Klimaren Aldeko Aliantzak auzitara jo du, azkenean, Nafarroako Gobernuaren aurka

Maiatzean errekerimendua bidali zion Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuari; gobernuak erantzun ez duenez, ekologistek helegitea jartzeko urratsa egin dute.

Klimaren Aldeko Aliantzako Lorea Flores, Rafa Aldai, Oscar Larrañeta eta Camilo Moleiro.
Klimaren Aldeko Aliantzako Lorea Flores, Rafa Aldai, Oscar Larrañeta eta Camilo Moleiro, urriaren 31n, Iruñeko Geltokin. IÑIGO URIZ / FOKU
edurne elizondo
Iruñea
2024ko azaroaren 9a
05:00
Entzun

Nafarroako Klimaren Aldeko Aliantzako kideek bete egin dute joan den maiatzean iragarritakoa: Nafarroako Gobernuak orduan bidalitako errekerimenduari erantzun ez dioenez —Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuari bidali zioten—, auzitara jo dute, eta gobernuaren aurkako salaketa jarri dute 2022an onartutako Klima Aldaketarako eta Energia Trantsiziorako Legea ez betetzeagatik. Zehazki, ekologistek Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegira jo dute. Urriaren 29an aurkeztu zuten helegitea.

Maiatzean, Klimaren Aldeko Aliantzako abokatuek gobernuak bete ez dituen 28 auzi jaso zituzten zerrenda batean. Nafarroako Gobernuko agintarien jarrera «axolagabea» dela berretsi dute orain aliantzako kideek, eta salatu dute gobernuko agintariek jokatzen dutela klima aldaketa «errealitate bat» dela sinetsiko ez balute bezala. Ekologistek gogoratu dute herrialdeko gobernuak eta Nafarroako Parlamentuak klima larrialdiaren deklarazioa egin zutela, 2019. utean, eta larrialdi horri erantzuteko eskatu diete gobernuko arduradunei.

«Denbora kontra dugu», nabarmendu du Greenpeaceko eta Nafarroako Klimaren Aldeko Aliantzako kide Lorea Floresek, Iruñean, urriaren 31n Geltokin egindako agerraldian. Zehaztu du aliantzan bat egin duten talde ekologistentzat Nafarroako klima aldaketarako legea ez dela arazo ororen konponbidea, baina abiapuntu bat dela erran du: «Administrazioak desazkundearen alde egiteko garaia da, modu ordenatu, adostu eta bidezko batean».

Egokitzeko plan bat

Aliantzako kide Rafa Aldaik joan den astean Valentzian (Herrialde Katalanak) gertatu zena aipatu du, klima aldaketaren auziari heltzeko «premiaz» ohartarazteko. 217 pertsona zendu dira —azaroaren 6ko datu ofizialen arabera—, uholdeen ondorioz. «Nafarroak ez du klima aldaketara egokitzeko inolako ekintza planik, eta ezinbertzekoa da gisa horretako plan bat egitea», erran du Aldaik. «Plan bat behar dugu, eta hori garatzeko eta gauzatzeko baliabideak, plana benetan eraginkorra izan dadin», erantsi du.

«Administrazioak desazkundearen alde egiteko garaia da, modu ordenatu, adostu eta bidezko batean»

LOREA FLORESNafarroako Klimaren Aldeko Aliantzako kidea

Baliabideei buruz, hain zuzen, Aldaik salatu du Nafarroako Gobernuak ez zuela gastatu 2023rako Klima Aldaketarako Herritarren Batzarrerako zehaztutako diru saila. Klima aldaketarako legeak jasotzen du batzar hori osatzeko aukera. Era berean, Nafarroako Klimaren Aldeko Aliantzako kideek salatu dute gobernuak ez duela herritarren parte hartzea bermatzeko urratsik egin, eta murriztu egin duela batzar horretan aritu behar dutenen kopurua. Hasierako asmoa zen 50 pertsonak osatutako batzar bat egitea, baina Nafarroako Gobernuak, azkenean, 30 kidek osatutako batzar bat antolatzea erabaki du.

Auzitara jotzeko urratsa egin eta gero, Klimaren Aldeko Aliantzako kideek nabarmendu dute aliantzan bat egin duten herrialdeko talde ekologistak ez direla gobernua klima aldaketari aurre egiteko «zerbait» egitera premiatu duten bakarrak: «Nafarroako Arartekoak ere, bere kabuz, ebazpen bat onartu zuen, irailaren 24an, eta Nafarroako Gobernuko Ingurumen eta Landa Garapen Departamentuari eskatu dio susta eta indar dezala Nafarroako Klima Aldaketarako eta Energia Trantsiziorako Legea garatzeko eta araudiak osatzeko lana», ezagutarazi du Aldaik.

Klimaren Aldeko Aliantzak garbi erran du auzitara jo eta gero hasi duten prozesua «luzea eta garestia» izanen dela. Hori dela eta, diru bilketa bat jarri dute martxan, Goteo.org webgunean. Herritarrak parte hartzera deitu dituzte; klima aldaketaren aurrean «erabaki argiak» hartzeko garaia dela berretsi dute, eta segituko dutela aldarrikatzen Nafarroako Gobernuak ardura hartzeko ordua dela.

Mendi martxa bat, zundaketen kontra 

Stop AHT Zundaketak plataformak mendi martxa bat egin zuen joan den asteburuan, Iturmendi eta Bakaiku artean, abiadura handiko trenaren obrentzat zundaketak egiten hasi direla salatzeko. Urriaren 24an egin zituzten lehendabiziko zundaketak, Otxobin (Itza). Stop AHT Zundaketak plataformako kideek salatu dute udalak ez zuela zundaketen inguruko inolako jakinarazpenik jaso. 

Stop AHT Zundaketak plataformako kideek agerraldi bat egin zuten, urriaren 30ean, Etxarri Aranatzen, egoera salatzeko; herri horretako eta Itzako alkateek parte hartu zuten, AHTaren aurkako bertze hainbat eragilerekin batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.