Ana Jaka
IRITZIA

Lotsa eta harrotasuna

2024ko abenduaren 6a
05:10
Entzun

Azaroaren 25etik ia bi aste pasatu direla, onartuidazue, arren, begirada pixka bat zabaltzea eta emakumeen aurkako bortizkeria beste bortizkeria batzuekin lotzea. Biolentzia ezberdinen aurkako egunen agenda bat dago, eta beharrezkoa da indarkeria bakoitza espezifikoki salatu eta fokuan jartzea, gizartea guztiekin kontzientzia dadin; baina, aldi berean, garrantzitsua iruditzen zait denak harremanetan jarri eta haien arteko loturak ulertzen saiatzea.  

Niri bereziki, imajina dezakezuen bezala, erraza egiten zait bortizkeria homofobikoa eta emakumeon aurkakoa erlazionatzea, beste biolentzia motekin ere ariketa bera egin daitekeen arren. Baina gaurko zutabean jatorri amankomunaz hitz egin baino gehiago, indarkeria horiek borrokatzeko estrategietan egon daitezkeen loturei begira jarri nahiko nuke.

Eta zentzu horretan, arreta berezia eman didate A25aren bueltan erabilitako leloek. Beldurra bandoz aldatzetik lotsa bandoz aldatzera pasatu gara. Eta not all men (gizon guztiek ez) esaldiari not all men but allways men (gizon guztiek ez, baina beti gizonek) hausnarketarekin erantzun diogu. Lotsa, beldurra eta gizonak, mugimendu feminista seinalatzen ari den hiru giltzarri. 

Lotsa jarrera bideratzeko akuilua da, bizikidetza ahalbidetzen duten balioak ikasteko baliabide indartsua, hazten lagundu beharko ligukeena. Baina patriarkatuak hazteko ez, bere zerbitzurako hezteko erabili izan du. Lotsa, berez, ez da txarra lotsatzen gaituena lotsagarria bada; aldatzeko borondatea bultzatzen du. Zer den lotsagarria, hor dago gakoa. 

Mende erdi bat darama LGBTIQ+ mugimenduak harrotasuna aldarrikatzen. Badago ulertzen ez duenik. Zergatik harro? Mugimendu feministak lotsaz hitz egiteak lagunduko al du ulertarazten? 

Beldurra. Hitz potoloa da, eta onartu behar dut lotsarekin lotu arte ezinezkoa egin zaidala beltzez jantzitako manifestariekin bat egitea. Baina jarrera ezegokiak dituenak beldurra eduki beharko du ez bada lotsa sentitzeko gai. Ez badu bere kabuz aldatzeko motibazio nahikorik, gizarteak erakutsi beharko dio bidea: hortik ez edo... (adostu beharrekoa).

Gizonak. Utzidazue leloa koska bat estutzen. Beti gizonak baina ez beti emakumeei. Gizonek, gizon izate hutsagatik, bortitz izateko halako legitimitate bat eduki dute, poliziari ematen zaionaren antzekoa. Eta edonoren aurka erabili izan dute, erabiltzen jarraitu nahi dute batzuek, justifikazio txikienarekin (diskurtso batzuek lagunduta, are gehiago).

Gizonek, gizon izate hutsagatik, bortitz izateko halako legitimitate bat eduki dute, poliziari ematen zaionaren antzekoa

Hilabete horretan berean, azaroan, gizon batzuk, edo gizon izateko bidean dauden gazte batzuk, Iruñako cruising zona batean erronda egiten aritu ziren, marikoi hitza oihu, autoa mehatxu gisa erabiliz. Lotsarik gabe, talde harropuztuan, beldurra zabaldu nahian.

Kolektiboaren erantzuna berehalakoa izan zen: mehatxatuei, elkartasuna eta salaketa publikoa. 

Nire buruan lotsa eta harrotasuna hitzak dantzan zeuden. LGTBIQ+ pertsonok ondo dakigu zer den ez dagokigun lotsa gure gain eramatea. Harrotasunarekin borrokatu dugu. Gizarteak lagunduko al digu bandoz aldatzen?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.