Abeslaria

Emma Marie Coly Mullet, 'Yakone': «Kultura tradizionala maite dut, gizarte batek benetakoa duena delako»

Haurtzaroko oroitzapenetara itzuli da Yakone, afro-folk eta flamenko doinuak nahastuta. Fusioa maite du, «eztanda bat» delako. Amatxi eta aitatxi omendu ditu diskoan.

Emma Marie Coly Mullet 'Yakone' abeslaria, Bardean, diskorako egindako irudi batean. YACONE MUSIC
Emma Marie Coly Mullet 'Yakone' abeslaria, Bardean, diskorako egindako irudi batean. YACONE MUSIC
Iker Tubia.
Iruñea
2024ko uztailaren 15a
05:00
Entzun

Yakone hitzak bakarra esan nahi du dioleran, eta Emma Marie Coly Mullet abeslariaren (Dakar, Senegal, 1986) izen artistikoa ere bada. Iruñean bizi da, baina nagusiki kanpoan ematen ditu kontzertuak, beti bere bandak lagunduta. Aurten karrikaratu du lehenbiziko diskoa, Muestra de amor (Maitasun adierazpena), nahiz eta musikari ibilbidea aspaldi hasi zuen. Pasioz mintzo da musikaz.

Muestra de amor diskoaren izenburuak ez du zalantza izpirik uzten. Zergatik kantatu diozu maitasunari?

Disko hau nire aitatxi-amatxiri eskaini diet. Nire aitatxi Andratxekoa zen [Herrialde Katalanak], eta amatxi, Senegalgoa. Diskoa bi kulturen fusioa da, beraz: afrikar kultura eta, niretzat, espainiar kultura islatzen duen hori, flamenkoa. Nire haurtzaroan Camaron de la Isla, Gipsy Kings eta abar aditzen nituen amarekin. Horrekin hazi naiz. Eta horrekin batera, kanta eta musika afrikarrarekin. Orduan, nire haurtzaroko sentimenduen nahasketa bat da. Aitatxi ez nuen ezagutu; nire amatxiren eta izeben bidez ezagutu dut. Amatxik, azken hatsa hartu arte izan zuen senarra hil izanaren pena. Horregatik izenburua.

Zure aitatxi Antonio Mullet Colli buruz zer dakizu?

Nire aitatxi frankismoaren biktima bat izan zen. Arrantzalea zen, errepublikanoa, eta Bartzelonan heriotzara kondenatu zuten. Eskapu egin zuen, Frantziara ihes egin, eta, hamar urteren ondoren, Senegalera joan, eta nire amatxi ezagutu zuen. Maitasun istorio eroa izan dute.

Amatxi bai, ezagutu zenuen; zer harreman zenuen harekin?

Marie-Louise deitzen zen, eta haren izena daramat nik ere. Oporretan bere etxera joaten ginen, Casamancen, hiritik kanpo zuen baserrira. Baratzetik tomateak, luzokerrak-eta hartzen genituen, eta oiloak ere bazituen. Amatxik gosaria egiten zigun, eta oroitzapen hori oso gogoan dut. Duela bi urte hil zen.

«Diskoa bi kulturen fusioa da: afrikar kultura eta, niretzat, espainiar kultura islatzen duen hori, flamenkoa»

Afro-folk eta flamenko nahasketa egitea erraza izan da, kontuan izanik txikitatik bata eta bestea izan dituzula inguruan?

Diskoa Senegal eta Nafarroa artean egin dut. Erraza izan da, eta, aldi berean, ez. Soinu ezberdinak dira, eta aditzera ohituta gauden horretatik aldendu naiz. Jendeak, aditzean, esaten dit: «Musika afrikarra da, baina badu flamenkotik...; tira, zure musika da».

Nondik heldu zaizu musikazaletasuna?

Nire birraitatxi musikaria zen; osabak ere, musikariak. Aitak esaten du odoletan daramadala musika. Nik ez nuen musika ikasi, berez etorri zitzaidan. 2000. urtean neska banda bat sortu genuen; kantatu eta dantza egiten genuen. Banda desegin zen, baina nik ezin izan nion musika egiteari utzi. Neuk idazten ditut nire kantak, eta niretzat behar bat da nire emozio guziak kantuetan biltzea.

UB40, Steel Pulse edo Third World reggae taldeak, eta Fela Kuti afro-beat-aren sortzailea dira, besteak beste, zure erreferenteak?

Kontua da nire lehenbiziko diskoa aitatxi-amatxiri eskaini nahi niela. Afrikar kantuekin identifikatzen naiz, eta begi kliska egin nahi nion flamenko kulturari, asko maite dudalako. Ni ez naiz flamenko abeslaria, hori argi utzi nahi dut. Nolanahi ere, nik afro-folk, soul eta reggae egiten dut, eta bigarren diskoa prest dut. Disko hori nireagoa izanen da. 

Beraz, zu erosoago zaude reggae eta soul estiloetan?

Reggae, soul, folk...; hori da nire giroa. Bigarren diskoan reggaea pixka bat light rock izanen da. Fusioak maite ditut, fusioa eztanda bat delako.

Lehenbizikoa atera, eta bigarrena prest. Noizko?

Ez dakit. Oraingoz, lehenbizikoan arreta jarri nahi dut.

«Ezin nion musika egiteari utzi; neuk idazten ditut kantak, eta behar bat da emozioak kantuetan biltzea»

Musika estiloak nahastea maite duzu, baina hizkuntzak ere bai, ezta? Frantsesa, ingelesa, diolera eta gaztelania aditu daitezke diskoan.

Normala da, nik hizkuntza horiek hitz egiten ditudalako. Nire ama hizkuntza frantsesa da. Gaztelaniaz ez dut ongi egiten, eta amak beti errieta egiten dit horregatik [ama espainiarra du]. Dioleraz moldatzen naiz, baina hitzak aitak zuzentzen dizkit, hura oso fidela baita bere kulturari.

Flamenkoko esku zartek ukitu berezia ematen diote kantu batzuei.

Bai, ederra da. Niri kultura tradizionala asko gustatzen zait, izan europarra, izan afrikarra, izan magrebtarra... Kultura tradizionala maite dut, ez delako faltsua, gizarte batek benetakoa duena hor dagoelako.

Niños (haurrak) kantua gogorragoa da. «Munduan miseria bizi duten haur guziei», esaten du. Zerk eraman zaitu hori kantatzera?

Casamancen ikusi ditut niniak dituzten 13-14 urteko neskatilak, haurrak, eta Darfurren mutikoak gerran aritzen dira. Niri izugarria iruditzen zait hori; haurrak baino ez dira. Uste dut kanta hau motz gelditu zaidala, asko dut esateko horri buruz, eta uste dut gaia gehiago landuko dudala aurrerantzean.

Zure musikari taldea Gnila Mansa deitzen da (Erregearen semeak, dioleraz). Zertan datza?

Lau musikari dira: gitarra, baxua, bateria eta teklatua, eta Frantzian bizi dira. Urte asko daramat haiekin lanean, haiekin sortzen ditut kanta guziak. Egia esan, zoragarriak dira, artista oso ezagunekin lan egin dute, eta nire proiektuan bete-betean sinesten dute.

Nafarroan jotzen duzu edo gehiago atzerrian?

Hemen duela bost urte jo nuen. Bandarekin ibiltzen gara Frantzian, Suitzan, Belgikan… Baina aurten bi emanaldi ditut Nafarroan: urriaren 25ean, Burlatako kultur etxean, eta irailaren 9an, Lizarrako Los Llanos kulturgunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.