«Aizu, zer daukat? Zergatik nago bizirik, hala ere?» abestu zuen Nina Simonek, Eunice Kathleen Waymonek, duela 56 urte, jakin gabe edo, agian, jakinda, hortik aurrera mugak zeharkatu eta otzantasunari aurka egiteko goiburuetako bat izanen zirela bere hitzok.
Neguari edo bizi ari garen delakoari hilabete eta erdi geratzen zaion honetan, Hego Euskal Herriko intsumisoen garaipenaren 22. urtemuga izan da; izan ere, 2002. urtean, Espainiako Gobernuak derrigorrezko zerbitzu militarraren eta Ordezko Zerbitzu Sozialaren kontrako intsumisioa despenalizatu zuen.
Neguari hilabete eta erdi geratzen zaion honetan, 29 urte bete dira Jon Sarasua intsumiso eta bertsolariak, Oskorri bidelagun, Insumisoarena kanta plazaratu zuela. 29 urte jada, errealitatea hartu eta eginiko adierazpen naturala zen hark, natural sentitzen dut egiten dudana…, naturaltasunarekin batera, gurean betikotasuna lortu zuela.
Derrigorrezko zerbitzu militarrari eta Ordezko Zerbitzu Sozialari uko egin nahi izateak, hainbat borroka ildo ezberdin hartu zituen bere baitan, eta horren erakusle izan ziren, Euskal Herrian, mugimendu intsumisoari ekin eta intsumisioa aurrera eraman zuten 20.000 gazte horiek.
Dena dela, orduko arrakasta eta jarraipena memoria kolektiboaren parte izatera igaro da. Errealitatea eta haren funtzionamendua hain azkar eraldatzen diren urteotan, ikus-entzunezkoak baina batik bat elkarrizketak eta kontaketak biltzea bihurtu da hura, betikotasuna irabazi zuen aldarrikapen hura, orainera ekartzeko modua.
«Natural sentitzen dut egiten dudana», idatzi eta kantatu zuen Sarasuak. Era horretara, izan zituen hitz horiek berezko, euskaraz, ez baita harritzekoa kantatutako naturaltasunaren kontzeptu hori euskaraz abesten ari zela aipatzea.
Ordea, askotan, gure errealitatea bestelakoa da; askotan, hizkuntzari begira, sentitzen baitugu artifizialtasun bat, bai eta berezkotasuna ukigaitza den irudipena ere.
Ordea, askotan, gure errealitatea bestelakoa da; askotan, hizkuntzari begira, sentitzen baitugu artifizialtasun bat, bai eta berezkotasuna ukigaitza den irudipena ere. Horrelako sentsazio, pentsamendu eta jarrerek, honezkero, ez naute harritzen. Nolanahi ere, horiek ekiditeko, gure izatea zalantzan jartzen duten jarrerak, bai kanpokoak, baita barrukoak ere, desegituratu behar direla uste dut. Dena dela, ez nau harritzen azkenaldian norbaitek bere burua zalantzan jarri badu, bere euskalduntasuna naturala sentitu ez badu; areago, azkenaldian batzuek euren diskurtso euskarafoboetan sartu eta horien eduki bihurtu gaituztenean; are gehiago, euren eraso zein diskurtsoetan zeinen erraz sartzen gaituzten atzemanda.
Hilabete baten buruan, gurekiko duten pertzepzioa inolako lotsarik gabe azaleratu dute hainbat herri nafarretako instituzioetako zenbait partaidek. Epe laburrean, euskaldunak bazterrean utzi beharreko zerbait izatetik pribilegiatu batzuk izatera igaro garela eman zuten aditzera Orkoienen; gure hizkuntza isiltzetik hura lotsaraztera iritsi dira Eguesibarren, eta abar.
Neguari hilabete geratzen zaion honetan, berriz ikusi ahal izan da, nahiz eta hamarkadak igaro, gaur egun oraindik hizkuntzaren eta hiztunon berezkotasuna defendatzera behartzen gaituztela. «Natural sentitzen dut egiten dudana eta natural egin sentitzen dudana»,kantatu zuen Sarasuak; hala ere, bazterreko bide labain honetan, gure hizkuntza babestera behartzen gaituzten sasoiotan, sentitzen dugun hori naturalki egitea hain erraza egiten ez zaigulakoan nago.
Haatik, Nina Simonek esan bezala, «ahoa daukat/ nirea daukat/ neure burua daukat», eta guk guztiok, kasu honetan, euskara ere badaukagu.