Nagore Eslava
IRITZIA

Iratiren baitan

2024ko maiatzaren 10a
04:55
Entzun

Nafarroako ibairik emaritsuenetariko bat da Irati. Pirinioetako eta Aurrepirinioetako hainbat herri zeharkatzen ditu eta, era batera edo bestera, guztiek bizi izan duten eboluzioaren lekuko isila izan da. Historikoki eman zaion aprobetxamendu industrial eta hidroelektrikoa aski ezaguna da; ez, ordea, bere ertzetan bizi izan diren horien istorio zein bizipenak.

Duela gutxi Iratiren bidea jarraitzen duen liburuxka ilustratu batek argia ikusi du gure zonan: Bidaia Iratira. Bertako emakumeen lorratzak. Ehun orrialde ibaiak inguratzen dituen ibar eta herrietako zortzi kapitulu ezberdinetan banaturik: Zaraitzu, Aezkoa, Orotz-Betelu, Artzibar, Agoitz, Longida, Urraulbeiti eta Irunberri.

Agoizko Kati Leatxe eta Estitxu Larrea ama-alabak dira «koaderno ttipi» honen sortzaileak. Xehetasun txikiena zainduz eta mimo handiz, herriak bisitatzeko gonbita egiten duen lana aurkeztu dute, gurera bisitan datorren kanpotarrarentzat guztiz erabilgarri bilakatu daitekeena eta bertokoarentzat kutsu berezia duena. Lurraldearen aberastasuna testuz, ilustrazioz eta audio bidez ezagutzeko aukera ematen du, eta azken horrek, bereziki, egiten du produktua aparteko.

Genero ikuspegia duen proiektu bat da. Izan ere, kapitulu bakoitzak dagokion herriari lotutako emakume ezberdinen istorioak biltzen ditu eta QR kodeen bidez irakurleari podcastak eskaintzen dizkio. Isilduak eta ahaztuak izan diren emakumeen errelatoak elkartzen dira; bizipenak, kondairak, ohiturak eta bitxikeriak. Gogoratu beharreko lorratzak guztiak.

Katik Irunberriko pasarteari ahotsa emateko proposamena egin zidan eta, hala, Juana de Mongelosen istorioaren berri izan nuen, beste hainbat irunberriarren antzera, seguru asko. Emakume hori sendalaria zen ofizioz eta berari ez zegokion lanbidean, medikuntzan eta kirurgian, aritzeagatik akusatua izan zen. Intrusismoa leporatu zitzaion, baina bizilagunek berarengan zuten fedeak lan egiten jarraitzea baimendu zion (betiere, nola ez, gizon zirujau batek gainbegiraturik). Horra hor XVI. mendeko emakume baten ausardia, gizonek menderatutako espazio batean sartuta eta bere ahalmen eta jakinduria soberan erakutsita.

Eta ausentzia edo ahanztura hori ez da kasualitatea, gailendu den narratibak, ondo dakigunez, ikuspegi androzentrikoari erantzuten baitio

Horrelako arrastoaren berri izateak gure lurraldea hobeto ezagutzeko aukera ematen digu, itzalean utzi den historia baita hau ere. Eta ausentzia edo ahanztura hori ez da kasualitatea, gailendu den narratibak, ondo dakigunez, ikuspegi androzentrikoari erantzuten baitio.

Polita da, beraz, gisa honetako lan batek argia ikustea. Polita da zonako lagun askoren esku hartzea izan duen proiektu bat izatea ere, lankidetzak beti dakarrelako emaitza osatuago bat. Iratiren baitako herrien aberastasun eta nortasunaren funtsezko zati bat pilatzen da liburuxka honetan. Bazter bakoitzean ibaiak duen eraginaz, faunaz eta floraz, mitologiaz, etnografiaz eta, batez ere, bere parte izan diren emakume horien oinazeaz jabetzen gaituena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.