Iruñera iritsi berri nintzela, zezenketa bat ikustera gonbidatu ninduten sanferminetan, eta nik, ez dakit zergatik, onartu egin nuen eta joan egin nintzen. Ziur aski onarpen soziala behar nuen garai hartan, eta ingurukoek zer egin hura egiten nuen nik ere.
Zintzotasunez, inoiz ez ditut sanferminak begi onez ikusi. Sentitzen dut. Hamar urte bizi izan naiz Iruñean eta jai horiek ez naute harrapatu. Batez ere, zezenketek duten arrakastarengatik. Eta badakit festak ez direla zezenketak bakarrik, baina hori ere badira. Zezenketara joan nintzen egun horretan beldurrezko film surrealista batean nengoela iruditu zitzaidan. Tortura hutsa. Gogoan dut momentu batean, zutik nengoela, geldi-geldi, ahoa bete hortz, lagun batek esan zidala: «Lasai, Laura, edan, edan eta mozkortu, ez begiratu, ez egin kasurik». Baina nire arreta guztia sarraski hartan jarrita zegoen, eta ez edariak, ez algarek, ez txarangen musikak ez zidaten adia galarazten. Gogoan ditut odol hariak arean itsatsita, zezenen muturretik zintzilik, oraindik gordea dut haien hil aurreko begirada, haien sufrimendu luzea... Imajina ezazue, zer esango dizuet, zuek nik baino hobeki dakizue eta... Lazturazko ikuskizun hartatik lotsatuta eta haserre atera nintzen.
Kolonbian horrelako sarraskiak ikustetik hurbilen egon nintzen aldia gure etxeko patioan izan zen. Amak oilo bat erosi zuen, berak zaintzen eta elikatzen zuen. Egun batean mahaira pasatuko zuela erabaki zuen. Gogoan dut ikuskizun handia izan zela etxean. Denok geunden begira, eta berari izugarrizko pena eman zion animalia gaixo hura hiltzeak, guri ere bai. Denok uste genuen hura ez zela beharrezkoa, baina behin hasita, ama, bukatu hasi duzuna. Amak lepotik hartu zuen, baina oiloa hegoak eta hankak astintzen hasi zen, eta orduan aitak hegoak eta hankak hartu zizkion. Gainerakook begira geunden, eta geure artean «oilo gaixoa, oilo gaixoa» esaten ari ginen. Amak eta aitak ez zekiten nola egin sufrimendua ez luzatzeko; buruan kolpe bat eman ala lepoa moztu eta odolustu. Azkenean kolpez hiltzea erabaki zuten, eta hala egin zuten, berehala hil zen. Nik begiak eskuekin estali nituen eta kolpe lehorra besterik ez nuen entzun. Gero ikusi nuen ez zituela hankak mugitzen. Lumatzen eta zatikatzen ez nuen parte hartu, baina mahaian beste bazkaltiar bat izan nintzen.
Baina nire arreta guztia sarraski hartan jarrita zegoen, eta ez edariak, ez algarek, ez txarangen musikak ez zidaten adia galarazten
Zezenketek beti ekartzen didate gogora gure etxeko pasadizo hura. Bien arteko aldeak alde, animaliak tratatzeko dugun moduan azaleratzen diren alderdi moral eta etikoak etortzen zaizkit burura. Ez nintzateke itzuliko tradizioen eta jaien izenean zezenak torturatzen diren leku horretara. Ni ez. Oraindik ere horrelakorik egiten segitzeak harritu eta izutu egiten nau. Eta ez dakit nola deitu horri. Ez du izenik. Egun batean itxaropena izan nuen. Pentsatu nuen politikaren bidez horrelakoak gelditzeko aukera bazela. Bai zera! Ze inozentea... Hondarrera ateratzen diren animaliak ez bezala, Iruñeko zezenketak bizi-bizirik daude.