Nagore Eslava
IRITZIA

Jakiak ehuntzen

2025eko urtarrilaren 31
05:05
Entzun

Sormena presiopean loratzen dela entzuten dugu maiz. Bitxia da, baina muturreko egoeretan, dena jokoan dagoela dirudienean, lasaitasun uneetan inoiz imajinatuko ez genituzkeen konponbideak aurkitzeko gai izaten gara. Gure eguneroko bizitzan askotan gertatzen da: egunetan zehar atzeratu ditugun zereginak ordu pare batean konpontzen ditugu erlojuak astintzen duenean. Kaotikoa iruditu dezakeen presazko egoera horrek ia instintiboa den eraginkortasuna pizten du gugan. Presioa ote da gure ideiarik onenak desblokeatzeko behar dugun bultzada?

Pandemia garaiari erreparatzen badiogu, galderari baiezkoarekin erantzungo genioke. Ziurgabetasun orokortu horren testuinguruan, non gure bizitzeko, lan egiteko eta harremanak izateko modua birplanteatu behar izan genituen, gizarte gisa dauzkagun hauskortasunak jarri ziren mahai gainean. Zalantzan jarritako eremuetako bat, beste askoren artean, elikagaien banaketa sistemena izan zen, horien funtzionamendua eta, batez ere, lurralde bakoitzak kanpo faktoreekiko duen mendekotasuna. Zangozako Merindadean, aniztasun geografiko eta klimatologikoari esker elikagaiak ekoizteko ahalmen izugarria duen eskualde batean, ezinbesteko hausnarketa sortu zen horren harira, eta hala jaio zen egun bizirik dirauen Jakiak ehuntzen izeneko proiektua.

Pertsona konprometituek, tokiko udalek eta Cederna Garalur ekintza taldeak bultzatuta, Jakiak ehuntzen ekimenak bertako ekonomiari protagonismoa itzuli nahi dio, hurbilekoaren aldeko apustua egiten duen elikadura sistema baten bidez. Hala, herritarroi gertuko produktuak eskaintzeaz gain, landa garapena, ingurumenaren zaintza eta biztanleen sustraitzea indartzen ditu.

Pirinioetan, Pirinioaurrean eta Zangozaldean kokatzen da tokiko ekoizpenari balioa ematen dion sare hau, eta, osotara, Merindadeko 57 udalerritako ekoizleak, dendak eta kontsumitzaileak batzen ditu. Erronkariko Txarpa marmelada, Otsagabiko Kaiolar gazta, Burgiko Xorta garagardoa eta Arripodasko txitxirioak dira, besteak beste, kalitatea eta hurbiltasuna eskutik joan daitezkeen erakusle.

Proiektuak sustatzen dituen merkaturatze bide laburrei esker, produktuak gure eskuetara iristen dira zuzenean

Sare logistiko bat diseinatu eta martxan jarri da tokiko produktuen banaketa bermatu eta inguruko saltoki txikietarako, jatetxeetarako edota establezimendu turistikoetarako sarbidea errazteko. Proiektuak sustatzen dituen merkaturatze bide laburrei esker, produktu horiek gure eskuetara iristen dira zuzenean, eta, hala, bitartekariak eta ingurumenean eragin dezaketen kaltea murriztu.

Ekimen honek oroitarazten digu nola askotan ideiarik onenak presiopean sor daitezkeen, eta nola etengabeko ahaleginari eta lankidetzari esker errotzera heldu ahal diren. Egoera konplexu baten erreakzio gisa hasitako zerbaitek egonkortasuna lortu du Zangozako Merindadean; tokiko ekonomiari eutsiz, komunitatea indartuz eta etorkizun jasangarri baten aldeko apustua eginez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.