Kantatzeko doinua eraldatzen

«Pozik» eta «sendotuta», berrogei urteren langa pasatu du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Hezkuntza programa «egonkortu» eta zabaldu, plazak sustatu eta bertso saio berriak sortu nahi dituzte elkarteko arduradunek hemendik aurrerako bidean.

(ID_17131724473475) 2011ko Nafarroako Bertso Txapelketa.
Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatutako Nafarroako Bertsolari Txapelketako saio bat, 2011. urtean. NAFARROAKO BERTSOZALE ELKARTEA
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2024ko apirilaren 21a
05:00
Entzun

Bide luzea urratu du Nafarroako Bertsozale Elkarteak transmisioaren bidean. Elkarteak berrogei urte bete ditu, eta hango lehendakari Nerea Bruñok nabarmendu du «pozik» eta «sendotuta» daudela: «Euskarari lotuta dagoen edozein elkarterentzat berrogei urteren langa pasatzea pozgarria da, gutxienez. Horregatik, Nafarroan zein beste lurraldeetan langa pasatu dugula edo pasatzen ari direla ikustea elkarte sendo baten seinale da». Bide luzea dute oraindik, eta erronka asko dituzte esku artean; hala nola hezkuntza programa «egonkortzea» eta Nafarroa osora zabaltzea, plazak sustatzea eta galdu diren bertso saioak berreskuratzea eta berriak sortzea. 

Bertsolariak saretzeko «beharretik» eta «indarretik» sortu zuten elkartea, bertsolariek ez zutelako elkarren artean ezagutzen. Lontxo Amuruza eta Mikel Bujanda izan ziren besteak beste elkartearen sortzaileak. «Denak gizonak», nabarmendu du Bruñok. Orain arteko bidea egiteko borondatezko lana «ezinbestekoa» izan da: «Beti izan ditugu traba ekonomikoak, eta bereziki zailak izan diren urteetan beste lurraldeei laguntza eskatu behar izan diegu». Gaur egun, berrehun bazkide inguru dituzte. 

Saretzeaz gain, euskararen transmisioa bultzatu nahi dute elkartearen bidez: «Euskara orain osasuntsu ez badago eta debekuak baditu, pentsa elkartea sortu zenean. Gainera, egoera soziopolitikoa oso konplikatua eta bortitza zen». Horregatik uste du, Nafarroan bereziki, euskara hutsean egiten diren horrelako egitasmoak «oso garrantzitsuak» direla euskararentzat eta euskal kulturarentzat: «Bertsolaritzak mugitzen duen jendea halabeharrez euskalduna da. Hortik kanpo oso gauza gutxi egiten dira euskara hutsean». 

Gogoetarako tresna

Euskara zabaltzeaz gain, bertsolaritzak hausnartzeko bide berriak irekitzen dituela nabarmendu du Bruñok: «Gaur egun, dena irudietan eta azkar jasotzen dugu, eta mikrofono eta ahots batek horrelako hausnarketak bultzatzea magikoa izan daiteke». Horrekin batera, jende andana mugitzen du eta maila «bikaina» da. «Bertsolaritza momenturik onenean dagoen seinale da».

«Euskara orain osasuntsu ez badago eta debekuak baditu, pentsa elkartea sortu zenean. Gainera, egoera soziopolitikoa oso konplikatua eta bortitza zen».

NEREA BRUÑO Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakaria

Gaineratu du feminismoak «ekarpen handia» egin diola bertsolaritzari. Izan ere, feminismoak beste ikuspegi batzuetatik begiratu die bertsolaritzari eta bizitzari, eta sortutako iruditegia, gaiak eta beste aldatzen ari dira. «Duela oso gutxi arte bertsolaritza guztiz maskulinizatua zegoen, eta oso urte gutxitan irauli egin da ia dena. Asko egiteko dagoen arren, honek ez du atzera-bueltarik».  

Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatutako Eskolarteko sariketa, 2009an. NAFARROAKO BERTSOZALE ELKARTEA
Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatutako Eskolarteko sariketa, 2009an. NAFARROAKO BERTSOZALE ELKARTEA

Urteekin ere gaiak aldatu direla uste du. Orain gutxi arte, beharra zegoenez, gai asko Euskal Herriko gatazka politikoari lotuta zeuden: «Ez diot zentzu txarrean, baina gatazka politikoak asko monopolizatzen zuen bertsolaritzaren gaitegia». Feminismoari esker ere beste ahots eta gorputz batzuek hartu dituzte plazak, eta horiek «hankaz gora» jarri dute bertsolaritza, eta beste gai batzuk plazaratu dituzte. «Pertsona askok berriz kokatu behar izan dute euren burua, eta batzuek jakin dute nola egin, baina beste batzuek ez, edo ez dute nahi izan». 

Askotariko egitasmoak 

Transmisiora bidean egitasmo asko antolatzen dituzte; hala nola Nafarroako Bertsolari Txapelketa, Nafarroako Bardoak eta bertsolaritza-irakaskuntza programa. Herrialdeko txapelketari dagokionez, «momentu gorenean» dagoela nabarmendu du Bruñok: «Lehiaketa bat denez, bestelako atxikimendua lortzen du, eta horrek ikusgaitasun handiagoa ematen digu». Horrez gain, beste txapelketarik ere bada; adibidez, Nafarroako Eskolartekoa: «Plaza probatzen hasteko aukera bat da». 

Txapelketa batzuk indartuta dauden arren, beste batzuk ez daude horren bizi; esate baterako, Bardoak. Nafarroako Bertsolari Txapelketa egiten ez den urteetan egiten da. «Oso ageriko geratu nahi ez duten bertsolarientzat izaten da». Hasieran, zenbait fase egiten zituzten, eta amaieran finala, baina gaur egun asteburu bakarrean egiten da. «Barne prozesu bat egin behar dugu ikusteko jarraitu nahi dugun ala ez, eta nola egin nahi dugun», azaldu du.

«Oso ageriko geratu nahi ez duten bertsolarientzat izaten dira Bardoak. Barne prozesu bat egin behar dugu ikusteko jarraitu nahi dugun ala ez, eta nola egin nahi dugun». 

NEREA BRUÑO Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakaria

Bertsolaritza hezkuntzako programari esker bertsolaritza txertatzen ari dira eskoletako gaitegietan, eta elkarteko lehendakariak nabarmendu du «dibertigarria» dela eta gazteei hausnartzen laguntzen diela: «Bertsolaritzari esker, gazteek euskara maila pila bat hobetzen dute hasieratik, eta euskaraz sozializatzen dute; azken finean, euskaraz sortzen ditugun harremanak euskaraz mantentzen ditugu». Horregatik, hori sustatzea dute helburu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.