Arrainak, txoriak, hartzak eta zuhaitzak. Naturak toki nabarmen bat du Maria Garcia (Bullas, Murtzia, Espainia, 1984) artistaren diseinuetan. Iruñeko Kale Berriko Escamas dendan saltzen ditu.
Arte Ederrak ikasi zenituenean, duzunaren gisako proiektu bat eginen zenuela uste zenuen?
Ez, ez. Nik, berez, Filosofia ikasi nahi nuen! Orain uste dut arteak lotura estua duela filosofiarekin, artea, finean, pentsamendua baita, munduari so egiteko modu bat. Haurra nintzenean, plastikako eskolak ez nituen batere maite, baina nire mundu propioa garatzeko behar bat sentitzen nuen, eta hori argazkien, testuen edo marrazkien bidez egiten nuen. Gurasoek proposatu zidaten Arte Ederrak ikastea, eta horrela hasi nintzen.
Eroso sentitzen zara artista etiketarekin?
Orain bai. Lehen iruditzen zitzaidan handiegia zela niretzat. Baina etiketa hori desmitifikatu dut orain, eta gustatzen zait. Artista naizela konbentzimenduz erraten dut orain; are gehiago, artista jaio nintzela uste eta sentitzen dut. Hagitz sentibera naiz, eta sortzeko gaitasun handikoa. Hori ezin dut aldatu. Sentitzen dudan hori bideratzeko beharra dut, uste baitut bertzela gaixotuko nintzatekeela.
«Arteak lotura estua du filosofiarekin, artea, finean, pentsamendua baita, munduari so egiteko modu bat»
Erraza da sormena bideratzeko moduak aurkitzea?
Naturala da. Beti adierazi dut nire barruko mundu hori arte plastikoen edo zinemaren edo testuen bidez. Txikitatik gertatu zait hori. Dantzan ere aritzen nintzen, edo antzerkia egiten. Artista orok behar du bere buruarekin bat egiteko bide hori, adierazteko behar hori handia baita.
Behar hori lanbide bilakatu duzu, Escamas proiektuaren bidez. Zer moduz?
Kontent nago. Lanaren esparru horretan produkzioa da oinarria, eta, testuinguru horretan, helburu hartu dut sormenak bere indarra izaten segitzea. Ez da erraza. Hau nire lanbidea da, nire diru sarrera, baina, aldi berean, bada bertzeekin bat egiteko modu bat, eta ez dut esentzia hori galdu nahi. Adierazteko beharrak sustatzen du artea, eta hori ezin dut galdu.
Merkatuak desitxuratzen du esentzia hori?
Nik produktuak egiten ditut. Bertzela, arteaz bizi nahi baduzu, elite batentzat egin behar duzu lan, artea erosteko ahala duten horientzat. Eta hori ez da erraza. Nik beti izan dut argi arteak edonorentzat izan behar duela, eta badela artea demokratizatzeko behar bat. Margolaria margolaria da mihise batean, elastiko batean edo pareta batean margotzen duenean. Arteak denon esku egon behar du. Egiten ditudan elastikoak mihiseen gisakoak dira niretzat. Bakarra eginen banu, garesti saldu beharko nuke; serieak egiten ditut, denen esku jartzeko.
Ilustratzailea zara, bai eta diseinatzailea ere. Artearen eta diseinuaren arteko harremana estua dela uste duzu?
Artearen eta diseinuaren edo artearen eta artisautzaren arteko mugak, nire ustez, ez dira batere sendoak. Bat egiten dute batzuek eta bertzeek. Duela gutxi, artista batzuek eta haiekin lan egiten zuten artisauek osatutako erakusketa bat ikusi nuen [Iruñeko] Ziudadelan. Nire ustez, helburuak bereizten ditu artea eta artisautza. Arteak ideia bat adieraztea du helburu, komunikatzea; artisauak, berriz, ofizio bat du, eta teknikaren erabateko kontrola. Diseinuak ere badu teknika ongi kontrolatzeko beharra. Etiketen arteko mugak, halere, gero eta lausoagoak dira. Nik artistatzat dut neure burua, baina artisaua ere banaiz, teknika ongi menperatzen dudalako.
Murtziatik etorri zinen Iruñera. Zure tokia aurkitu duzu?
Duela bederatzi urte etorri nintzen. Arrosadian aritu nintzen hasieran, bertze artista batzuekin. Gero espazio txiki bat alokatu nuen, baina txikiegia zen, eta Kale Berrira mugitu nintzen. Alde Zaharrean hagitz gustura nago. Anitz maite dut auzoa. Askotarikoa da, eta hori maite dut.
«Artea tresna garrantzitsu bat da gizartea eraldatzeko. Barrura begiratu behar dugu, saiatu, eta jolastu»
Nafarroan daramazun denbora sumatzen da zure obretan eta diseinuetan?
Naturak beti izan du toki nabarmen bat nire obran. Txikitatik sentitu dut natura hagitz hurbilekoa: txorien kantua, eguzkiaren izpiak leihotik sartzen, naturak sortutako itzalak... Escamas izena du nire dendak, eta arrain anitz dago nire obretan. Uste dut Mediterraneoaren eragina sumatzen dela hor. Orain hemen nago, eta sumatzen dela uste dut, bai. Finean, inguratzen zaituenak eragiten dizu, eta orain pagoak ditut inguruan, bertze natura bat, bertze forma batzuk eta bertze argi bat. Tokiaren izaera bera aldatzen da.
Dendan duzu zure tailerra, eta ikastaroak egiten dituzu hor. Nolakoa da bertzeekin sortzeko esperientzia hori?
Sormena lantzea da kontua. Parte hartzaileei teknikak irakasten dizkiet, baina, betiere, errateko duten horri bidea emateko asmoz. Hori da gehien interesatzen zaidana, sormena lantzea. Eta gustatzen zait lan hori. Transmititu nahi dut artea tresna garrantzitsu bat dela gizartea eraldatzeko. Barrura begiratu behar dugu, eta saiatu, eta jolastu. Udaberrirako, hain zuzen, proiektu berri bat garatzen ari naiz, tailerrean esperientziak eskaintzeko: asmoa da talde txikiak antolatzea, eta zenbait orduz nirekin egotea tailerrean, nire lanaren egunerokoa ezagut dezaten eta diseinu propio bat egin dezaten. Jendearekin egotea gustatzen zait, bertzeekin bat egitea. Zuzeneko harremana anitz estimatzen dut, eta ez dut galdu nahi. Uste dut gizartea horren bila ari dela, gero eta gehiago. Esnatzen ari garela, nolabait erranda, eta gizakion arteko bat egiteari gero eta balio handiagoa emanen diogula. Benetakotasuna bilatuko dugula.