Jaki Toki: jakiz jaki, auzo bat eraikitzen

Despentsa komunitario bat bainoago, «familia bat» da Iruñeko Txantreako Jaki Toki. 150 boluntarioz osaturiko taldeak ia 50 familiarentzako elikagai sortak prestatzen ditu, hamabost egunetik behin. Duela hiru urte jarri zuten martxan.

 Iruñea. Txantreako jaki Toki proiektua
Iruñeko Txantrea auzoko Jaki Tokiko Felipe Castell eta Dennis Causil, proiektuko bertze kide batekin, Auzotegi elkarteko biltegian, joan den astean. IÑIGO URIZ / FOKU
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2024ko maiatzaren 25a
05:00
Entzun

«Auzo langilea, borrokalaria eta solidarioa». Horrela deskribatzen dute Dennis Causilek eta Felipe Castellek Iruñeko Txantrea auzoa. Jaki Toki despentsa solidarioko kideak dira biak. Duela hiru urte sortutako proiektu bat da, pandemiak eragindako beharren ondorioz sortua. «Jaki toki komunitario bat da, eta helburua da Txantreako bizilagunak laguntzea, auzotarren oinarrizko beharrak asetzea eta familia bat izatea», azaldu du Causilek. Guztira, 150 boluntario ari dira proiektuan lanean, eta ia 50 familia hartzen dituzte.

Auzotik auzoarentzat egindako egitasmo bat da, eta dena batzarrean erabakitzen dute. «Auzo bat izateko, Txantrean bizi garen guztiak hartu behar ditugu kontuan; denok osatzen dugu auzoa», esan du Castellek. Urtean bost jaki bilketa egiten dituzte, eta, horrez gain, auzoko eskoletan, liburutegian eta beste leku batzuetan ere jakiak biltzen dituzte. Hamabost egunetik behin banatzen dituzte jakiak, eta aurreko egunean sortak prestatzen dituzte. «Ez dugu nahi jendea soilik jakien bila etortzea: lasai egoteko eta entzunak izateko toki bat izatea nahi dugu. Egitasmo batzuetan oso ohikoa da jakiak hartu eta pertsona horien arazoez ahaztea, eta guk ez dugu hori egin nahi», nabarmendu du Causilek.

«Ez dugu nahi jendea soilik jakien bila etortzea: lasai egoteko eta entzunak izateko toki bat izatea nahi dugu». 

DENNIS CAUSIL Iruñeko Txantreako Jaki Toki proiektuko kidea

Proiektura jotzen duten bizilagunen %40 Txantreakoak dira sortzez, eta beste asko, berriz, etorkinak. «Jendea bazterturik geratzen ari da», esan du Castellek. Kolonbiatik Txantreara etorritakoa da Causil, eta, auzoan «erroturik» dagoen arren, azpimarratu du «oso gogorra» dela sorterria utzi eta beste lurralde batean bizitzen hastea: «Zure herrialdea uzten duzunean, egonkortasun emozionala eta ekonomikoa galtzen dituzu, sentitzen duzu ez duzula inor, eta egoerarik okerrenean ikusten duzu zeure burua», kontatu du.

Bestelako premiak

Txantreako Jaki Toki proiektua abiatu zutenean, sustatzaileek ez zekiten ongi nondik hasi eta nola egin; horregatik, Haritu Elkarlaguntza Sarea eta Nafarroako SOS Arrazakeria eragileengana jo zuten laguntza eske, besteak beste. Hasieran elikagaien aferari heldu nahi izan bazioten ere, denborarekin geroz eta arazo gehiago identifikatu dituzte. Hori dela eta, etxebizitza eskubideari, traba burokratikoei eta aisialdirako eremu irisgarrien faltari ere erreparatzen diote egun, Castellek azaldu duenez: «Kobratzen ez diguten abokatuak ditugu, kudeaketa burokratikoak egiteko laguntza eskaintzen dugu, eta saretzeko otorduak egiten ditugu; ez dugu preziorik finkatzen, bakoitzak ahal duena ordain dezan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.