Nagore Eslava
IRITZIA

Isiltasunetik urrun

2024ko apirilaren 12a
05:00
Entzun

Duela urte batzuk biral egin zen euskararen edertasuna goratu eta zabaldu nahi zuen Twiterreko (orain X) hari bat. Berezitasun etimologikoei erreparatuta, hainbat hitzen esanahia azaltzen zuen erdaraz. Lehen txioak laztana terminoaren jatorria jasotzen zuen, eta horri amona, ilargi, udazkena eta beste hainbeste batu zitzaizkion. Segur aski, ordura arte askok ez genion euskal hitzen literaltasunari erreparatu.

Minbizia da hitzez hitzekotasun hori gordetzen duten beste berbetako bat. Hitz horren osaketa euskara ez dakien norbaiti azaltzen ariko bagina, esango genioke minaren eta biziaren arteko uztarketaren emaitza dela. Bada, beraz, sekulako pisua duen hitza, berekin konnotazio negatiboa dakarrena eta edonor, entzute hutsarekin soilik, hunkitu dezakeena.

Hilabete bat besterik ez da pasatu lagun bati minbizia diagnostikatu diotenetik. Gaiak gertutik jotzen zaituenean konturatzen zara emozionalki kudeatzeko duen konplexutasunaz eta norberarengan sor ditzakeen arduraz.

Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkarteak plazaratutako datuen arabera, bi pertsonatik batek gaixotasun hau izango du. Mezua zaila da irensten, baina are zailagoa da hurrengoa: «50 urtetik beherakoen tumoreen intzidentziak %79ko igoera izan du azken hiru hamarkadetan».

Halere, badira kezka nolabait apal dezaketen datuak; orain arte egin den ikerketari esker, garaiz diagnostikatzeko bitarteko berriak garatu dira, tratamendu espezifiko eraginkorragoak jarri dira martxan, eta minbizia jasaten duten pertsonen biziraupena %20 handitu da, eta 2030erako %70era heltzea espero delarik.

Egungo intzidentziaren inguruko datuak larritzeko modukoak diren arren, minbizia oraindik sozialki tabua den gai bat da, min ematen diguten errealitateei bizkarra ematea errazagoa baita. Baztertze horrek, ordea, ez digu mesede egiten, gai bat isolatzeak ezjakintasunera eramaten gaituelako, gerora datozen larritasun eta beldur guztiekin. Hala, erraz bete dakioke edonori burua erantzunik gabeko galderez: zergatik minbizia?; zein fasetan?; tratamendua aski izango da?; zeintzuk dira arriskuak?; eta ondorioak?

 

Baztertze horrek ez digu mesede egiten, gai bat isolatzeak ezjakintasunera eramaten gaituelako, gerora datozen larritasun eta beldur guztiekin.

Aldi berean, gogorra da galdera horiek guztiak, albistea jaso berritan, gaixo dagoen pertsonari zuzenean egitea. Baina gaia arrotza da guztiontzat, bai lehen pertsonan bizi duenarentzat, bai eta pertsona horrek alboan dituenentzat ere.

Aurrekoan bera izan zen hizketarako tartea ireki zuena: «Edozein kezka baduzue, bota lasai». Hor geratu zen argi alde bien hitz egiteko beharra. Bera jabetu baita ingurukoon urduritasunaz, berea propioa kudeatzen duen bitartean.

Eskertzen da halako egoera baten aurrean, kostatuta, naturaltasunez aritzea; eufemismorik gabe eta markatutako isiltasun horretatik urrunduta. Izan ere, barreneko korapiloak askatzeko

lagungarri da partekatzea, harremanen (literaltasunari helduta, hartu-emanen), elkarrekikotasun horri eustea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.