URTEKARIA: POLITIKA

Lau olatu handi, kolpeka

Nekazarien protestek urte hasiera baldintzatu zuten; martxoaren 7an parlamentuan indarka sartzen saiatu ziren. Gorenak bertan behera utzi zuen trafiko eskumena itzultzeko prozesua, eta Foru Hobekuntza aldatu behar izan zuten.

Nekazarien protestak
Nafarroako Parlamentuaren aurrean tentsio uneak foruzainen eta laborarien artean, martxoaren 7an, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2024ko abenduaren 20a
05:00
Entzun

Tximeletaren hegaldi batek munduaren beste bazterrean kaosa eragin omen dezake. Antzera, 2024ko urte hasieran izandako gertakariek gerora hiru olatu kolpe handi eragin dituzte Nafarroako politikan. Lehenik, urtarrilaren 27an, Javier Esparzak iragarri zuen UPNren lemazain izateari utziko ziola eta apirilaren 28ko kongresuari begira lehendakari kargua eta zuzendaritza berritzeko prozesuari ekin zion alderdiak. Bigarrenik, otsailaren 6an, sindikatuen eraginpetik at zeuden ehunka laborarik hainbat astez errepideak eta kaleak moztu zituzten, martxoan Nafarroako Parlamentuan indarka sartzen ahalegindu ziren arte. Hirugarrenik, otsailaren 19an, Espainiako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen trafiko eskumenaren eskualdatzea, eta epai horri buelta emateko Nafarroako Foru Hobekuntza aldatzeko prozesuari ekin zioten. Laugarren olatu bat ere gehitu daiteke: mundu mailan, eskuin muturraren eta gorroto mezuen gorakada.

1

Nekazarien protestak

Lehen sektoreak bere haserrea adierazi du aurten: Europako Batasunaren merkataritza akordioak direla, gehiegizko burokrazia dela, hornitzaileek laborariei ordaintzen dizkieten prezioak direla... Nafarroan, otsail hasieran jakin zen laborariak herrialdeko hainbat herritan batzarrak egiten ari zirela mobilizazioak antolatzeko. Topaketa horietan aditzera ematen zen EHNE eta UAGN sindikatuekin ere ez zeudela kontent.

Otsailaren 6 hartan, Iruñea erdigunea eta hura inguratzen duten errepideak moztu zituzten Estellerritik, erdialdetik eta Erriberatik agertutako zortziehun traktore inguruk. Suaren indarra ez zen amatatu ondorengo egunetan, baina protestak apurka beste tonu bat hartuz joan ziren. Talde horretako kideak Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariaren etxe aurrera joan ziren, eta Akitania-EAE-Nafarroa euroeskualdeko agintariek Erriberrin egindako bileran, Txibiteren aurkako irain matxistak egin zituzten.

Martxoaren 7an jo zuen goia oldarraldiak. Parlamentuan, Iruñean, 2024ko aurrekontuak eztabaidagai zirenean. PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak atzera bota zuten laborarien aldarri bati buruzko UPNren zuzenketa, eta kanpoan elkartuta ziren laborarien artean haserrea areagotu egin zen: parlamentu barruan sartzen ahalegindu ziren, oldarka. Foruzainek eragotzi egin zuten saiakera, baina tentsioa handia izan zen. Oldartutakoen artean UPNko bi zinegotzi zeuden, eta mugimendu horren atzean bultzada politikoa zegoela salatu zuen PSNk. Ondorengo asteetan nekazari haietako batzuen kontrako auzibideak ireki zituzten, eta mobilizazioak lasaituz joan ziren. 

2

Gorroto mezuak

Alta, parlamentuan sartzeko saiakerak alarmak piztu zituen. Instituzioekiko eta, oro har, politikarienganako mesfidantza areagotzearekin kezkatuta, maiatzean bildu egin ziren Unai Hualde parlamentuko lehendakaria eta Txibite. Bilera horretatik abiatuta, Hualdek parlamentarien jokabideari buruzko kodea lantzeko lantaldea abiarazi du. Voxek parlamentua bere intereserako baliatzen duela iritzita, beharrezkotzat jo dute legebiltzarkideen jokabide etikoa arautzea, diziplina, interes gatazka eta zigor neurrien inguruko neurrien bidez. Gainera, Nafarroako Gobernuak aurreratu du egiaztatze batzorde bat bultzatu nahi duela, eta prest dagoela administrazioaren arteko jarduna hobetzeko gardentasun neurri gehiago hartzeko. 

Azaroan, Nafarroaren egoerari buruzko eztabaidaren testuinguruan, Txibiteren diskurtsoa zedarritu zuen kezka horrek, eta egungo gobernuaren bazkide diren indarrean artean ere pisu handia hartu du gaiak. Donald Trumpen AEBetako hauteskundeetako garaipenak edo Europako Parlamentuan indar atzerakoiek duten indarrak pentsaraz dezake Nafarroa irla bat dela, baina eskuin muturraren presentziak parlamentuko jarduna baldintzatu egiten du. Gainera, Voxen diskurtsoak UPNri eta PPri eragiten die, eta maiz hiru indarrak eskutik helduta joan ohi dira.

3

UPNn lidergo aldaketa

Izan ere, UPN gero eta ahulago dago, nahiz eta Nafarroan eta Iruñean boto gehien lortu duen indarra izan. Aurretik ere iragarria zuen Javier Esparzak ez zela berriro aurkeztuko foru hauteskundeetan, eta urtarrilaren 27an iragarri zuen UPNko presidentea izateari utziko ziola. Apirilaren 28ko kongresuari begira, argi zegoen udal politikan egon zitekeela Esparzaren ordezkoa, han biltzen baita egun UPNren kapital politiko nagusia: Cristina Ibarrola Iruñeko alkate ohia eta Alejandro Toquero Tuterako alkatea. Alderdiaren kongresua barne gatazka bat bihurtu ordez, biek nahiago izan zuten zuzendaritza elkarren artean banatu, elkarri min handirik egin behar izan gabe. 

 UPNren zuzendaritza berriaren bilera, maiatzaren 7an.
UPNren zuzendaritza berriaren bilera, maiatzaren 7an, Iruñean. NAFARROAKO HITZA

Guztia loturik izan arren, parte hartze apala izan zuen UPNren kongresuak. Izan ere, hamar militantetik hiruk baino ez zuten parte hartu bozketan. Aurpegi eta irudi aldaketaz harago, eduki politiko gutxi izan zuen biltzarrak, eta bestelako gehiengoak egituratzeko zailtasunetan kateatuta jarraitzen du alderdiak, norabide argirik gabe. Zuzendaritza berriak zortzi hilabete bete ditu karguan, eta oraindik ez du aldaketarik ezarri parlamentuko jardueran; Esparza da oraindik ere han taldeko eledun. Halaber, arrazoi pertsonalak tarteko, kide esanguratsu batzuek kargua utzi dute parlamentuan —Maria Jesus Valdemorok eta Iñaki Iriartek— zein Iruñeko Udalean —Maria Etxabarrik—.

4

Trafikoa, geldi

Otsailaren 19an, Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen trafiko eskumena Nafarroari itzultzeko prozesua. Transferentzia dekretu bidez egin izana auzitan jarri zuen Gorenak, eta, erabakia juridikoki eztabaidagarria gerta bazitekeen ere, forma akats hori konpontzeko Foru Hobekuntzaren erreforma azkar bati ekin zion Nafarroako Gobernuak. Azkarra, bere neurrian. Azken batean, Nafarroako lege gorena aldatzeko prozesuak hainbat geltoki ditu bere bidean, eta horiek banan-banan egin behar izan dira. Lehenik, Nafarroako Gobernuaren eta Espainiakoaren arteko negoziazio batzordea osatu behar izan zen. Tramite bat izan zen, berehala jarri baitziren ados. Trafikoa Nafarroaren berezko eskumenen artean sartzea eskatzen zuen aldaketak, hitzez hitz.

Hala, behin akordioa eginda, gaia Nafarroako Parlamentutik pasatu zen. Orduan etorri zen lehen oztopoa: PPk iragarri zuen kontra bozkatuko zuela, baldin eta aurrez bi gobernuek ez bazuten foruzainen eta guardia zibilen arteko lankidetza itun bat hitzartzen. Eskumena bera kamuts uzteko proposamenak agerian utzi zuen Alderdi Popularraren asmoa. Oraingoan, baina, UPNk aurka egin zion, eta gehiengo handiz onartu zen aldaketa. Alta, PPren eta Voxen kontrako botoak zailtasunak iragartzen zituen Espainiako Gorteetan. Izan ere, irailaren 23an onartu egin zen Kongresuan, baina Senatura heldu zenean, PPk bere gehiengo osoa baliatu zuen betoa ezartzeko. Azkenik, berriro Kongresura iritsi zenean onartu zen aldaketa. Hilabete batzuetako geldialdia gainditzea lortu dute, azkenik, eta transferentziari ekin diote berriz.

Foru hobekuntzaren aldaketak

  • 2001. Nafarroako Foru Hobekuntzako 29. artikulua moldatu egin zuten. Ordura arte, gobernuko lehendakariaren inbestiduran gehiengo osoa eta gehiengo sinplea lortu ezean, parlamentuan eserleku gehien zuen alderdiko hautagaia izendatzea zegoen baimendurik. 2001ean egindako aldaketak behartu egin zuen gutxienez gehiengo sinplea lortzera, eta «gehiengo hori ere lortzen ez bada, hautagaia arbuiatutzat hartuko da», dio testuak. 
  • 2010. Nafarroako Gobernuko lehendakariari boterea eman zioten foru hauteskundeak aurreratzeko. Ordura arte, hauteskundeak lau urtean behin egin behar ziren beti.
  • 2024. Nafarroaren berezko eskumenen artean jaso dute errepideen trafiko zaintza. Aurretik ere hala zegoela zirudien, baina Espainiako Auzitegi Gorenak auzitan jarri zuenez, hitzez hitz jaso da eskumena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.