Lehertzear dago Laba elkartearen garai berria

Bihar itxiko dute Iruñeko Laba gunea, eta besta bat egingo dute ospatzeko. Izan ere, agurra ez da behin betikoa izango; «gero arte» esango diote: ondoko ostatua batuko zaionez, aretoa handitzeko obrak egingo dituzte.

Iruñeko Gazteluko plazan dagoen Laba elkartea, handitzeko lanak egin baino lehen, 2024an. AITOR KARASATORRE /FOKU
Laba elkartearen ataria, iazko irudi batean. Gune euskaltzalea Iruñeko Gazteluko plazan dago. AITOR KARASATORRE / FOKU
itsaso jauregi 2
2025eko otsailaren 21a
05:00
Entzun

Iruñeko bihotzean dago Gazteluko plaza. Lehen zuhaitzez josita zegoen eremuan ostatuen terrazak eta hotel baten sarrera daude orain, gaztelaniaz idatzitako menuekin eta kartelekin. Hala ere, hiriko barrunbean zegoen euskal sumendiak eztanda egin zuen 2022an, Laba elkartea ireki zutenean. Duela gutxira arte arkupean zegoen elkartea, ia ezkutuan, ikusezin; baina terraza eskuratu zuenetik, hirian bere tokia indartzea lortu du. Harrezkeroztik, Laba poliki-poliki hedatu eta solidotu da Gazteluko plazan, euskara erdigunean jarrita. Bihar elkarteak ateak itxiko ditu, baina ez da agur esateko izango, gero arte esateko baizik. Izan ere, ondoko ostatua batuko zaio, eta lekua handitzeko lanak egiteko itxiko dute. Oraindik ez dute zehaztu noiz irekiko duten: irailean zabaltzea espero dute. Bien bitartean, jatorrizko eremua agurtzeko besta antolatu dute bihar.

Labaren aretoari gero arte esango diote: bihartik aurrera kafetegia itxita egongo da, transformazioa abiatzeko asmoz. Obra «handia» eta «konplexua» izango dela jakinarazi du elkarteak, zabaldu duten prentsa ohar batean, ondoko Windsor tabernarekin elkartuko baitute gaur egungo aretoa. Abuztutik itxita dago Windsor, eta, egoera ikusita, Labak erabiltzen duen lokalaren jabeekin lotura duen ekimen batetik sortu da aretoa handitzeko aukera.

Goitik behera itxuraldatuko dituzte Labaren kafetegia eta kultur aretoa: oholtza handitu, musika ekipoa hobetu eta aretoa apainduko dute, besteak beste. Leku bakarrean bilduko dituzte elkartea eta ostatua, eta areto handiagoa eta kafetegia izango dituzte eskaintza kulturalak egiteko. Labaren hedapena «pozgarria» dela adierazi du Iratxe Legarra elkarteko kideak, baina iragarri du «lan handia» egin beharko dela: «Gure eragina zabaltzeko eta proiektua indar handiagoz egiteko aukera emango digu, baina erronka ere bada».

Unai Rodriguez Labako kideak argi du: itxura fisikoa aldatu bai, baina esentzia ez da aldatuko. «Lokalaren egitura aldatuko da, baina funtsa, ez. Gu berdinak gara, gehiago bagina hobeto, baina identitatea orain bezalakoa izango da». Sorreratik Iruñeko euskaldun komunitatearentzat toki bat sortzea izan da Labaren xedea. Horregatik, zikloei eta arte erakusketei leku egin diete, euskaraz hain ohikoak ez diren proiektuak euskaraz emateko. «Saiatu gara euskaratik urruti egon daitezkeen horiei leku goxo bat ematen eta harrera beroa egiten. Hemendik aurrera ere halaxe izanen da», dakar Labaren prentsa oharrak. 

Txinparta piztu

Labaren sua COVID-19aren pandemian piztu zen. Maskaren atzean ezkutaturik, Iruñeko kulturgintzan aritzen direnen artean zurrumurru bat zabaltzen hasi zen: Iruñeko Gazteluko plazan lokal bat zegoen, hutsik, eta eta jabe euskaltzaleak prest azaldu ziren lokala uzteko, euskalgintzarako proiektu bat egin zezaten. Bileretan parte hartzeko gonbidapenak zabaldu zituzten, eta Rodriguezek aitortu du «ideia askorik izan gabe» joan zela: «Bakoitza gure taldeetan aritu gara, baina hasieratik hartu dugu proiektua pizgarri bezala».

«Labaren oinarrietan indar handiagoa jartzeko modu bat izanen da, euskararen eta ekimen kulturalen lekua hedatzeko aukera»

IRATXE LEGARRAIruñeko Laba elkarteko kidea

Seismoaren ondoko hilabeteetan, auzolanean ekin zioten aretoa prestatzeari. 2022aren hasieran aurkeztu zuten euskaldunen topaleku berria: euskaratik, euskaraz eta euskararentzat. «Hasieratik genuen euskara Iruñeko erdigunean jartzeko ilusioa, eta uste dut lortu dugula hori egitea urte hauetan», aipatu du Legarrak. Orain arte ibilbide laburra izan duen arren, Laba erreferentziazko toki bihurtu da, kulturgintzan eta euskalgintzan behintzat. Hala ere, hasieratik oztopo «ugari» izan dituztela nabarmendu du Rodriguezek: «Borondatezko lana eta euskara erdigunean jartzen dugu, eta hori ez da ohikoa. Kapitalismoan oinarritzen den gizarte honetan gure proiektuak ez du dirurik sortzen, eta hori ez da erakargarria boterean dauden batzuentzat».

Terrazaren bila

Otsail hotzean ez da oso ohikoa, baina eguzkia lainoen artean agertzen denean jendea Labako terrazan pilatzen da, kafe bero bat eskuartean duela. Egoera hori duela gutxira arte «pentsaezina» zen, Legarraren esanetan: «Beti da posible oztopoak agertzea, eta gutxien espero dugunean agertzen dira. Horretarako prest egon behar da beti». 2023ko hasieran negozio pribatu batek erabiltzen zuen orain Labaren terrazak duen tokia: Windsor tabernak.

Terraza lortzeko bidea oztopoz josia izan zuten Labako kideek, nahiz eta terraza jartzeko eskubidea izan aurrez Windsor tabernak zeukan tokian, 2002ko Foru Dekretuak dioenez, bederen: «Bakarrik baimenduko zaie terraza honako izendapena duten establezimenduei: tabernak, kafetegiak, jatetxeak, eta taberna eta kafetegi bereziak. Kafe dastamenerako izendapena dutenei ere terraza baimenduko zaie».

Laba, bere terraza lortu baino lehen, 2023an. - AITOR KARASATORRE / FOKU
Laba elkartearen aurrean Windsor tabernaren terraza, 2023ko irudi batean. AITOR KARASATORRE / FOKU

Elkarte euskaltzaleari behin eta berriro ukatu zioten mahaiak eta aulkiak kalera ateratzeko baimena. 2022ko urrian, Labaren alde ebatzi zuen Nafarroako Administrazio Auzitegiak, eta onartu egin zion terraza erabiltzeko eskubidea. Dena den, Enrique Maia Iruñeko orduko alkateak blokeatu egin zuen baimena eta Nafarroako Gobernuak esku hartu behar izan zuen. Auzi «korapilatsua» eta «luzea» izan zela adierazi du Rodriguezek. «Ez dut ulertzen nola mindu dezakeen norbait hizkuntza batek, gure lurraldeko hizkuntzak».

Auzia gora, auzia behera, Laba terrazarik gabe zegoen 2024 hasieran. Maiatzean, Nafarroako Gobernuak iragarri zuen Administrazio Auzitegiaren ebazpena betearaziko ziola udalari eta, hortaz, Labak terraza paratu ahalko zuela. Geroztik, elkartearen mahaiek eta aulkiek apaintzen dute Gazteluko plazako izkinetako bat, Iruñeko bihotzean.

«Ez dut ulertzen nola mindu dezakeen norbait hizkuntza batek, gure lurraldeko hizkuntzak»

UNAI RODRIGUEZIruñeko Laba elkarteko kidea

Labak berez kafetegiaren lizentzia dauka oraingoz, eta horrek muga batzuk ezartzen dituela aipatu du Rodriguezek, ezin dutelako alkoholik saldu, esate baterako. «Ez dut esan nahi txarto joan denik, askok begi onez ikusi dutelako Laban alkoholik ez saltzea, baina, gutxienez, jendeak alkohola eskatzeko aukera izatea nahi genuen», adierazi du. Orain arte alkoholik gabeko salmenta eduki dute, baina lokala handitzearekin batera lizentzia gehiago lortzeko aukera izango dutela uste dute sareko kideek; gutxienez, garagardoak saltzeko aukera izatea aurrerantzean. 

Kafetegia Labak kudeatu du orain arte, baina, obren ondoren irekitzen dutenean, elkartea programazio kulturalaz baino ez da arduratuko. Hau da, ostalaritza zerbitzua toki berean egongo da, Labaren parte izango da, baina ez dute elkarteko kideek kudeatu beharko, Legarrak zehaztu duenez: «Labaren oinarrietan indar handiagoa jartzeko modu bat izanen da, euskararen eta ekimen kulturalen lekua hedatzeko aukera bat».

Oztopoen gainetik, kontzertuak, liburu eta disko aurkezpenak, hamaika borrokaren proiektuak, zikloak, drag showak, DJ emanaldiak, umore jaialdiak eta bertso saioak izan dira Labako oholtza gainean, besteak beste. Hurrengo hilabeteetan, agertokia desmuntatua den bitartean, sua beste gune batzuetara hedatuko dute, ohiko jarduerari eutsiko baitiote, Legarrak jakinarazi duenez: «Ez gara geldirik egongo, Iruñearen sare baten parte garelako, eta beste eragile batzuekin elkarlanean arituko gara». Harremanak «sendotzeko» aukera ere izango da, Rodriguezen ustez: «Inguruko elkarteen artean geure burua ezagutarazteko aukera da. Horrelako egoeretatik bide berriak sortzen dira, eta lokala itxita egongo den bitartean beste eragileekin elkarlanean arituko gara. Gure ekitaldiak eurenean izateko prest daude asko».

Lehertzear dago

Asteazken arratsaldero, Laba ireki bezain pronto, euskara ikasten ari den lagun talde bat sartzen da gunean. Kafea hartu bitartean, euskara praktikatzen dute Ane Zelaia Labako langilearekin, baita beste bezeroekin ere. «Ikasi dutena praktikatzera etortzen dira, eurentzat oso leku segurua delako», adierazi du Zelaiak. Langile hark barra atzetik egunerokotasuna ikusten du, eta Labaren etorkizunaren inguruko berria hedatu zenetik bezeroen mezu goxoak pilatu ditu: «Asko pozten naiz!», «berri bikaina da!» edota «ea laster irekitzen duzuen!», entzun ditu besteak beste; poza eta pena nahastu dira egun hauetan. 

Laba elkarteko kafetegia, 2023an. - AITOR KARASATORRE / FOKU
Laba elkarteko kafetegia, duela bi urteko irudi batean. AITOR KARASATORRE / FOKU

Tokia handituta, Zelaiak dio ekitaldi gehiago egiteko aukera izango dutela, eta Laba taberna hutsa baino gehiago dela: «Badaude horrelako tokitxoak, arnasguneak, eta oso garrantzitsuak dira hirian. Laba da horietako bat». Arnasgunearen aretoa agurtzeko besta antolatu dute biharko. Ekitaldiari ekiteko, azoka bat egingo dute, 12:00etan, DJ Barbariek girotua. Ondoren, Monton tabernara joango dira bazkaltzera, eta, gero, dantza eta abestiak izango dira Laban, aretoari gero arte esateko.

«Lehertzear dago», diote Labako sare sozialetan zabaldutako bideoan. Sumendia 2022an lehertu zenetik, laba pixkanaka hedatzen joan da Gazteluko plazan barna: aretoa arkupean hasi, terrazara atera, eta ondoko tabernara hedatu da. Iruñearen erdigunean lekua aurkitu du Labak, eta «luzaroan» geratuko dela azpimarratu du Rodriguezek: «Amets hori egia bihur daiteke, eta zergatik ez gurea bezalako proiektu batean? Hasieran oso urrun ikusten genuen hau guztia, baina badirudi posible izango dela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.