Iruñeko Redin kalea bare da eguerdi aldera. Jende gutxi pasatzen da orduan, eta kalean diren apurrak Arrano elkartera sartzen dira. Kanpoan zarata gutxi entzuten da, eta barrenean, berriz, auzoko bizilagunen bizipozaren soinua. Asteartero, 14:00etatik 16:00etara, bazkaltzeko elkartzen dira auzokideak. AZ sare komunitarioak bultzatuta, Alde Zaharreko jantoki herrikoia antolatuko dute ekainera arte. Asmoa da espazio bat izatea komunitatea indartzeko eta saretzeko.
Iaz hasi ziren proiektuarekin, eta, jantokiak izan zuen harrera ona ikusita, aurten bide horretan gehiago sakontzea erabaki dute. Asier Cabodevilla AZ sareko kideak azaldu duenez, barne topaketa batzuetan sortu zen jantokia antolatzeko ideia, «kooperatibismoa lantzeko» eta «komunitatea sortzeko» asmoz: «Ikusi genuen auzoko jende askok gaizki edo presaka jaten zuela lanagatik edo bakarrik bizi delako. Beraz, pentsatu genuen gabezia horri aurre egin geniezaiokeela eta, bide batez, elkarrekin bazkaldu eta errutina bat sortu». Izan ere, Cabodevillaren ustez, onura asko ditu herri jantokiak: «Alde batetik, jende askorentzat kozinatzeak kostuak murrizten ditu. Bestetik, lan zama gutxitzen da. Gainera, komunitatea sortzeari begira oso proiektu polita da».
«Uste dugu eredugarriak izan behar dugula eta, auzo ekimen bat den aldetik, ezin dugula saltoki handietan erosi, baina batzuetan ez dugu beste aukerarik, kostuagatik»
ASIER CABODEVILLAIruñeko AZ sareko kidea
Auzotik eta auzoarentzat egindako ekimen bat da, eta elkarlanean aritzea dute helburu. Sukaldariak finkoak dira; aurten, Amets Gil Azkarate eta Xabi Amillano ari dira horretan. Lana aurreratzeko, ahal duten guztia astelehen arratsaldean prestatzen dute, eta falta dena, asteartean bertan. Gainerakoa txandaka egiten dute: mahaia paratu, garbitu, sukaldean lagundu eta beste. Elkartearen atariko mahaian eman daiteke izena.
Otorduak «merkeak» eta «bertako» produktuekin egindakoak izatea nahi dute. Cabodevillak esan duenez, oreka bilatzen ari dira: «Uste dugu eredugarriak izan behar dugula eta, auzo ekimen bat den aldetik, ezin dugula saltoki handietan erosi. Horregatik, auzoko dendetan erosi nahi dugu, baina batzuetan ezin da, kostuak asko igotzen direlako».
Zazpi euro balio du menuak, baina bi hilabeteko abonua erosi behar da. Horrela, saldutako abonu kopuruen arabera antolatzen dituzte otorduak. Ia bonu guztiak saldu dituzte dagoeneko: hirurogei inguru. Hala ere, gutxi batzuk eskura daitezke oraindik. «Ezin bazara bazkarira joan, beste pertsona bati pasatu ahal diozu abonua», adierazi du Cabodevillak.

Iruñeko AZ sareko kideak gaineratu du ez dutela jantoki sozial bat izan nahi, ezta jatetxe bat ere, jantoki herrikoi bat baizik. «Helburua ez da kostuak ahalik eta gehien murriztea ahalik eta jende gehiagorengana iristeko. Nahi duguna da janari ona eskaintzea, giro polita sortzea eta auzoko jendearen artean harremanak indartzea egunerokoan».
Kuadrillak apurtu
Adin guztietako jendea doa jantokira, eta, AZ sareko kideen harrigarri, adineko pertsona asko agertu dira iaztik: «Uste genuen ez zela sektore militante bat, edo gehiago kostatzen zela haiek mugiaraztea egunerokoan, baina bakarrik bizi diren jubilatu asko etorri dira. Oso polita da».
Isabel Iribarren, esate baterako, lehenengo aldiz azaldu da aurten. Momentuz, giroa «oso polita» dela dio. AZko jardunaldietan izan zuen proiektuaren berri, eta «oso ideia ona» dela iruditu zitzaion. Bikotekidearekin bizi da Iribarren, baina hura eguneko zentro batera joaten denez, bakarrik bazkaltzen du: «Jende desberdina ezagutzeko eta auzoko gauzei buruz hitz egiteko aukera ematen du».
«Jende desberdina ezagutzeko eta auzoko gauzei buruz hitz egiteko aukera ematen du jantokiak»
ISABEL IRIBARRENIruñeko AZ sareko jantokiko erabiltzailea
Julen Pastorrentzat ere esperientzia berri bat izan da. Iaz zalantzati zegoen, baina aurten aitatasun baimena dela-eta goizak «lasaiago» dituenez, asteartero doa jantokira bikotekidearekin eta haurrarekin. Pastorren ustez, bazkaltzeko ordutegia «zabala» da, ez da jendea pilatzen eta «beti» dago giro ona: «Kuadrillaka esertzen gara oraindik, baina, aldi berean, eremua partekatu egiten dugu ezagutzen ez dugun jendearekin. Horrek etxean bakarrik jateak baino komunitate eta lotura handiagoa sortzen du».
Bat egin du horrekin Cabodevillak, eta nabarmendu du Alde Zaharreko jantokiaren erronka nagusietako bat dela betiko kuadrilla horiek apurtzea, nolabait: «Jendea binaka, hirunaka edo taldeka jartzen da. Oraindik kostatu egiten zaigu, horregatik jarri ditugu mahai luzeak. Gutxinaka, muga horiek hausten eta komunitatea sortzen ari gara».
Horrez gain, etorkizunari begira AZ sareko kideen asmoa da jantokia astelehenetik ostiralera ireki ahal izatea, baina, Cabodevillaren ustez, «zaila» da oraindik: «Ikasten ari gara».