Iruñeko Comedias karrikako Elkar liburu dendak badu zer ospatu: berrogei urte bete ditu Alde Zaharrean. «Ez da gutxi!», nabarmendu du Pablo Abarzuza arduradunak. Liburu saltzaileen familia bateko kide da Abarzuza: Comedias karrikako Elkar dendako lehendabiziko arduraduna izan zen haren anaia Patxo Abarzuza; Marcela Abarzuza, berriz, lehengusina dute Abarzuza anaiek; Comedias kaleko dendan lanean aritu zen Marcela Abarzuza, hain zuzen, Iruñeko San Domingo karrikan Abarzuza liburu denda ireki aurretik. Pablo Abarzuza 1990ean iritsi zen Comedias karrikako Elkar dendara, eta, geroztik, liburugintzaren esparruan gertatu diren aldaketen lekuko izan da Iruñeko Alde Zaharreko egoitzatik.
«Berrogei urte bizitza oso bat dira», erran du Pablo Abarzuzak. Gorabeheraz betetako bidea egin du orain arte Elkar dendak Iruñeko Alde Zaharrean, eta Abarzuzak azpimarratu du «pozgarria» dela «zutik» egotea oraindik; izan ere, liburu dendak hainbat krisi gainditu behar izan ditu azken berrogei urteotan. Teknologia berriek eragindakoa izan da horietako bat, anitzek iragarri baitzuten liburu elektronikoak betiko bazter utziko zuela papera. «Ez da horrelakorik gertatu, ordea. Zinema sortu zenean ere, gauza bera esan zuten, liburuak desagerraraziko zituela, baina ez zen gertatu».
«Euskal kulturaren alde egitea da gure oinarria, eta hiriburuaren bihotzean egiten dugu hori: oso polita da»
PABLO ABARZUZAIruñeko Comedias kaleko Elkar liburu dendako arduraduna
Liburu elektronikoarekin lehiatzen asmatu du paperezko liburuak, eta pandemiak eragindako krisitik ere onik ateratzea lortu. Koronabirusak eragindako osasun krisiaren garaia ere fresko du Abarzuzak buruan, hain justu, Comedias karrikako liburu dendako kideentzat ez baitzen erraza izan aurrera egitea. Konfinamenduak hutsik utzi zituen karrikak eta dendak, baina etxean egotera behartutako anitzek liburu artean aurkitu zuten behar zuten pizgarria, eta liburuen salmentak gora egin zuen. «Gogoan dut denda barruan egon zitekeen jende kopurua mugatu zutenean atean egoten nintzela, eta penaz aritu behar nuen batzuei eta besteei esaten ezin zirela sartu. Baina jendeak ez zuen alde egiten; kalean gelditzen ziren noiz sartu zain. Polita izan zen jendea sartzeko gogoz ikustea».
Abarzuzak garbi du Iruñeko Alde Zaharrean egoteak «berezi» bilakatzen duela Comedias karrikako Elkar denda. «Erreferente bilakatu gara; euskal kulturaren alde egitea da gure oinarria, eta hiriburuaren bihotzean egiten dugu hori: oso polita da gure hizkuntza, gure gauzak hemen lantzea». Abarzuzak liburu artean eman du bizitza osoa: afizioa eta ofizioa uztartu ditu, eta erantsi du horrek «betetzen» duela. Badaki beharra balu bertze nonbaiten aritu beharko lukeela, baina Pablo Abarzuzak ez du imajinatzen bere burua Comedias karrikako Elkar liburu dendatik kanpo lanean.
Bi solairuko denda
Bi solairu ditu Elkarren Comedias kaleko dendak. Behekoan egiten dituzte liburu aurkezpenak, idazleek eta irakurleek bat egin dezaten horretarako atondutako txokoan. Abarzuzak azaldu du liburu aurkezpenek «asko» ematen diotela dendari, eta egile batzuek Comedias karrikan egin nahi izaten dituztela jendaurreko aurkezpenak, bertze inon baino lehen. Beheko solairu horretan, hain zuzen, Elkar dendaren «funtsa» dagoela kontatu du arduradunak. «Beheko solairuan, patxadaz egon daitezke irakurleak, nahi duten hori bilatzen; Gure gaiak behekoan daude. Bestsellerrak, berriz, goikoan!», zehaztu du, irribarrez. Liburu guztiak «behar» dituztela erantsi du Abarzuzak.
Liburuak ere anitz aldatu dira Elkar dendak bere bidea hasi zuenetik. Liburu elektronikoaren aurkako lehiaren ondorioz, edizioan garapen handia egon da, Abarzuzak aipatu duenez; liburuen itxura aldatu da, eta mamia ere bai. «Duela berrogei urte, adibidez, komiki gutxi izaten genuen; orain, toki nabarmena dute».
Musikak ere izan du tokia Elkar dendan; murriztuz joan da, ordea. «Orain, euskal musika baino ez dugu eskaintzen. Erresistitzeko modu bat da». Berrogei urtez jardun du horretan Comedias karrikako Elkar dendak. Inguruko bertze batzuk itxi dituzte, eta proiektu berriak sortu dira, aldi berean. «Hemen jarraitzen dugu», berretsi du Abarzuzak.