Harri jasotzailea

Estefania Etxebeste Giraldo: «Kirola izateaz gain, denetan laguntzen dizu harri jasotzeak»

Euskal Herriko txapeldunordea da Estefania Etxebeste Giraldo harri jasotzailea. Duela urtebete hasi zen harri jasotzen, eta lehen aldiz parte hartu du lehiaketa horretan.

(ID_14383999) (Gorka Rubio/@FOKU) 2024-10-28, Orio. Estefania Etxebeste harri jasotzailea
Estefania Etxebeste harri jasotzailea, urriaren 28an, Orion (Gipuzkoa), Joseba Ostolaza Harri Eskolan. GORKA RUBIO / FOKU
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2024ko azaroaren 11
05:00
Entzun

Estefania Etxebeste Giraldo Estefi (Ituren, 2002) iazko urrian hasi zen harri altxatzen. Familian ez du herri kiroletan aritzen den bertze inor, baina jaso du senideen eta lagunen babesa. «Esker oneko» da Etxebeste. Euskal Herriko harri-jasotze txapelketan bigarren postua lortu du berriki, urriaren 19an, Mungian (Bizkaia). Euskal Herriko lehen txapelketa zuen. Joseba Ostolaza Harri Eskolan entrenatzen da, Orion (Gipuzkoa).

Lagunen opari bati esker hasi zinen harri jasotzen. Nola izan zen?

Nire urtebetetzerako sorpresa izan zen. Lanean nengoen, eta lagun batek erran zidan Oriora joan behar genuela. Uste nuen hura zerbaitetan laguntzeko zela, baina azkenean kontua zen arratsaldean Ostolazarekin egotekoak ginela, harriak jasotzen erakusteko pixka bat.

Ilusioa piztu zizun?

Bai, izugarrizko ilusioa. Aspalditik egin nahi nuen, baina ez nintzen ausartzen pausoa neure kabuz ematera. Lagunei esker hasi nintzen.

Nolako harriekin hasi zinen?

75 kiloko zilindroarekin. Berez, txikiago batekin hasi nintzen, baina ikusi zutenez aise egiten nuela, 75 kiloko zilindroa utzi zidaten. Gero, bola ere probatu nuen.

«Aspalditik hasi nahi nuen harri jasotzen, baina ez nintzen ausartzen pausoa neure kabuz ematera»

Zu zeinekin ibiltzen zara erosoen?

Gehien gustatzen zaidana zilindrikoa da. Kuboa ere bai, baina teknika behar handiagoa dauka, eta ikasi beharra dut oraindik.

15-16 urteren bueltan hasten da jendea harri jasotzen. Uste duzu heldutasunak lagundu dizula zer nahi duzun argiago izaten?

Bai. Mundu honi ez nion begiratzen, eta ez nekien zer marka zeuden. Orain badakit prestatuz gero garaiz naizela marka batzuk hobetzeko. Adinarekin, gehiago ezagutzen duzu zeure gorputza, eta badakizu noraino ailegatzen ahal zaren. Entrenatzaileekin solastatu, eta zeure kabuz erabaki dezakezu. Bestela, gurasoen eragina gehiago sumatzen da.

Zure familian ez dago inor herri kiroletan aritzen denik. Nola bizi du familiak?

Hasieran aitak eta amatxik ez zuten argi ikusten. Ikusten zuten aise min hartzen ahal nuela, eta ez ziren hagitz konbentzituak. Orain, ikusten dutenez gustura nagoela eta asko aldatu didala nire bizitza pertsonala, kontent daude, eta egiten dudana babesten dute. Kirola izateaz gain, denetan laguntzen dizu harri jasotzeak.

Ama zenari eskaintzen dizkiozu harri jasotzeak. Indarra ematen dizu?

Ezin izan dut harekin denbora asko egin, eta egiten dudan guztia hari esker da. Azkenera arte hagitz borrokalaria izan da.

Debuta Iturenen egin zenuen, zure herrian. Etxean izanik, goxoago edo urduriago zeunden?

Inauteriak zirenez, sei eguneko parranda egin nuen. Orduan, ez nekien nola aterako zen. Urduri nengoen, jendea ni plazara ateratzeko esperoan baitzegoen; hortaz, gogoz eta urduri. Behin aterata, etxean bezala, eta inoiz baino hobeto.

Ehun kiloko harri zilindriko batekin ahalik eta altxaldi gehien egin nahi zenituen maiatzean. Hamar altxaldi egin zenituen hiru minutuan. Zergatik helburu hori?

Josebak eta Imanolek [Ostolaza] nahi zuten eskolako batzuek marka batzuk hobetzea. Solastatu ginen, eta ikusi genuen hori zela onena hobetzen saiatzeko. Orduan, horretarako prestatu nintzen.

Nolako eguna izan zen?

Nahiko berezia. Lagun batekin asteburu-pasa joan nintzen Zarautzera [Gipuzkoa], eta biharamunean Aian [Gipuzkoa] marka egin beharra genuen. Lagunarekin joan nintzen, baina baziren beste lagun batzuk, familia... Jende pila bat joan zen.

Eta Euskal Herriko harri-jasotze txapelketan bigarren izan zinen, urrian. Nola ikusi zenuen zeure burua?

Ongi. Oso gustura, egia erran; ez nuen espero bigarrena gelditzea. Gainera, aurkari gogorrak zeuden. Duela gutxi hasi naizenez, uste nuen laugarren geldituko nintzela.

Zer erronka dituzu orain esku artean?

Erakustaldiak eta txapelketak dauzkagu. Urte amaieran Kolonbiara joanen naiz, amaren familiarengana. Bueltatzen naizenean, ikusiko dugu zer erroka edo marka egin. Orain, ez dakit.

«Adinarekin, gehiago ezagutzen duzu zeure gorputza, eta badakizu noraino ailegatzen ahal zaren»

Askotan nabarmentzen dute harri jasotzaileen artean emakumezko nafar bakarra zarela egun. Horrek indartzen zaitu, zamatu edo, beharbada, nekatu?

Ez dakit hori ere hala den. Gaur gauza bat erraten dute, eta gero beste batzuek diote ez dela horrela. Askok galdetzen didate ea zeri deitzen zaion harri jasotzaile: behin harria jaso duenari, txapelketetan dagoenari edo nori? Euskal Herriko Txapelketan Nafarroako bakarra ni nintzen. Egia erran, ez dakit ongi zer erran; nik nire bidea egiten dut. Gustatuko litzaiguke Nafarroan emakume gehiago izatea.

Oraindik oso maskulinizatuta dago kirol hori, ezta?

Beti erraten da mutikoek indar handiagoa dutela, baina horrek ez du esan nahi emakumeak aritu ezin garenik edo gutxiago garenik. Bakoitza bere mailan aritzen da, eta bakoitzak daukan guztia ematen du. Zaila da, baina uste dut pixkanaka ari garela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.