Lodosako Pikillo Piperra sor-markak «kalitate onarekin» hasi du kanpaina

Piperrak 198 hektarea hartu ditu aurten, iaz baino %19 gehiago. Irail erdialdean hasi dira uzta biltzen, ohi baino beranduago. Sor-markak herrialdeko zortzi herri biltzen ditu.

Iturri kontserbak
Irail erdialdean hasi zuten pikillo piperren biltzea, Nafarroan. Irudian, Arroizko piperrak, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
edurne elizondo
Iruñea
2024ko urriaren 4a
04:55
Entzun

Hasi dute pikillo piperrak biltzeko aurtengo kanpaina. Lodosako Pikillo Piperra sor-markako herrien artean, Lerin eta Mendabia izan dira biltzen hasten lehenak, baina gainerako herrietan ohi baino beranduago hasi dute uzta biltzeko lana. Lerinekin eta Mendabiarekin batera, Andosilla, Azagra, Carcar, Lodosa, San Adrian eta Sartaguda daude Lodosako Pikillo Piperra sor-markaren araudiaren pean. Sor-marka hori arautzen duen kontseiluko buru Jesus Agirrek nabarmendu du pikillo piperrak 198 hektarea hartu dituela aurten, iaz baino %19 gehiago, hain zuzen ere. «Kalitate oneko produktua» dute, Intia Nekazaritzako Elikagaien Teknologiak eta Azpiegiturak elkarte publikoko teknikariek erran dutenez jasotako lehendabiziko piperrei buruz. Intia arduratzen da sor-markaren barruan ekoitzitako pikillo piperren kontrola egiteaz, landatzen dituztenetik piperrak ontziratzen dituztenera arte.

Kanpainaren hasierako emaitzak kontuan hartuta, aurtengo uzta ona izanen dela uste dute Intiako kideek. Azaldu dute irail hasierako euri zaparradek kalte egin zietela herri batzuetako piper landareei, baina hilabete hasierako ekaitzen ondoko giro lehorragoari esker, produkzioa ez dela murriztu. Pikillo piperrak hartutako azalerak gora egin du, eta uztak ere gora eginen duela azaldu dute Intiako arduradunek. Iaz, bi milioi kilo inguru piper hartu zituzten.

Jardunaldiak

Berandu hasi arren, herritarrek izan dute aukera jada aurtengo Lodosako pikillo piperra dastatzeko: Lodosako Udalak piperrak dastatzeko besta bat egin zuen irailaren 14an, herrian. Nafarroako Gobernuko eta herrialdeko hainbat udaletako ordezkariek parte hartu zuten. Lodosako ikur bilakatu da pikillo piperra, eta udazkenarekin batera, hainbat dira produktu horren inguruan antolatzen dituzten ekinaldiak.

Langile batzuk pikillo piperrak garbitzen, artxiboko argazki batean. NAFARROAKO HITZA
Langile batzuk pikillo piperrak garbitzen, artxiboko argazki batean. NAFARROAKO HITZA

Irailaren 14ko bestari segida emanen diote gaur hasi eta igandera bitarte eginen dituzten Lodosako pikillo piperra goresteko jardunaldiek. Hamalaugarrenez antolatu ditu herri horretako udalak. Urriko lehendabiziko asteburuan egiten ohi dituzte. Biharko azoka izanen da aurtengo ekitaldi nagusia. Lodosako eta Pikillo Piperra sor-markako gainerako herrietako nekazariek postuak jarriko dituzte herriko pasealekuan, herritarrek piperrak dastatzeko eta erosteko aukera izan dezaten. Udalak, gainera, Julian Iantzi telebista aurkezleari emanen dio aurtengo Zilarrezko Pikillo saria.

11 enpresak egiten dute lan Lodosako Pikillo Piperra sor-markaren barruan; hamahiru ziren orain arte, baina Lodosako bi etxek sor-markatik ateratzea erabaki dute aurten. Sor-markako ekoizleek prozesu bera jarraitzen dute euren piperrak ontziratzeko: piperrak jaso eta urarekin garbitzen dituzte; garbitu eta gero, erre egiten dituzte, eta azala eta haziak kendu eta gero, ontziratu. Lodosako Pikillo Piperra sor-markako produktuen berezko ezaugarria da prozesu horretan ez dutela urik erabiltzen piperrei azala kentzeko. Sor-markaren barruan dauden enpresek Lodosako Pikillo piperrak direla ziurtatzen duen etiketa erabiltzen dute ontzietan, pikillo piperra biltzen duten nekazari guztiak ez baitaude sor-markaren barruan.

jardunaldiak

  • GAUR
    • 18:15. Jauregi etxera bisita.
    • 19:30. Piper eta ardo dastatzea. Plazatxoan.
  • BIHAR
    • 10:00. Lodosako pikillo piperraren azoka. Pasealekuan.
    • 11:00. Lodosako erraldoien konpartsa eta gaiteroak. Herriko karriketan barna.
    • 12:00. VIII. Zilarrezko Pikillo saria emateko ekitaldia. Julian Iantzik jasoko du. Baratzean.
    • 13:00. Kalejira Lodosako udal musika bandarekin.
  • ETZI
    • 10:00. Piperren azoka.
    • 12:00. Haurrentzako antzerkia. Erabilera anitzeko gelan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.