Lur azpiko ondarea zaindu nahi dute

Nafarroako Gobernuak Urbasa-Andiko leizeetako ateak itxi ditu: espeleologoen jarduera debekatu du, ondarea zaintzeko asmoz. Nafarroako Espeleologia Federazioko kideak ez dira ados, eta arautzeko eskatu dute.

Nafarroako Espeleologia Federazioak antolatutako eta agerraldia, Nafarroa Parlamentuaren aurrean, Iruñean, martxoaren 4an. NAFARROAKO ESPELEOLOGIA FEDERAZIOA
Nafarroako Espeleologia Federazioak antolatutako eta agerraldia Iruñean, Nafarroa Parlamentuaren aurrean, martxoaren 4an. NAFARROAKO ESPELEOLOGIA FEDERAZIOA
edurne elizondo
Iruñea
2025eko martxoaren 14a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Nafarroak badu ondare bat lur azpian: hamaika kobazulo eta leize, eta hamaika altxor zulo horien barruan. Iraganak utzitako arrastoen gordailu dira koba horiek, bertzeak bertze. Tarteka, espeleologoen jarduerari esker, aztarnak argitara ateratzen dira. 2017an, hain justu, Sakon espeleologia taldeko kideek duela 11.000 urte baino gehiagoko giza hezurdura bat aurkitu zuten Erroibarko Errotalde I haitzuloan: Loizuko gizona. Espeleologoek egiten duten lanaren adibide bat bertzerik ez da. Lan horri, baina, muga bat jarri diote orain: Nafarroako Gobernuak espeleologia debekatu du Urbasa-Andian. Lur azpiko ondarea zaintzea da gobernuaren asmoa. Nafarroako Espeleologia Federazioko arduradunek nabarmendu dute espeleologoek ere helburu hori dutela, ondarea zaintzea, eta garbi erran dute debekua ez dela hori egiteko bidea. Nafarroako Parlamentura eraman dute auzia.

Urbasa-Andia parke naturala da, eta horrek bilakatzen ditu berezi mendilerro horretan dauden haitzuloak: leize horietan sartzeko, hain zuzen, baimena behar da. Nafarroako espeleologia elkarteetako kideek baimenak eskatu izan dituzte, 2020. urtera arte. Gainera, haitzuloetara egindako bisitei buruzko txostenak helarazi dizkiote Nafarroako Gobernuari, parkeko araudiak zehaztu bezala. 2020an, baina, gauzak aldatzen hasi ziren.

«Elkarlanean aritzeko prest gara. Ongi iruditzen zaigu gure jarduera arautzea, baina debekatzea, ez»

SERGIO MARTINEZNafarroako Espeleologia Federazioko presidentea

2020an, COVID-19aren pandemiak dena baldintzatu zuen; espeleologoen jarduera ere bai, eta baimenak bertan behera gelditu ziren. 2021ean eta 2022an, berriz eman zituzten, baina 2022koak izan ziren azkenak. Geroztik, indarrean da sartzeko debekua Urbasa-Andiko leizeetan. 2023an, Nafarroako Espeleologia Federazioak eta herrialdeko elkarteek akordio bat egin zuten administrazioarekin, baimenik ez eskatzeko. Iaz, berriz, gobernuak bere kabuz erabaki zuen baimenik ez ematea, eta aurten ere ez ditu eman. Gobernua mendilerro horretan dauden kobazuloak ikertzen hasi da, eta ikerketa horren araberako txostena kontuan hartuta erabakiko du zer kobazulotan sartzen utzi eta zeinetan ez. Urtean hiru haitzulo aztertuko dituzte; Urbasa-Andian bostehun-seiehun inguru daude. Aurten, Txintxoleze, El Roble eta Puerto Viejo ikertzen ari dira.

Lan saioa

«Debekuak ez du zentzurik. Nafarroan 40-50 espeleologo daude. Trebatuta gaude, eta espeleologia maite dugulako sartzen gara kobazuloetan. Lur azpiko ondarea ezagutu eta zaindu nahi dugu. Beti izan gara Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean aritzeko prest. Ongi iruditzen zaigu gure jarduera arautzea, baina debekatzea, ez». Nafarroako Espeleologia Federazioko buru Sergio Martinezenak dira hitzak. Parlamentuko lan saio batean erran zituen, martxoaren 4an, Ingurumen eta Landa Garapen Batzordeko kideen aurrean. Bitartean, bertze hainbat espeleologok parlamentuaren kanpoko aldean bat egin zuten, beren jarduera babesteko elkarretaratze batean.

Espeleologo bat Urbasako mendilerroko Los Cristinos kobazuloaren barruan, artxiboko irudi batean. SERGIO LABURU
Espeleologo bat Urbasako mendilerroko Los Cristinos kobazuloaren barruan, artxiboko irudi batean. SERGIO LABURU

Espeleologia ez da kirol jarduera huts bat; espeleologoek zientziari lotutako lan bat ere egiten dute, eta lan horrek lur azpiko ondarea babesteko balio du. Horixe nabarmendu du Sergio Martinezek, eta bat egin dute Ernesto Pratek eta Oihana Martorellek. Espeleologoak dira biok: Prat, Otxola espeleologia taldekoa, eta Martorell, Sakon taldekoa. Zientziaren esparru horretan, espeleologoek aurkikuntza arkeologikoak egin izan dituzte Nafarroako hainbat kobazulotan, eta Aranzadirekin lan egin dute, gainera, frankismoaren garaiko fusilatuen gorpuzkiak bilatzen. Ingurumenaren alde ere aritu dira, hainbat haitzulotan pilatutako zaborra ateratzeko lanak egin baitituzte. Jarduera horiek guztiak «kolokan» dira orain Urbasan, Nafarroako Gobernuak ezarritako debekuaren ondorioz.

«Gobernuak zaku berean sartu ditu espeleologoak eta batere kontrolik eta jarduera ezagutu gabe kobazulo batzuetara sartzen diren herritarrak», salatu du Martorellek. Hain zuzen, Nafarroako Gobernuak «masifikazioa» dagoela aipatu du leizeak ixteko erabakia azaltzeko. Pandemiaren ondotik, gora egin du haitzuloetan sartu direnen kopuruak, eta egoerak kezka eragin die Nafarroako Gobernuko arduradunei; lur azpiko ondareari kalte egin diotela nabarmendu dute, eta horregatik erabaki dutela Urbasa-Andian baimenik ez ematea.

«Egia da pandemiaren ondotik jende anitz aritu dela kobazuloetan; ez guztietan, ordea. Jendea kobazulo jakin batzuetan sartzen da, baimenik gabe, sarbidea erraza delako. Horiek ez dira espeleologoak», erran du Pratek. Haren ustez, espeleologoak ari dira herritar horien «jokabide okerraren ondorioak ordaintzen»: «Guk beti eskatzen ditugu baimenak, eta arduraz aritzen gara sartzen garen leizeetan. Zulo bertikal batean sartzeko, sokak eta bertzelakoak behar ditugu; ezin da edozein sartu».

Kontrolik eza

Nafarroako Espeleologia Federazioak garbi du baimenik gabe aritzen diren herritarren jarduera kontrolatu eta mugatu behar dela. Urbasa-Andia parke naturaleko araudiak ematen du hori egiteko bidea, federazioko arduradunen ustez. «Kontua da Nafarroako Gobernuari dagokiola araudi hori betearaztea, eta ez du baliabide nahikorik», azaldu du Ernesto Pratek. Nafarroako Espeleologia Federazioko buru Sergio Martinezek herrialdeko parlamentuan emandako datuen arabera, bi basozain bertzerik ez daude Urbasa-Andiko kobazuloak zaintzeko.

Pratek berretsi du espeleologoak ez daudela beren jarduera arautzearen kontra. Egun, parke naturaletan baino ez dago espeleologia mugatzen duen araudi bat. Larran, adibidez, Urbasa-Andian bezala, baimena behar da hango leizeetan sartzeko. Urbasan ez bezala, ordea, Nafarroako Gobernuak Larran ez du debekurik ezarri. Parkeetatik kanpo dauden haitzuloetan, berriz, ez da baimenik eskatu behar.

Espeleologo bat Urbasa-Andia parke naturaleko Tximua kobazuloan, artxiboko irudi batean. NAFARROAKO ESPELEOLOGIA FEDERAZIOA
Espeleologo bat Urbasa-Andia parke naturaleko Tximua kobazuloan, artxiboko irudi batean. NAFARROAKO ESPELEOLOGIA FEDERAZIOA

«Guk ez dugu gaizki ikusten espeleologia arautzea herrialde osoan; alderantziz, lur azpiko ondarea zaindu nahi dugu, eta, hori egiteko, araudi propio bat behar dugu, herrialdeko kobazulo guztietan indarrean egonen dena», zehaztu du Oihana Martorellek. Hark ez du uste Urbasan espeleologia debekatzea ondarea zaintzeko modurik egokiena denik: «Herrialdeko ondare osoa hartu behar da kontuan. Guk dena babestu nahi dugu».

«Ez dugu gaizki ikusten espeleologia arautzea; alderantziz, lur azpiko ondarea zaindu nahi dugu»

OIHANA MARTORELLNafarroako Sakon espeleologia elkarteko kidea

Nafarroako Arartekoak espeleologoekin bat egin du, eta oroitu Urbasa-Andia parke naturaleko araudiak ez duela espeleologia debekatzen. Arartekoak araudia bete dezala eskatu dio Nafarroako Gobernuari, eta baimenak eman ditzala mendilerro horretako haitzuloak bisitatzeko. Nafarroako Espeleologia Federazioko buru Sergio Martinezek gehitu du «elkarlanerako» prest egon direla eta badaudela, eta proposamen zehatzak egin dituztela beren jarduera arduraz garatzeko. «Ingurumen heziketarako plan bat prestatu dugu, eta kobazuloetara egindako bisitetako informazioa jasotzeko fitxa eredu berri bat ondu dugu», kontatu du. Federazioko arduradunek jakinarazi dute gobernuak ez dituela proposamen horiek kontuan hartu.

Parlamentuko taldeen aurrean, elkarlanerako prest direla berretsi du Martinezek. Taldeek, oro har, esan dute «oreka bilatzearen alde» egin dutela: ondarea babesteko beharra nabarmendu dute, eta, aldi berean, espeleologoen lanaren balioa aitortu. Espeleologoek garbi dute gizartearentzat balio handia duen lan bat egiten dutela haitzuloetan, eta «maite» dutelako egiten dutela. Lanean segitu nahi dute; Urbasa-Andian ere bai.

2.500

Zenbat leize dauden. Nafarroan 2.500 kobazulo inguru daude, Nafarroako Espeleologia Federazioak zabaldutako datuen arabera; haietako bostehun baino gehiago, Urbasa-Andian.

Nafarroako Espeleologia federazioko taldeak

  • Otxola espeleologia taldea. Iruñea.
  • Lizarrako Espeleologia Taldea. Lizarra.
  • Sakon espeleologia taldea. Getze.
  • Kat-Team taldea. Allo.
  • Akelar espeleologia taldea. Iruñea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.