Lehen olio tantak dastatzeko

Olibek eskualdean garrantzi handia dutela azpimarratzeko, igandean Ogi Txigortuaren Eguna eta Nafarroako Olioaren Festa eginen dituzte Arroitzen. 25. aldia izanen da.

Herritarrak, Arroitzen, iazko Ogi Txigortuaren Eguna ospatzen. Eskualdeko lehen olioa dastatzeko besta da. ARROIZKO UDALA
Herritar batzuk Arroitzen, iazko Ogi Txigortuaren Eguna ospatzen. Eskualdeko lehen olioa dastatzeko besta da. ARROIZKO UDALA
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2025eko otsailaren 22a
05:00
Entzun

Ogi txigortua eta Nafarroako olioa. Arroitzen ez dute gehiago behar lagunez eta familiaz inguraturik eguna pasatzeko. Urtero bezala, bihar, otsaileko azken igandean, Ogi Txigortuaren Eguna eta Nafarroako Olioaren Festa ospatuko dituzte. Bestaren helburua da herriko olioaren balioa aintzat hartzea, eta etxeetan zeuden errotetan olioa nola egiten zen gogoratzea. «Familia guztiek olibak bildu, zanpatu, olioa atera eta tostada bat jaten zuten suaren inguruan», esan du Angel Moleon Segurak, Arroizko alkateak.

Duela 27 urte hasi ziren eguna antolatzen, baina, pandemiaren ondorioz bi urtez bertan behera gelditu zenez, aurten 25. urteurrena ospatuko dute. «Lehenengo aldiz egin genuenean, gogoan dut herria ez zegoela prest horrenbeste jende hartzeko, eta esaten zutela autoek etxeetako leihoetan aparkatzen zutela», kontatu du alkateak. Hasieran egun bakarreko besta zen, baina urtez urte asteburu osora zabaldu dute. Halere, igandea izan ohi da interes handiena pizten duen eguna. 10:00etan hasten dira, Mendia errotan, eta, bertan, lehenengo oliba bilketatik ateratako olioa dastatzen dute ogi txigortu batekin. 15.000 tostada prestatuko dituzte iganderako.

Arroizko Tostadaren Eguna, iaz. Irudian, hainbat gazte ogia txigortzen. ARROIZKO UDALA
Zenbait gazte, Arroizko iazko Ogi Txigortuaren Egunean eta Nafarroako Olioaren Festan. ARROIZKO UDALA

Oso egun garrantzitsua da Arroitzen, herritarrentzat lagunekin eta familiarekin elkartzeko aukera delako. Herriko etxe eta elkarteetan biltzen da herriko jendea. Horrez gain, 2015ean Espainiako Gobernuak interes turistikoko jai izendatu zituen Ogi Txigortuaren Eguna eta Nafarroako Olioaren Festa. Jende «asko» erakartzen du jaiak, eta 10.000 lagun inguru elkartu ohi dira. Hala ere, eguraldiak jaia baldintzatzen duela dio alkateak: «Batzuetan, azken orduan bertan behera geratu da elurrarengatik, edo, eguraldi kaskarra dagoenean, jende gutxiago etortzen da».

«Lortu dugu Arroitz olioaren eta lehen mailako produktu baten sinonimoa izatea, eta hori ezin da diruz ordaindu»

ANGEL MOLEON SEGURA Arroizko alkatea

Moleonek gaineratu du herriarentzat «oso onuragarria» dela jaia. Alde batetik, ekonomikoki eragina duelako eskualdeko merkataritzan, eta, bestetik, Arroitz mapan kokatzen duelako: «Lortu dugu Arroitz olioaren eta lehen mailako produktu baten sinonimoa izatea, eta hori ezin da diruz ordaindu».

Asteburu osoa

Olioa dastatzeko eta erosteko aukera emateaz gain, egitarau zabala antolatu dute. Voces Graves de Pamplona abesbatza, Kantu taldea eta Alurr dantza taldea aritu ziren atzo, Arroizko elizan. «Herrian entzuten ohi ez diren taldeak ekarri nahi izaten ditugu», esan du Moleonek. Gaur, 16:00etan, olibekin egindako postreen lehiaketa eginen dute. Bihar, dastaketaz gain, Nafarroako eta inguruko artisau produktuen azoka egonen da.

Uxueko Humberto Bustinze irakaslea eta zientzialaria izanen da aurtengo pregoilaria. Aurten, Ogi Txigortuaren Eguna ospatzeko lehen haziak landatu zituztenak omenduko dituzte, hala nola Antonio Barbarin Arroizko alkate ohia eta Mendia errotako Fermin Esandi, Arroizko idazkari ohia. «Haiek festa honetan sinistu izan ez balute, gaur egun ez ginateke hemen egongo», nabarmendu du alkateak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.