratu dute. «Haietako 75 Nafarroan sortuak ziren; hamalau herrialdetik kanpo jaioak ziren, baina Nafarroan hil zituzten; bertze seiren sorterria ezin izan dugu egiaztatu», azaldu dute egileek. 95 emakume horietatik 45 Nafarroan hil zituzten; bi nazien kontzentrazio esparruetan; bat Ipar Euskal Herrian; hiru Frantzian; hamahiru Katalunian; lau Bizkaian; bat Araban; sei Gipuzkoan; eta hamasei Espainian. «Bat desagerrarazi zuten, eta bertze hiru non hil zitiuzten ezin izan dugu egiaztatu», erantsi dute ikerlariek. Landa eremuko emakumeak ziren gehienak, 30 eta 60 urte artekoak, eta herenek politikan militatzen zuten. Errepresioak Erriberako herritarrak jo zituen gogorren.

Aitor Garjon Irigoien eta Amaia Kowasch Belasko, apirilaren 11n, Txalaparten Iruñeko egoitzan, euren liburua aurkezteko agerraldian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Aitor Garjon Irigoien eta Amaia Kowasch Belasko, apirilaren 11n, Txalaparten Iruñeko egoitzan, euren liburua aurkezteko agerraldian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Hainbat herritako artxiboak arakatzen aritu dira Kowasch eta Garjon zenbait urtez, Txalapartak kaleratutako liburua osatzeko. Jose Maria Jimeno Jurio ikerlariak egindako lana ere erabili dute, eta hark memoria historikoaren alde egindako urratsak nabarmendu eta eskertu nahi izan dituzte, hain zuzen ere: «Jimeno Juriok osatu zituen fitxak erabili ditugu, eta gisakoak osatu ditugu lortu dugun informazioarekin. Omenaldi bat egin nahi izan diogu, eta balioa eman egin zuen lan handiari», erran du Kowaschek.

Fitxa horien bidez, emakumeen aurkako errepresioak hartu zituen formen berri eman dute ikerlariek. Sexu erasoak, ile mozteak, emakumeak karrikan biluziaraztea... Emakumeek emakume izateagatik jasotako indarkeriaren zenbait adibide bertzerik ez dira. Espetxe zigorrak ere aztertu dituzte liburuaren egileek, eta kartzelak emakumeak kontrolatzeko balio izan zuela salatu dute. Emakumeek osatutako elkarlan sareak aritu ziren Ezkabako gotorlekuan preso ziren gizonak laguntzen, bertzeak bertze, baina preso hartutako emakumeek ez zuten gisa horretako sarerik izan, eta egoera horrek are gehiago bakartu zituen.

«Liburu hau jada ez da gurea; orain herritarrena da. Parte hartzera deitu nahi ditugu herritarrak, hain zuzen, guk jaso duguna osatzen segi dezaten». 

AMAIA KOWASCH BELASKO Gizarte langilea

Julia Lazaro Etxeberria iruindarrari egin ziotena jaso dute Kowaschek eta Garjonek liburuan: bederatzi poliziak bortxatu zuten Madrilen, eta haurdun gelditu zen. Espetxera eraman, eta hura han erditu eta gero, hil egin zuten. Umezurztegira eraman zuten umea. 

Egileek jaso duten informazioaren arabera, Iruñean sortu eta Madrilen bizi omen zen Julia Lazaro Etxeberria; alderdi komunistako militantea zen, Madrilgo Milizia Herritarren Altzairuzko Batailoiko 5. Erregimentuko milizianoa.

Madrilen aritu dira Kowasch eta Garjon ikertzen, bertzeak bertze, eta hiri horretan, ezustean, Nafarroako bost emakumeren berri jaso zuten: «Ikerketa prozesuko momentu hunkigarrienetariko bat izan zen. Errepublikaren artxiboan Frantziako kontzentrazio esparruetan egondakoen inguruko informazioa aurkitu genuen, eta zerrenda hartan bost emakume nafar zeuden», kontatu du Garjonek.

Osatzen segitzeko

Amaia Kowasch eta Aitor Garjon 2020an hasi ziren orain plazaratu duten liburua osatzeko ideia mamitzen. 78ko Sanferminak Gogoan plataforman egin izan dute bat, bertzeak bertze, eta elkarri lagundu diote nork bere kabuz memoria historikoaren esparruan hasitako bidean. Liburuarekin batera, testuan jasotako emakumeen inguruko testigantzak jaso eta filmatu nahi izan zituzten egileek, hasieran, baina pandemia lehertu eta gero, asmo horiek bazter utzi behar izan zituzten, oraingoz, behintzat.

«Ikerketa prozesuko momentu hunkigarrienetariko bat izan zen. Errepublikaren artxiboan Frantziako kontzentrazio esparruetan egondakoen inguruko informazioa aurkitu genuen, eta zerrenda hartan bost emakume nafar zeuden». 

AITOR GARJON IRIGOIEN Soziologoa

Edonola ere, ondu duten liburuaren helburua «bertze lanen oinarri» izatea dela argi dute biek; garbi erran dute osatu duten lana herritarren esku utzi nahi dutela, informazioa duenak testuan jasotakoa berrikus, zuzendu edo zabal dezan. Ikerketarako erabili dituzten artxiboetan aurkitutako informazioa, kasu anitzetan, «emakumeon borreroek» idatzi edo eman zutela ohartarazi dute. «Liburu hau jada ez da gurea; orain herritarrena da. Parte hartzera deitu nahi ditugu herritarrak, hain zuzen, guk jaso duguna osatzen segi dezaten», azaldu du Kowaschek.

Nafarroako emakumeen historia osatzeko beharra nabarmendu du ikerlariak, hain zuzen. «Denon artean egin behar dugu. Ezkutuko iraganetik atera, eta orainera ekarri behar ditugu emakumeok, sufritu zuten errepresioaren berri jasotzeko», erran du. Bat egin du Garjonek, eta emakumeek jasan zuten errepresioaren inguruan ikertzen jarraitzeko beharra badela nabarmendu du: «Urrats bat egin dugu, baina lan handia dago, oraindik, egiteko». Nombres que recorren el tiempo. Mujeres asesinadas en Nafarroa 1936-1948 lanean, emakume horien izen-abizenak idatzi eta erran dituzte Kowaschek eta Garjonek. Izendatu dituzte. Utzi zuten arrastoa jaso dute. Berriz gal ez dadin.

Araceli Otxoa Lasheras.
Araceli Otxoa Lasheras

Jaio 1910eko maiatzaren 26an, Martzillan.

Bizilekua Martzilla.

Hil Andosilla-Azkoien artean.

Lanbidea Etxeko langilea.

Francisca Alonso Prado.
Francisca Alonso Prado

Jaio 1896ko apirilaren 4an, Azagran.

Bizilekua Azagra.

Hil Errioxan (Espainia), 1936an.

Lanbidea Etxeko langilea.

Higinia Luz Goñi Aiestaran.
Higinia Luz Goñi Aiestaran

Jaio 1906an, Ziraukin.

Bizilekua Paris.

Hil Alemanian, 1943an.

Lanbidea Etxeko langilea eta atezaina. 

 Jesusa Ruiz Melero
Jesusa Ruiz Melero

Jaio 1901ean, Ablitasen.

Bizilekua Tutera.

Hil Tuteran, 1936an.

Lanbidea Loteria saltzailea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.