Hezitzailea

Anne Garmendia: «Marrazkien interpretazioa oso zabala da, hainbat irakurketa izan ditzake»

Adingabeek sufritzen dituzten tratu txarrak marrazkien bidez atzemateko gida bat ondu du Anne Garmendiak Gradu Amaierako Lanean, eta Jaime Brunet saria irabazi du.

(ID_17175115390305) Anne Garmendia Zubikoa, Haur Hezkuntzan graduatua.
Anne Garmendia Zubikoa, Iruñean, NUPeko lorategian. NUP
inaki rubio
Iruñea
2024ko ekainaren 16a
05:00
Entzun

Pertsonen eskubideen defentsa eta babesa ardatz duten Gradu Amaierako Lanak aitortzen ditu urtero NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Brunet fundazioaren eskutik, eta, aurten, besteak beste Anne Garmendia Zubikoa hezitzaileak (Baztan, 1998) jaso du Jaime Brunet saria, Haur eta nerabeek familia barnean bizitzen duten tratu txarren detekzio goiztiarra izeneko lanarengatik. Marrazkien analisia ardatz duen metodologia bat landu du baztandarrak, baita protokolo bat ere, adingabeen babesgabetasunaren aurka nola esku hartu jakiteko. Webgune batean bildu ditu, tratu txarrak atzemanez gero «hezitzaileek gida bat izan dezaten». Halaber, Garmendiak Baztango Udalaren beka lortu zuen iaz, eta ostegunean aurkeztu zuen lana Elizondoko Arizkunenea kultur etxean.

Tratu txarrak goiz atzemateko, marrazkien analisia proposatu duzu. Zergatik?

Metodo osagarri bat da. Tratu txarrak detektatzeko baliabide nagusia behaketa izan ohi da, hezkuntzan nagusiki, informazio anitz jaso dezakezulako. Marrazkien analisiak, ordea, behaketaren bidez jasotako informazioa berresten du, nolabait. Tratu txarren lehen detekzioa egiteko ere balio dezake marrazkien analisiak.

Zer hartu behar da kontuan marrazki bat aztertzean?

Batetik, adinaren arabera sailkaturiko marraztearen etapak. Izan ere, marrazkiak eskematikoagoak dira adin batetik aitzinez. Haurrak badaki marrazten, eta, beraz, irudiak kontzienteagoak dira; ondorioz, zailagoa da analisi argi bat egitea. Bestetik, marrazkia egiteko modua hartu behar da kontuan: zer-nolako tresnak erabiltzen diren, trazua, erabilitako orria eta espazioa, koloreak… 

«Marrazkien analisiak behaketaren bidez jasotako informazioa berresten du; metodo osagarri bat da»

Edozein marrazki azter daiteke?

Ez. Marrazki bideratuak izan behar dira. Irakasleak proposatu behar du zuhaitz bat, familia bat edo paisaia bat margotzea. Horietako bakoitzak bere analisi propioa du: zuhaitzaren tamainak, formak edota osagaiek haurraren nortasunari buruzko informazio asko adieraz dezakete. Segun eta familia nola marrazten den ere —kideen kokapena, pertsonaren adierazpena…—, beste hainbeste informazio lor daiteke.

Beraz, eguzki bat era batean edo bestean marrazteak badu esanahi zehatzik?

Bai. Non kokatzen duzun, nola egiten duzun, zer elementu jartzen dizkiozun… Haurrak gurasoez edo autoritateaz duen pertzepzioa irudikatu dezake eguzkiak; esaterako, eskuinaldean marrazteak, haurrak aitari buruz duen pertzepzioa azaldu dezake. Dena den, marrazkien interpretazioa oso zabala da, hainbat irakurketa izan ditzake; kolore gorriak, esaterako, haserrea irudikatu dezake, baina baita esanahi positiboa ere.

Praktikan jarri duzu inoiz marrazkien analisiaren metodologia?

Bai, baina ez zidan analisia egiteko denborarik eman. Baztango ikastolan aritu nintzen praktiketan, eta bideraturiko marrazkiak egin genituen ikasgelan. Ordea, praktikaldia amaitu eta ez nuen gehiago sakontzeko betarik izan. 

Nolakoa izan zen ariketa?

Beren familia marraz zezaten eskatu nien. Haur batek egin zuen marrazkia izan zen deigarriena: aitaren genitaletatik ateratzen zen eta gorriz margoturiko etxeraino zihoan errepide bat margotu zuen. Ez nuen jarraipena egiteko astirik izan, baina tutorearekin hitz egin nuen. 

«Eguzki bat eskuinaldean marrazteak haurrak aitari buruz duen pertzeptzioa azal dezake»

Nola esku hartu tratu txarrak atzeman badira?

Garrantzitsua da azpimarratzea: marrazkien analisitik ondorioztatutakoek ez dute tratu txarren existentzia baieztatzen; detekziorako bertze baliabide bat baino ez da. Marrazkian zerbait atzemanez gero, behaketa sakonago bat egin beharko genuke ondoren: haurraren familia eta ingurua ezagutu, esaterako. Behin hori azterturik, adierazleak ikusten baditugu edo susmorik balego, gizarte zerbitzuetara jo behar da. 

Tratu txarrak identifikatzeko protokolo batean aztertu duzu marrazkien analisia. Zertan datza protokolo hori?

Lehenik eta behin, protokoloak susmo egoeran nola jokatu eta errebelazio egoeran nola jokatu azaltzen du. Haur horrek tratu txarrak jasaten dituen susmoa badugu, haren inguruari sakonago behatuko diogu, informazio gehiagoren bila. Baina errebelazio egoera batean bagaude, hau da, tratu txarrak badirela baieztatzen badugu, bide orria bestelakoa izanen da: lehen komunikazioa zentroko zuzendariari eginen zaio, eta kausa artxibatzen badu, Poliziarengana joko dugu. Familiako kide babeslea jakinaraziko dugu jarraian, eta gizarte zerbitzuetara jo ondoren. 

«Lan honen asmoa da hezkuntzako profesionalei gida bat eskaintzea»

Webgune batean bildu duzu dena.

Bai, asmoa da hezkuntzako profesionalei gida bat eskaintzea. Hor dago protokoloa, zerbitzuen telefonoak, zer urrats egin eta nola jarraitu… Gainera, euskarri digitala izanik, edozein momentutan kontsulta dezake profesionalak. Dena den, oraindik ez dago ikusgarri. 

Zer ondorio atera dituzu?

Galdetegi bat ondu nuen gizarte eragileetako profesionalen ezagutzak jakite aldera: Baztango Gizarte Zerbitzuei, Foruzaingoari, Elizondoko pediatrari eta Baztan Ikastolako irakasleei galdetegi bat pasatu nien, gaiaren inguruan dituzten ezagutzak neurtze aldera. Ondorioak argigarriak izan ziren: irakasleek ez zuten ezagutza handirik babesgabetasunaren inguruan. Halaber, ikusi nuen ez zegoela profesional guztien arteko elkarlanik, edo ez behar bezainbertze; ezinbestekoa da sarean lan egitea eta eragile guztiak elkarlanean aritzea. Babesgabetasunaren inguruko ezagutza eskasa da, oro har, eta tabu asko daude horren inguruan. Beldurra ematen digu maite dugun haur batek tratu txarrak jasaten dituela pentsatzeak eta esku hartzen ez jakiteak. Bada zer landu, eta ez soilik profesional gisa, oro har; herritar gisa ere bai. Haurrak babestu behar ditugu, hazkuntzan lan egiten ez badugu ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.