Laurogeita hamar erakunde pribatuk baino gehiagok eta Araitzek, Aresok, Goizuetak, Imotzek, Irurtzunek, Larraunek, Leitzak eta Lekunberrik osatzen dute Plazaola Partzuergo Turistikoa. Lekunberriko alkate Arkaitz Goikoetxea (Oiartzun, Gipuzkoa, 1973) hautatu dute presidente. Nabarmendu du aurreko urteetako bide beretik jarraituko duela; besteak beste, Plazaolako bide berdea kudeatzeko asmoz Nafarroako Gobernuarekin hitzarmen bat lortu nahi du, eta identitateari lotutako turismo jasangarria bultzatu.
Zein izanen da Plazaola Partzuergoaren datozen lau urteetarako estrategia turistikoa?
Aurreko legegintzaldian prozesu parte-hartzaile bat egin genuen plan estrategiko bat diseinatzeko. Asmoa da datozen lau urteetan egingo ditugun ekintzak bide beretik joatea. Estrategia turistikoari dagokionez, PSTD Helmugetako Jasangarritasun Turistikoko Planeko diru laguntza kudeatu behar dugu. Horretarako, Plazaola, Ultzama eta Sakana elkarlanean aritzen gara. Hiru eremu horietan proiektuak gauzatzeko bost milioi euroko laguntza bat da. Beraz, lau urte hauetako lana izango da proiektu horiek garatzea eta gauzatzea. Oso lan mardula eta handia.
Zer proiektutan jarri nahi duzue arreta?
Asko dira, eta ez ditut zehatz-mehatz proiektu guztiak ezagutzen. Halere, Leitzan, adibidez, Plazaola trenbidearen ondoan geltokia izan zenaren eraikinak daude, eta proiektuetako bat da eraikin horiek zaharberritzea eta txukun jartzea. Horrez gain, Mendukiloko leizeak hobetzeko zenbait proposamen daude. Gainera, nahiz eta Plazaolaren eremutik kanpo egon, Sakanatik Arabaraino doan bidegorri bat egiteko proiektua ere badago.
Barne funtzionamenduari dagokionez, aldaketarik egonen da?
Bai. Nafarroako Gobernuarekin hitzarmen bat lortu, eta Plazaolako bide berdearen mantentzea noren ardura eta erantzukizuna den erabakitzeko garaia da. Aspalditik dagoen eztabaida bat da.
Nafarroako Gobernuak ardura hori hartzea nahi duzue?
Bai. Lur horiek Nafarroako Gobernuak bereganatu zituen, baina mantentze lana udalek egiten dute. Estrategia turistikoa erdigunean jartzen duenetik beretik, proiektu turistikoa eta azpiegiturak babestu eta mantentzeaz arduratu behar da. Batez ere, gobernuak dituelako baliabide ekonomiko gehien. Plazaola osatzen dugun udalerri batzuk oso txikiak eta baliabidez oso urriak gara.
Oraingoz, udalak arduratzen zarete; zer suposatzen du zuentzat?
Beste zama ekonomiko bat da, baliabide ekonomiko urriekin erantzun behar diegulako beharrei. Gainera, udal bakoitzak ahal duenean egiten dituenez mantentze lanetarako kontratazioak, gerta daiteke bide berdeak ez izatea osotasunik.
Beste aldaketarik egingo duzue?
Plan estrategikoa egin genuenean, gabezia bat identifikatu genuen: ikusi genuen turismo partzuergoak marketin eta komunikazio plan bat behar duela; hau da, irudia eta marka landu behar ditugula. Horretarako, adituak direnekin eta prozesuan parte hartu zutenekin estrategia bat garatu beharko dugu.
Kargua hartu zenuenean azpimarratu zenuen identitateari lotutako turismoa garatuko duzuela. Zer esan nahi duzu horrekin?
Printzipio nagusi batzuk ezarri genituen. Horien artean, Plazaolako eskaintza turistikoa izaerari lotuta egotea; hau da, hizkuntzari, kulturari eta lurraldeari lotutako turismoa egin nahi dugu. Eskaintzen duguna guretik sortua izatea nahi dugu, eta lanbide tradizionalei, industria ondareari, herri kirolei, mitologiari eta Nafarroako Erresumako ibilbideari, besteak beste, erreferentzia egitea nahi dugu. Tokian tokikoa sustatu nahi dugu, eta osotasuna eman.
Zergatik?
Uste dugu beste nonbaiten aurkituko ez duena eskaini behar diogula jendeari. Horrez gain, gustatuko litzaiguke esperientziak eraman dezala jendea ulertzera zergatik garen horrelakoak. Gainera, hemen daudelarik, komunitatearen parte izatea nahiko genuke. Uste dugu hori dela gure aberastasuna eta altxorra, eta, horregatik, kanpokoei zein barrukoei zaintzen erakutsi behar diegula.
«Ibilbide luzea egin dugu, eta partzuergoa errotu eta sendotu da. Ospakizun bat merezi dugu».
Zer-nolako turismo eredua sustatu nahi duzue?
Jasangarritasunaren bidetik jarraitu nahi dugu. Jendeak kritika egiten du kasik lurralde osoa produktu bihurtu delako: etorri, kontsumitu eta joan. Guk ez dugu eredu hori nahi. Euskal Herrira etortzen den jendeak kontzientziaz jokatzea nahi dugu.
30 urte beteko ditu Plazaolak. Ospatuko duzue?
Ibilbide luzea egin dugu, eta partzuergoa errotu eta sendotu da. Ospakizun bat merezi dugu. Espero dugu urte berezia izatea eta egindako lanari balioa emateko aprobetxatzea.
Nola joan da aldatzen partzuergoa?
Erakunde publiko eta pribatuekin handituz joan da. Gure asmoa da legegintzaldi honetan ere ahalegin bat egitea erakunde publiko batzuk erakartzeko. Azkenean, Plazaola inguru baten ordezkari den momentutik, udalerri batzuk barnean ez egoteak esan nahi du indar txikiagoa izatea eta ordezkaritza ez izatea erabatekoa.
Nola erakarri nahi dituzue?
Udalekin bildu nahi dugu azaltzeko zer garrantzi duen partzuergoan egoteak eta zer indar ematen digun. Horrez gain, udalen kezkak eta beharrak entzun nahi ditugu.