Jakintza handitzeko asmoz

Hezkuntzak ijito herriaren historia eta kultura ezagutzeko materialak prestatu ditu. Euskaraz eta gaztelaniaz prestatu dituzte, Nafarroako eskoletan banatzeko.

Nafarroako Parlamentuak joan den apirilean herrialdeko ijito elkarteetako ordezkariei egindako harrerako irudi bat. MIGUEL OSES / NP
Nafarroako Parlamentuak joan den apirilean Iruñean herrialdeko ijito elkarteetako ordezkariei egindako harrera. MIGUEL OSES / NP
Ane Etxandi.
Iruñea
2024ko urriaren 27a
05:00
Entzun

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak ijito herriaren inguruko hezkuntza materialak eta liburu bat prestatu ditu, herrialdeko eskoletan banatzeko asmoarekin. Euskaraz eta gaztelaniaz osatu dituzte testuak.

Bruno Jimenezek prestatu ditu hezkuntza materialak. Casedako Francisco Javier Saenz de Oiza ikastetxe publikoko zuzendaria da Jimenez, eta 21 jarduera bilduma atondu ditu, Haur eta Lehen Hezkuntzan txertatzeko. Helburua, ijito herriaren historia eta kultura ezagutzea, eta, hala, ezjakintasuna eta aurreiritziak amaitzea. Haur eta Lehen Hezkuntzarako bideratu dituzte soilik, baina asmoa da, etorkizunean, Bigarren Hezkuntzara ere zabaltzea. Materialekin batera, liburu bat aurkeztu dute: Los errores de la humanidad a través de los tiempos (Gizateriaren akatsak historian zehar). Juan Ramon Hernandezek idatzi zuen, aspaldi, eta orain berreskuratu eta moldatu egin dute.

Materialak eta liburua egiteko egitasmoa Europako Batasunak emandako aholkutik etorri da. EBk estatu kideak estutu zituen eskoletan ijito herriaren inguruko programazioa erants zezaten. Ondorioz, 2019an, Nafarroako Gobernuak material didaktiko hauek sortzeko lantaldea osatu zuen.

Eskolaratzea helburu

Materialek hiru xede nagusi dituzte. Lehenengoa, ikasle ijitoen eskolaratze osoa lortzea. Jimenezek azaldu du egoerak hobera egin duela, baina lana geratzen dela oraindik ere: «COVID-19aren osteko garaia izan zen okerrena. Aurretik absentismo handia zegoen, baina pandemiaren ondoren, ikasgeletara itzultzeko beldurra hauteman genuen». Oraindik ere absentismoa badela adierazi du.

Bigarren helburua, eskola arrakasta lortzea da. Aurreko xedeari lotuta, eskolaratzearekin batera, nahi dutena da ijitoek ikasketa maila gero eta handiagoak eskuratzea. Irakasleak kezkaz adierazi du beste Espainiako Estatuko erkidegoetan geroz eta gazte gehiagok eskuratzen dituztela titulazioak, baina Nafarroa atzean geratzen ari dela.

«Badakit ez dela makilatxo magiko bat, arazo guztiak konponduko dituena, baina ikusgarritasuna emateko balio badu, behintzat, ni pozik egongo naiz»

 BRUNO JIMENEZ Irakaslea

Azkenik, herri ijitoak dituen balioei eta kulturari ikusgarritasuna eman nahi diete. Askotan, ezjakintasun hori ijitoengandik eurengandik dator. Jimenezek uste du kezkagarria dela ijitoek euren historia ez ezagutzea, eta, beraz, egitasmo lagungarria izan daitekeela ezjakintasunari irtenbidea emateko. «Badakit ez dela makilatxo magiko bat, arazo guztiak konponduko dituena, baina ikusgarritasuna emateko balio badu, behintzat, ni pozik egongo naiz».

21 ikasmaterial prestatu ditu: hiru Haur Hezkuntzan ezartzeko, eta hemezortzi, Lehen Hezkuntzarako. Indarrean dagoen araudira egokitu nahi izan du, eta alderdi praktikoan sakondu. Ikasegoera bakoitzak justifikazio bat dauka, eta jarduera bilduma batekin dator. Jarduera bakoitzari lotuta bideoak, ipuinak, testuak eta irakaslearentzako materiala dago. Gai ezberdinak jorratuko dituzte: horien artean, familia, ekonomia, kultura aniztasuna eta historia. Bi urtean behin landuko da gai bakoitza; edukia pixkanaka handituz joango da, eta haurrak, haziz doazen heinean, sakonduz joango dira.

Lanak berreskuratu

Materialak prestatzen ari ziren bitartean, argitaratu gabeko lanak berreskuratzea eta publikatzea otu zitzaien. Jimenez segituan oroitu zen Juan Ramon Hernandezekin. Bere lehengusu batzuen aitona zen, eta beti geratu zitzaion liburua argitaratzeko gogoa. Lanean hausnarketa egiten du 1980ko hamarkadan, gizarteak ijitoen inguruan zeukan iritziaren inguruan. 36ko gerra garaian bizi izandakoaren inguruan ari da, eta nolako etorkizuna espero duen iragarri egiten du. «Gaur egungo egoerari dagokionez, gauza askotan asmatu zuen Hernandezek. Oso irakurterraza eta interesgarria da. Ijito herriaren benetako balioak azpimarratzen ditu», esan du Jimenezek. Irudiak prestatu dituzte testuarekin batera txertatzeko.

Ikasturte honetan bertan iritsiko dira materialak eta liburua eskoletara. Maketazio prozesuan daude orain, baina uste dute urte amaiera baino lehenago prest egongo dela. Materiala formatu fisikoan banatzeaz gain, formatu digitalean ere prestatzen ari dira.

Jimenezek salatu du askotan eskoletan lantzen diren gaiak asko urruntzen direla ikasleen errealitateetatik, eta haien gertuko kezkak eta bizipenak ez direla ikasgaietan islatzen. «Ikasleen %20 ijitoak diren gela batean, adibidez, inuiten lan bat egitea tokatzen zaigu. Ondo dago horren inguruan ikastea, baina, agian, hobe litzateke lehenago gure ondoan ditugun kultura guztien inguruan ikastea eta gizartean sartzen laguntzea». Integratzearen alde baino gehiago, gizartearen barruan sartzearen alde agertu da Jimenez: «Integrazio hitzarekin badirudi jada baden zerbaitera moldatu behar duzula. Baina guk ez dugu zertan moldatu. Gureak besteenaren balio bera dauka». uste du horrelako proiektuak oso lagungarriak direla, eta espero du materialei esker aurrerapausoak ematea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.